Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza Zentroen Erakusketan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 20 talde ariko dira

Dokumentuaren akzioak

Dantza Zentroen Erakusketan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 20 talde ariko dira

Ikastetxeetako ordezkarien arabera, kalekoak dira ikasleek dantzatzeko gustukoen dituzten doinuak

Egilea
Igor Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/04/30

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatu duen Euskadi Dantza Zentroen V. Erakusketan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hogei dantza eskolak hartuko dute parte. Donostian, Basaurin eta Gasteizen egingo diren ekitaldiek dantza zentroetan egiten den lanaren ispilu izan nahi dute. Gainera, dantza eskolen, koreografo berrien eta konpainia profesionalen arteko zubi lana egin nahi dute.



Gipuzkoako ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean, maiatzaren 4an, egingo da. Bertan, Gipuzkoako bederatzi dantza eskolak hartuko dute parte: Azkoitiko Bizkargi, Hondarribiako Mertxe eta Carmen, Zarauzko Allapunta Iratzarri eta Donostiako Udaleko musika eta dantza eskola, Thalia, Maria Teresa Fagoaga, 84, Carlos eta Carmen Garmendia eta Maria Govillard ikastetxeek.



Estiloei dagokienez ere aniztasuna izango da nagusi, euskal dantza, klasikoa, neoklasikoa, garaikidea, jazza, klasiko espainiarra, nazioarteko aretoko dantza, funkya, hip-hopa eta euskal sueltoan ariko baitira.



Bizkaiko erakustaldia Basauriko Social Antzokian, maiatzaren 11n, egingo da. Bertan parte hartuko duten zazpi taldeek estilo klasiko modernoko, garaikideko, klasikoko eta jazzeko doinuak dantzatuko dituzte. Hain justu, Bilboko Artebi, Barakaldoko Arabesque, Gatikako Elai eta Getxoko Carmen Vera, Ana Maria Lara, Espiral eta Ana Rosa Tercero eskolek dantzatuko dute Basaurin.



Gasteizko Ibañez de Mauko Antzokian, maiatzaren 19an, egingo den ekitaldia izango da azkena. Bertan, Gasteizko Jose Uruñuela, Traspasos, Maria Elena eta Tarima zentroetako ikasleak ariko dira, eta estilo klasikoan, garaikidean, aretokoan eta flamenkoan dantzatuko dute.



Kaleko erritmoak



Euskadi Dantza Zentroen V. Erakusketa aurkezteko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Imanol Aranak, Eusko Jaurlaritzako dantza teknikoak, eta Jose Antonio Arbelaizek, Eusko Jaurlaritzako kultura alorreko sormenen zabalkunderako zuzendariak. Dantza eskola askotariko ordezkariek ere hartu zuten parte agerraldian.



Ordezkari hauek azaldu zutenez, ikasle gehienen helburua kaleko dantzak —hip hopa…— ikastea da. Hala ere, horretarako lehenik dantza klasikoa ikasten dute.



Gainera, aretoko dantzak gero eta gizonezko gehiagok ikasten dituela esan zuten, nahiz eta, oraindik, «guk nahiko genukeena baino gutxiago diren». Ildo honetan, Gipuzkoan dantzarako areto egokiak falta direla adierazi zuen Donostiako Carmen Garmendia eta Maria Govillard dantza eskolako ordezkari Carmen Garmendiak.



Imanol Aranak, berriz, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, guztira, laurogei dantza eskola inguru daudela jakinarazi zuen. Hala ere, Euskadi Dantza Zentroen V. Erakusketan «nahiko ordezkaritza garrantzitsua izango da», Aranaren esanetan.



Bestalde, koreografo gazteen VI. Erakusketa egingo da gaur Donostiako Egiako Gazteszenan. Ikutu dantza taldearen Bostak S2, Pantxika Telleriaren Firua, Saioa Ibañezen Ihes puntuak, Natalia Mongeren Mejor mal acompañado que solo eta Mayda Zabalaren Y descuelga mi corazón dantza lanak ikusi ahalko dira Egiako Kultur Etxean.



Dantza Plataformaren II. Emanaldia, berriz, uztailean Donostian egingo den Antzerki Ferian egingo da. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak iaz laguntza eman zien lan egitasmoak aurkeztuko dituzte konpainia zenbaitek.



Nazioarteko Gala Barakaldon



Dantzaren Nazioarteko Gala Handia egingo da bihar, 20:30-ean, Barakaldo antzokian.



Ingalaterrako eta Holandako balet nazionaletan, Danimarkako Peter Schaufuss baletean, Permeko Txaikovski operan, Baletaren Antzerki Akademikoan eta Yuri Grigorovitx baletean aritzen diren eta maila artistiko handia duten hamar interpretek hartuko dute parte Dantzaren Nazioarteko Gala Handian.



Besteak beste, Daria Klimentova, Dimitri Gruzdev, Kumiko Hayaakawa, Jahn Magnus Johansen, Natalia Hoffman, Alexandre Gouliaev, Mikhail Zavialov, Natalia Moiseeva, Vitaly Peleschu eta Oxana Makarova dantzariak izango dira bihar Barakaldon. andoni canellada / argazki press



Doinu ugari eta bi aldarrikapen atzo Tolosako Leidorren egin zen galan



Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia egin zen atzo Tolosan. Kataluniako Balet Klasikoko Konpainia Gazteak, Alizia Alonso Katedrak eta Aukeran dantza taldeak hartu zuten parte, besteak beste, Leidor zineman egin zen ekitaldian. Bertan, balet klasikoa, dantza garaikidea, flamenkoa, dantza klasiko espainiarra, klakea, tangoa eta euskal dantzak dantzatu zituzten.



Gainera, Dantzaren Nazioarteko Egunari begira bi eskakizun egin zituzten Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkartetik. Batetik, Gipuzkoan dantza kontserbatorioa sortzeko eskatu zuten. Ildo honetan, Artelekun dantza ikastaroak egiteko erabiltzen den aretoa hobeto aprobetxa daitekeela esan zuten. Gainera, plan zaharreko dantzako titulazioak homologatzeko eskatu zuten, bestela, «denbora gutxira dantzari asko titulurik gabe egongo baitira. Beraien aukera bakarra atzerrira joatea izango da».

Dokumentuaren akzioak