Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Azpeitiagatik ez balitz, dantza txapelketek asko galduko lukete"

Dokumentuaren akzioak

"Azpeitiagatik ez balitz, dantza txapelketek asko galduko lukete"

Luis Alberdi 'Beltza' dantzaria

Egilea
Kristina Fernández
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Azpeitia
Mota
Elkarrizketa
Data
2007/06/30

Nola hasi zinen dantza munduan?

Sei urte nituela, nire gurasoek jatetxe bat zuten eta goiko solairuan musika jartzen genuen eta arreba eta ni dantzan ibiltzen ginen. Gero, erromerietan jendeari begiratuz ikasi nuen eta zazpi urte nituela, Juanito Garate Maltzeta soin-joleak ikusi ninduen eta ikasi nahi al nuen galdetu zidan. Horrela, astean bi aldiz Osintxura joaten ginen bere alaba Mari Karmenerekin, eta Juantxo Urbietarekin ere ibili nin-tzen. Horrela bi urtez, eta zortzi urte nituenetik txapelketetan parte hartzen hasi nintzen, 31 urte bete nituenean utziz txapelketak. Ordudanik, Sahatsa dantza taldean nabil eta haurren irakaslea ere banaiz.

Irakasle bezala 25 urte egin dituzu. Ba al dakizun zenbat ikasle pasa diren zure dantza eskolatik?

Ez dakit. Gaur egun 140 eta 150 ikasle bitartean izango ditut, lau urtetatik hasi eta 16 bitarterakoak. Guztira mila inguru izango direla uste dut, baina gutxi gorabehera.

Urteurren berezia ospatzeko jaialdia egingo duzue gaur 18.00etan Izarraitz pilotalekuan.

Zerbait berezia egin nahi nuen eta nirekin erakusten ibiltzen den Maite Bereziartuarekin jaialdi handi bat egitea erabaki genuen. Musika eskolako bandaren eta Julian Barrenetxea abesbatzaren lagun-tza izango dugu, eta haurrak ohitu gabe dauden arren bi elementu hauekin dantza egitera, izugarrizko lana egin dute eta jaialdi polita izango dela uste dut. Nire eskolak ekainaren hasieran bukatzen ditu eskolak, eta jaialdi hau dela eta, hilabete gehiagoz aritu gara lanean burubelarri. Eskertzekoa da haurren ahalegina, eta batik bat, Maiteri eskertu behar diot egin duen lanagatik.

Eta bide batez, omenaldia jasoko duzu. Nola aurkitzen zara?

Omenaldiak ondo etortzen dira beti eta zerbait urduri nagoela onartu beharra dut, baina nik adibidez, jaialdi bezala gehiago hartzen dut, nik eta Maitek antolatutako zerbait delako.

San Jose egunean ere omendu zintuzten.

Ezustekoa hartu nuen, ez bainuen espero, izan ere, beti pandero-jole edota soinu-joleei egiten zaielako. Aurten ez zekiten nori egin omenaldia eta aurreko Kultura batzordeburua zen Aitor Gorrotxategik nire izena aurkeztu zuen, Trikiti elkarteari oso ondo iruditu zitzaion eta horrela egin zidaten. Gainera, pasadizo bitxi bat du honen inguruan. Azkoitiko pandero-jole batek Luis Alberdi izena du baita ere, eta Trikiti elkartekoek honi deitu beharrean, niri deitu zidaten, eta Beltza ren omenaldian jotzeko eskatuz. Hark ez zekien Beltza ni nintzela, bestearekin hitz egiten ari zela uste zuen eta horrela konturatu nintzen omenaldia egin behar zidatela.

40 urte dituzu eta 25 daramatzazu irakasle bezala. Ez al zaizu luze egiten?

Ez. Lagun txiki bati erakusten hasi nintzen eta ahoz-aho zabaltzen joan zen eta poliki-poliki taldea handi-tzen joan zen.

Dantza munduak, ordea, asko exijituko zizun eta dizu, ezta?

Bai, hori bai. Dantzan aritzeaz eta irakasteaz gain, lanean nabilelako. Ordu asko dira, baina gustuko zerbait dut, eta haserre aldi asko igaro ditudan arren, poz unea ere ugari izan dira. Urtearen amaieran ikusten den emaitza pozgarri izaten da.

Nola ikusten duzu dantzaren egoera?

Orokorrean galtzen ari den arren, Azpeitia mailan irabazten ari da. Nik adibidez dantza sueltoko hamar bikote ditut, eta hauetatik zortzik Bergaran jokatu zen Euskadiko txapelketan hartu zuten parte. Guztira, ordea, hamalau ziren. Gaur egun badakit Azpeitiko bikoteek parte ez badute hartzen lehiaketetan, txapelketek asko galduko luketela. Euskal Herriko elkartea ere harrituta dago hemen dagoen zaletasunarekin.

Ez al duzu inoiz beste dantza estilo bat ikasteko gogorik izan?

Beti izan du saloiko dantzak ikasteko gogoa eta horregatik hasi naiz aurten. Lehenago ez banaiz ausartu, denborarik ez nuelako izan da. 25. urteurreneko jaialdia dela eta, ondo prestatzeko, Sahatsa taldea urtebetez utzi dut eta bitartean, saloiko dantzak ikasten hasi naiz. Esperientzia polita izan da, desberdina guztiz, izan ere bizi guztia eraman dut hanka puntetan dantza egiten eta orain, bat batean, orpoetan egin behar da guztia.

Luis Alberdi 'Beltza' dantzaria.argazkia: k.f.

Dokumentuaren akzioak