AIKO taldea lanera bueltatuko da, eta urritik hasita, aurrez aurreko eskolak ematen hasiko da berriz.
Taldearen proposamenak ordu eta erdiko klaseak izango dira, astero, urritik ekainera, bi mailatan (hastapena eta hobekuntza) eta Euskal Herriko hainbat herritan.
Urte hauetan zehar milaka pertsona ibili dira dantzan, arin-arina, mutildantzak eta jauziak mazurka, polka, habanera edo balsa ikasten, modu presentzialean eta Internet bidez. Azken espazio horretan, zuzeneko dantza klase birtualak eta material didaktikoa arrakastatsuak izan dira, 400 matrikula baino gehiago erregistratu baitituzte azken ikasturtean, “matrikulazioen erdiak Europa, eta Ipar eta Hego Amerikako hogei bat herritan banatutako Euskal Etxeen bidez erregistratu dira”. Non? Bada, Madrilen, Londresen, Habanan, Sao Paulon eta Argentinako dozena erdi bat hiritan praktikatu da, baita Kalifornia, Nevada, Utah, Idaho, Colorado, Rhode Island eta New York estatuetan ere.
Sabin Bikandi AIKOren sortzaileetako baten berbetan, “pandemia hor dagoen arren, guztion artean dantzan jarraitzeko modu berri bat aurkitu dugu, eta baita Internet bidez ezagutzak transmititzeko modu berri bat ere”.
Aikoeskola.eus esperientzia arrakastatsua geratzeko iritsi da, eta aurrez aurreko klaseak babesten jarraituko du. Matrikulan aurrez aurreko klaseak eta bestelakoak www.aikoeskola.eus webgunean dituzue.