Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza zaharrak Plaza Barrian

Dokumentuaren akzioak

Dantza zaharrak Plaza Barrian

Euskal dantzetan ikur diren bederatzi talderen emanaldiak izaten ari dira egunotan Plaza Barrian

Egilea
Eriz Lotina
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2007/08/24

Herenegun, esan bezala, Salbatzaile taldekoak aritu ziren dantzatzen, bildutako jendearen gozagarri. Emanaldia arratsaldeko zazpiak igarota hasi zuten, soinuarekin arazoak izan zituztelako. Behin soinua egoki jarrita, bildutako publikoari Lapurdiko inauteriak gogora ekarriz hasi ziren. Lehenengo, neskak eta mutilak elkarrekin, makil dantza eta sokadantzarekin hasi ziren. Azken hori nahiko dantzaldi luzea izan zen. Gero, iparraldeko doinuak oraindik utzi gabe, pare bat kontradantza edo polka dantzatu zituzten.

EURIA BERRIRO ERE. Aurtengo Aste Nagusiaren joerarekin jarraituz, euria hasi zuen beste behin ere, eta lehen polkarekin bukatu bezain pronto, dantzariek plazatik alde egin behar izan zuten. Euri zaparrada gogorra bota zuen, trumoi hots eta guzti. Hasiera batean bazirudien emanaldia bertan behera gelditzeko arriskua zegoela, Bilboko zeruak ostarterik ez zuelako. Baina, zortea lagun, minutu gutxi barru atertu zuen eta, zorua dantzarako egoerarik onenean egon ez arren, dantzariek ausart jarraitu zuten emanaldiarekin. Hala ere, ematekoak zituzten zenbait dantza ekitalditik ezabatu zituzten.

Ondoren, bigarrengo polkarekin amaituta, Salbatzaile taldeko neska gazteek nekazaritzarekin lotutako dantza eman zuten; sagar dantza, hain zuzen ere. Lehen sektore tradizionalarekin lotutako dantzekin jarraituz, neskek, orduan ortozik, arrain saltzaileek iradokitako koreografia bat dantzatu zuten.

Neskek amaitu bitartean, mutilak arropaz aldatu ziren, eta gero Bizkaiko dantzari dantza eskaini zuten. Agintariena, Zortzikoa, Banangoa eta Txotxongiloa dantzatu zituzten hurrenak. Amaitzeko, neskak eta mutilek, elkarrekin, Sopuertako dantza taldeak beraiei irakatsitako sokadantza dantzatu zuten.

Emanaldiak ordubete iraun zuen, eta segidan erromeria izan zen eta larrain-dantza dantzatzeko aukera eman zieten Plaza Barrian bildutakoei, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolaturik. Jende asko atera zen dantzatzera orduan.

Larrain-dantza egunero egiten da, 20:00etik aurrera, behin dantza taldeen emanaldia amaituta. Euskal folklorearekin gozatu nahi duten guztiek Plaza Barrira joatea baino ez dute.

Dokumentuaren akzioak