Dokumentuaren akzioak
Dantza txapelketen jiran
Euskadiko Aurresku Txapelketa. Alkartasuna taldeak ez du txapelketarik antolatuko; Euskal Dantzarien Biltzarraren esku utzi du aukera, eta hark, antolatuko duela dio. Gertaerak txapelketei buruzko eztabaida piztu du.
Eztabaida luze eta sakonen ostean hartu dute Euskadiko Aurresku Txapelketa ez antolatzeko erabakia, eta, funtsean, bi eragile nagusi aipatu dituzte. Batetik, esaten dute 25 urtez aritu direla aurreskua berreskuratzeko eta indartzeko sortu zuten txapelketa antolatzen, eta, euren ustez, txapelketak betea du ezarri zitzaion helburua. Baina bada besterik: azken urteetan aurreskua gehiegi bateratu dela uste dute, eta herrialde bakoitzeko ordezkariek ez dutela asmatu zeinek bere ezaugarri eta bereizgarriei eusten. Txapelketako arauak epaileen esku daude, eta ezarritako molde jakin bati ematen diote lehentasuna. Horrezaz gain, dantzarien arteko lehia ere biziegia dela uste dute. Txapelketa antolatzeko instalazio arazoak dituztela ere azaldu dute.Beraz, txapelketaren antolaketa bertan behera utzi eta hemendik aurrera txapelketa Euskal Dantzarien Biltzarraren esku utziko dute Alkartasuna taldekoek, «eta hark erabakiko du antolatzen jarraitu eta nola bideratu hemendik aurrerakoa». Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente Xabier Mendizabalek esan du Alkartasuna taldekoek egoki jokatu dutela txapelketaren ardura Biltzarraren esku utzita. Talde gehienak elkartzen dituen erakundea izanik, ondo iruditzen zaio txapelketa hark koordinatzea. Txapelketa beheraka zihoala aitortu du Mendizabalek, eta, alde horretatik, erabakia ez omen da ustekabea izan. Pasaiako taldeak arazoak zituen txapelketa antolatzeko, eta urteroko ardura hori zama handi bihurtu omen zaio. Nolanahi ere, Biltzarrak txapelketari eutsiko dio. Eztabaidatzen ari dira orain, berriz definitzen, eta formatu aldetik egin beharreko aldaketak zehazten. Zeinek antolatuko duen ere ikusteko dago, baina jaso dute talderen baten proposamenik.Txapelketek dantzarien maila hobetzen laguntzen dute, Mendizabalen ustez: «Dantzak ondo ikasten dira txapelketan aurkezteko, eta gero perfekzionatu egiten dira. Jon Maia, Aiert Behobide, Kimetz Larrañaga, Edu Muruamendiaraz eta beste dantzari bikain asko txapelketetan jardun dira. Dantzari onak egiteko garrantzitsua da txapelketatik pasatzea», dio EDBko lehendakariak. Horregatik uste dute eutsi egin behar zaiela.
Batasunari garrantzia
Alkartasuna taldeekoek arazotzat jo dute epaileek dantzarien jarduna epaitzeko orduan batasunari eta molde bakarreko dantzaerari garrantzia ematea. Baina Mendizabalek argudiatu du aspaldi dantzari bakoitza bere herriko moldearen arabera dantzatzen zela, eta dantzariekin bilera anitz egin ostean, parte-hartzaileek eurek proposatu zutela Pasaiako txapelketarako dantza molde bat eta bakarra egitea. Joera horretan beste eragilerik ere izan da, ordea. Mendizabalek esan du, besteak beste, arreta handia ematen diotela Donostian Goizaldi dantza taldeak lantzen duen dantza moldeari.
Hala ere, EDBko lehendakariaren ustez, horrek ez du esan nahi txapelketan bestelako aurresku moldeek lekurik ez dutenik. Tolosan, Zarautzen eta beste hainbat lekutan beste era batean dantzatzen da aurreskua, eta, EDBren iduriko, horiek ere zabalik dauzkate txapelketako ateak. Ez dute uste, gainera, batasuna arazo denik.Oier Araolaza dantzariaren iritziz, ordea, «tokian tokiko dantza moduak baztertu eta txapelketako eredua ezarrita, aberastasuna murriztu da». Txapelketak eredu sortzaile dira, Araolazaren ustez, eta horiek zabaltzeko tresna ere bai. Haren ustez, Gipuzkoako Aurresku Txapelketak ere eredu bakarraren inguruan egin dira. Horregatik, txapelketaren batasun joera erabatekoa izan da, dantzari guztiak ezarritako eredu bakar horri begira dantzatu direlako. «Aurreskua dantzatzeko gipuzkoar era bakar bat dagoelako hori gezur handi bat da, eta, homogenotasun horren eraginez, dantzaren aniztasunari eta aberastasunari kalte latza egin zaio». Haren ustez, dantzari onaren irudia txapelketetako ereduarekin identifikatzea lortu dute txapelketek, eta sarri gertatu da txapelketako eredutik aldentzen den dantza moldean aritu eta dantzari bikainak txapelketetan azkenak izatea.
Oier Araolaza: «EDBk eredu bakarrari eutsi dio»
Araolazaren esanetan, baasuna hausteko hainbat saio egin omen dira azken urteotan, baina beste muturretik EDBk eredu bakarrari eusteko egindako ahaleginak zapuztu omen du aniztasunaren aldeko apustua: «EDBk hautatu duen aurresku eredua da txapelketetan onartzen den bakarra; eredu gimnastiko eta matematikoa da, gainera, dantzariak Olinpiar Jokoetako gimnastak balira legez aztertzen dituena, eta dantzarekin berarekin gero eta zerikusi gutxiago duena». Aurresku txapelketan teknika aztertzen dela alegia, adierazkortasunaren, bat-batekotasunaren, sormenaren eta, oro har, dantzaren beraren kaltean.
Araolazaren ustez, teknika konkretu bat hobetzeko baliagarri gerta dakizkioke dantzariari, baina ez du uste dantza maila asko hobetzen dutenik: «Dantza ondo egiteak beste hainbat dohain eskatzen ditu eta». Dantzari ona hainbat faktorek osatzen dute: adierazkortasunak, jendaurrean egoten jakiteak, dantza eta urrats bakoitzari nortasun egokia emateak... dantzaerak, azken batean.
Biribilketa honen sokak luzea dirudi oso. Melodiak ez du etenik, eta zenbait gauza argitu eta eztabaidatzeko dago oraindik. Perfektutasuna bilatu nahian txapelketek tradiziozko euskal dantzen berezko izaera neurririk gabe itxuraldatzen dutela diote batzuek. Antzina txapelketarik egiten ote zen argudiatzen dute besteek. Zergatik dantzatzen ziren gure arbasoak? Nork bere trebeziak erakusteko ala olgetan aritzeko? Dantzen tradizioa plazetan sortu zen, urrats bikaineko dantzarientzat ez eze, jira eta bira trikiti soinuen erritmoan dantzan jardun nahi zuen ororentzat. Biribilketa honen doinua ez da berehalakoan isilduko.
Dokumentuaren akzioak