Dokumentuaren akzioak
Dantza, kale ikuskizunak eta Viktoria Eugenia izango dira Antzerki Feriako ardatz
Uztailaren 10etik 14ra bitartean iraungo du; Carolyn Carlson-en 'Inanna' dantzarekin hasiko da
Viktoria Eugenia
Antzerki Feriak Viktoria Eugenia antzoki enblematiko zaharberritua berreskuratuko du aurten. Hura bihurtuko da «epizentroa», Norka Chiapuso Antzerki Feriako zuzendariaren hitzetan: «Formatu handiko nazioarteko ikuskizunak ekarri nahi izan ditugu Viktoria Eugeniara»
Carolyn Carlsson koreografo estatubatuarraren esku egongo da Antzerki Feriaren hasiera ekitaldia, uztailaren 10ean. Inanna izeneko lana aurkeztuko du haren konpainiak: «Jainkotasunari eskainitako omenaldi bat da, emakumezkoaren misterioari buruz zazpi dantzarik borobildutako lan ederra», Chiapusoren hitzetan. Uztailaren 11n ere eskainiko dute ikuskizun hori.
Heddy Maalen jatorri aljeriarra duen koreografo frantziarraren konpainia ere leku berean ariko da, uztailaren 13an. Igor Stravinskiren Udaberriaren eskaintza eskainiko du konpainia horrek: «Natura eta bizitzari eginiko kantua da, dantzari nigeriar eta senegaldarrek dantzatua».
Pippo Delbono antzerkigile eta aktore italiarraren konpainiak Urlo ikuskizuna emango du, uztailaren 14an: «Euren hasiera-hasierako ikuskizunetako lengoaia berreskuratu dute lan horren bitartez. Dantza, keinua eta kantua erabiliko dituzte hitzak esanahiez betetzeko. Urlo garrasia da, jaioberriaren negarra, torturatuaren erregua, haserretuaren sumina, mundu gizatiarrago baten beharra iragartzen duenaren ahotsa».
Antzezlan eta estreinaldiak
Euskal Herriko antzerki konpainien obrak Antzoki Zaharrean izango dute ostatu. Gaztelaniaz emango dituzte lan guztiak. Gasteizko Traspasos konpainiak Demasiado Humano lana eskainiko du, uztailaren 10ean.
Kampingags konpainiak Cueva de ladrones (uztailak 12) eta Ttanttakak Mujeres en sus camas (uztailak 13) taularatuko dituzte, Antzoki Zaharrean.
Rainer Warner Fassbinder zinemagilearen Las amargas lágrimas de Petra Von Kant filmaren antzerki bertsioa Donostian estreinatuko du Craneos de Yorick konpainiak Antzoki Zaharrean, uztailaren 11n. Lluna Nova konpainia kataluniarrak Las Voces lana estreinatuko du, aldiz, uztailaren 14an.
Euskal dantza konpainiak
Euskal Herriko dantza konpainien ikuskizunak Egia auzoko Gazteszena aretoak jasoko ditu. Blanca Arrieta koreografo eta dantzariak Rest lana eskainiko du. Ertza konpainiak Menos globos Superman lan berria dakar. Konpainia horretako kideek hiriko hainbat agertokitan ere dantza egingo dute, Matxalen Bilbao dantzariaren modura. Hark Haiku lana taularatuko du Gazteszenako aretoan, uztailaren 11n. Ballet Biarritz Junior konpainiak Gari Beltza lan berria eskainiko du uztailaren 13an eta Vaiven Producciones konpainiak haurrentzako Las Inalámbricas lana estreinatuko du, uztailaren 14an.
Bitxitasunak, kalea eta haurrak
Aurreko jaialdietako joerari jarraiki, haurrentzako ikuskizunak ere izango dira Antzerki Ferian. Venezuelako Naku Teatro konpainiak Aguazul lana ekarriko du. Agerre Teatroren Haur kabareta, Kukubiltxo konpainiaren Kukubel 2.0 eta Golden Apple Quartet-en Galipotx ere ikusi ahal izango dira.
Bestalde, eta iaz estreinatutako formula oinarrian hartuz, Paseando Con Arte konpainiak Donostia erdiguneko kaleak agertoki handi bihurtuko ditu: «Munduko txoko urrunenetatik etorritako hainbat diziplinatako artistek zur eta lur utziko dituzte ikusleak», Chiapusoren hitzetan.
Las Artes del Cielo konpainiak aireko ikuskizun eta diziplinen erakusketa egingo du, eta Logela Kukai eta LMNO konpainiek kalean egingo dituzte dantza ikuskizunak.
Dokumentuaren akzioak