Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza zubi

Dokumentuaren akzioak

Dantza zubi

Gaur hasiko dira Dantzaz jardunaldiak Donostian; hiru ikuskizun eta hiru lantegi izango dira

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/02/07

Vivien Ingrams ingelesa da neska, eta Pierre Henrion flandestarra da mutila. Biak dira Ballet Biarritz Junior-eko kideak. Dantzaz izeneko jardunaldietan Ibilaldi ikuskizuna eskainiko du Ballet Biarritz Junior-ek, eta haren puska txiki bat baino ez zuten aurkeztu atzo, Donostiako Gazteszenan: Mozart á 2. Puska eder eta iradokitzailea inondik ere.

Laugarren aldia beteko dute aurten Dantzaz jardunaldiek. Lehen urtetik Egiako (Donostia) Kultur Etxea izan dute ostatu eta hala izango dute aurten ere. Gaur hasi eta igandera artean iraungo dute. Aste betez dantzari «lehentasuna» ematea dute helburu jardunaldiok: «Dantza publikora hurbildu nahi dugu, nahi dugu eraiki zubi bat dantza eta publikoaren artean», nabarmendu du Filgie Claverie Dantzaz elkarteko zuzendariak. Claverieren hitzetan, «dantza arte ezezaguna da oraindik ere». Dantza ikusteko eta obratzeko lema dute aurtengo jardunaldiek: «Ikusteko izateaz gain, praktikatzeko ere bai baita dantza». Dantza oinarri hartuta, denetariko emanaldiak izango dira: hiru tailer edo mintegi, bi ikuskizun eta entsegu publiko bat, hain zuzen ere.

Honako hauek dira Dantzaz jardunaldietan izango diren ikuskizun eta mintegiak.

Ballet Biarritz

Dantzaren tripak erakutsiko ditu Ballet Biarritz dantza konpainia profesionalak, Ballet Mécanique obraren entsegu publikoa egingo baitu. Thierry Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari eta koreografoak sortu zuen lan hori Temps Présent konpainiarentzat, 1996ko abenduan. Musika George Antheil (1900-1959) konpositore estatubatuarrarena da: «Aurreko mende hasierako musika da, oso metalikoa. Industriarekin loturiko musika, Charlie Chaplinen Modern Times filmeko musikaren tankerakoa», zehaztu du Claveriek. Koreografia horretako pasarteak eta konpainiaren errepertorioko beste laburpen batzuk ere proposatuko ditu Ballet Biarritzek entsegu publikoan.

Non. Donostiako Gazteszena.

Noiz. Gaur, 19:00etan.

Ikusleak. Guztientzat.

Prezioa. Doan, leku mugatua.

L'Explose konpainia

Tino Fernandezek sortu zuen L'Expose konpainia Parisen, duela 15 bat urte. Ondoren, Kolonbian eman zion jarraipena. Dantza garaikidea sustatzea eta zabaltzea du xede nagusi konpainia horrek, eta arte adierazpide ezberdinetako artisten topagune ere bada, antzerkia eta dantza uztartzen baitituzte sarri euren koreografietan. Frenesi obra eskainiko dute Donostian. Kolonbiako Dantzaren Sari Nazionala irabazi zuen lan horrek 2006an, eta «arrakasta handia izaten ari da Europan ere», Claveriek azaldu duenez: «Oso talde interesgarria da, eta ahalegin berezia egin dute Donostiara etortzeko».

Lekua. Donostiako Gazteszena.

Noiz. Otsailaren 10ean, larunbata. 20:00etan.

Ikusleak. Guztientzat.

Prezioa. 10 euro.

Ballet Biarritz Junior

Hamar dantzari gaztek -hiru gipuzkoar, hiru katalan, hiru frantses, ingeles bat eta flandestar bat- musikaren eta dantzaren hiru mendetatik 70 minutuko paseo moduko bat proposatuko dute Ibilaldi lanean. Anthony Holborne, Friedrich Burgmuller, Adolphe Adam, Ludwig Minkus, Rimsky-Korsakov, Mozart, Txaikovski eta George Gershwinen musikarekin sei koreografia bildu dituzte Ibilaldi lanean. Christine Grimaldi, Christophe Garcia, Gaël Domenger eta Thierry Mandalain dira lanotako koreografoak. Estreinakoz eskainiko dute Donostian. Etxean ariko dira hala ere, Egiako Kultur Etxea baitute eguneroko lantoki Ballet Biarritz Junior konpainiako gazteek.

Lekua. Donostiako Gazteszena.

Noiz. Otsailaren 11n, igandea, 20:00etan.

Ikusleak. Guztientzat.

Lekua. 10 euro.

Hip Hop mintegia

Nes Sous X konpainia duela 5 urte sortu zen Akitanian, eta hip hop dantza zabaltzea lehenetsi du betidanik, adin guztientzako tailer ugariren bidez. Bere dantzariek esperientzia luzea dute hainbat estilotan, hala nola, popping, locking, new style, bugaloo, crump, jazz-rock edo break-dance. Bi orduko tailerra eskainiko dute, eta dantzariekin batera erakustaldi bat eginez amaituko da.

Lekua. Donostiako Gazteszena.

Noiz. Etzi, otsailaren 9an, 19:00etan.

Ikusleak. 10 urtetik gorako hasiberriak.

Prezioa. 10 euro.

Alexander teknika mintegia

Filgie Claverieren hitzetan, «ez da dantza teknika bat. Postura on bat lortzeko teknika bat baizik». Alexander teknika baliatuz norberaren kontrol kontzientea lantzen da, gizakiak bere duen mugimendu-askatasuna berreskuratzeko. Anne Landak eskainiko du Alexander teknikaren inguruko tailer-mintegia.

Lekua. Donostiako Gazteszena.

Noiz. Otsailaren 9an, larunbata, 11:00etan.

Ikusleak. Maila aurreratuko dantza ikasleak (15 urtetik gorakoak) eta profesionalak.

Prezioa. 10 euro.

L'Exposen tailerra

Dantza garaikideko tailer bat eskainiko du konpainia horretako dantzari batek. Parte-hartzaileen performance batekin amaituko da mintegia.

Lekua. Donostiako Gazteszenan.

Noiz. Otsailaren 11n, igandea, 11:00etan.

Ikusleak. Maila aurreratuko dantza ikasleak (15 urtetik gorakoak) eta profesionalak..

Prezioa. 10 euro.

Dokumentuaren akzioak