Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantza zen gortesau perfektuaren gida»

Dokumentuaren akzioak

«Dantza zen gortesau perfektuaren gida»

Atzekoz aurrera. Peio Otano. Dantzaria, musikaria eta koreografoa

Euskal dantzatik abiatu, eta, garaikidera salto egin ondotik, dantza barrokoaren eta Errenazimentukoaren munduan murgildu zen Otano. Dantzaria ez ezik, musikaria eta koreografoa ere bada.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/09/02
Lotura
Berria

Antzinako musikaren astea abiatu zuten atzo Lizarran (Nafarroa). Ekitaldien artean dago Peio Otanok (Iruñea, 1968) gaurtik aurrera emango duen dantza ikastaroa. XVI. mendekoak dira erakutsiko dituen dantzak, Frantzia iparraldekoak, eta Thoinot Arbeauk 1589an Orchesgraphie bilduman jasotakoak.

Ikastaroa areto dantza egitea bezala da, baina XVI. mendera bidaiatuz?

Bai, areto dantzak. Zeren dantza hauek ez zituzten gizaki guztiek dantzatzen. Bereizi behar dira alde batetik handikiak edo jauntxoak, eta gero laborantzan-eta ibiltzen zirenak. Jauregietan ibiltzen zirenek dantzatzen zuten. Areto dantzak edo jauregi dantzak, beraz.

Ikastaroa, baina, guzientzako da. Justizia egin da?

Ideia polita da, bai. Thoinot Arbeauk XVI. mendean dantza batzuk idatzi zituen, pertsona haientzakoak. Baina mendeak pasatu ahala, gaurko ikuspegitik berregiten ditugu. Edonor gertura daiteke. Baina, segur aski, dantza horrekiko nire maila ez da izango garai hartakoa.

Dantza zahar hauek ez ditugu tradizionalen zakuan sartzen.

Gure garaitik ikertuz egin daiteke halako konparazio bat, baina bide ezberdinak dira. Bilduma honetan badira dantza batzuk, eta bat bereziki, euskaldun batentzat oso argia dena: Branle de sabots. Dantzaren deskribapenari eta musikari erreparatu, eta gure ipurdi dantzarekin alderatu, eta ikus daiteke lotura. Baita dantzak eratzeko moduan, barnean duten prozesuan ere Baina bi mundu diferente dira.

Ikastaroko dantzak Euskal Herrian egiten ziren?

Ez dakit nola dantzatzen zen Euskal Herrian XVI. mendean, eta uste dut inork ez dakiela. Baina badakigu liburuko branleak eta gure jauziak, mutil dantzak edo soinu zaharrak, oso gertu daudela musikaren eta dantzaren egituraketan.

Hemengo jauntxoek izanen zuten dantzarik, pentsatzen dut.

Izango zuten, seguru. Paueko gazteluan Nafarroako erregeen garaian ballet bat egin zen. Zer eta nola? Auskalo. Gero, bai, datu zehatzagoak daude XVIII. mendean, baina XVI.a burutapenen mundua da.

Zer funtzio betetzen zuen dantzak?

Gaur egungoa [irriak]. Ongi pasatzeko, ligatzeko, harremanak sakontzeko... Bestalde, festa guztiek politika puntua dute, eta musikak eta dantzak zama handia zuten. Bada beste alde interesgarri bat: Italian XVI. mendean hasi ziren dantzariak musikaren gremiotik bereizten, beren esparrua sortu behar zutelako. Orduan hasi zen astiro-astiro zabaltzen dantza gorputzarentzako osasungarria delako ideia. Handiki bat bereizi behar zen, esaterako, lurrean edo arrantzan lan egiten zuen gizonarekin. Horretarako neurria gorputza zen. Dantza zen gortesau perfektuaren gida.

Zergatik galdu dira pabana eta gallarda dantzak?

Logikoa da gauzak galtzea. Baina gallardaren estiloa eta zeresana agian ez da galdu, jota batean ikus dezakedalako. Suerta daiteke gizona emakumearen aurrean azkarrago aritzea, adibidez. Edo breakdance batean. Badakit ez dela gauza bera, baina batean zein bestean gizonezko batek besteen aurrean bere ahalkera guziak azaleratzen ditu. Libertimendu birtuosoa da. Dantzaren funtsak jantzia aldatu du. Pabana bikoteko dantza da, solemnea. Orain ez da halakorik, baina prozesioak pabanak izan daitezke, edo Olinpiar Jokoetako desfilea.

Hil dira, baina batzuk ari zarete haiek berreraikitzen.

Diberti gaitezke beste jantzi batekin. Gure eguneko gizon-emakumeak gara, eta ditugun baliabide guziak gure onurarako eta plazererako erabiltzen ditugu. Joan gaitezke ere aitzin aroetara gozagarri gisa. Ikertzeko modu bat ere izan daiteke, gainera.

Barroko eta Errenazimentuko musikak badu toki bat: musika eskolak. Orduko dantzek beharko lukete tokiren bat?

Agian, bai. Bai Errenazimentukoetan eta bai barrokoetan, maila asko daude. Antzinako dantzen inguruko ideia murritza edo sinplea izaten da, ezjakintasuna dago. Nik izan dut aukera dantza hauek egiteko Madrilgo konpainia batean, eta esaten dizute: «Hau ez da ikastarokoa, hau dezente gehiago da; zaila eta polita».

Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak