Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza txapelketak 40 urte

Dokumentuaren akzioak

Dantza txapelketak 40 urte

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta antolatu dute Seguran. Estreinaldi moduan, urteotako dantzari txapeldunak elkartu dituzte

Egilea
Arkaitz Apalategi
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/05/03
Lotura
Goierriko Hitza

Seguran urtero egiten den Euskal Herriko Dantza Txapelketak 40 urte beteko ditu aurten, eta antolatzaileek ekitaldi sorta prestatu dute urteurren borobila ospatzeko. Asteburuan hasi dituzte aurreneko ekintzak, mahai inguru batekin. Bertan, 40 urtetan txapelketa irabazi duten dantzariak elkartu zituzten, beraien esperientzia eta oroitzapenak kontatzeko.

Segurako frontoi zaharrean bildu ziren egitaraua aurkezteko. Esanahi berezia duen tokia da, bertan egin baitzituzten Euskal Herriko Dantza Txapelketaren aurreneko zazpi edizioak, Baratze pilotalekura joan aurretik. Fandango eta arin-arin bana eginez ospatu zuten elkartzea, Seguratik pasatako adin guztietako dantzari bikoteek.

Segurako Udalak eta Dantzarien Biltzarrak antolatzen dute urtero txapelketa. Udalaren izenean, Eñaut Telleria alkateak aurkeztu zituen urteurreneko ekitaldiak. Txapelketa «urtero berezia» bada ere, halako urteurren borobilak «pisu berezia» ematen diola azaldu zuen. Hala, prestatu dituzten ekitaldiak bitan zatitu zituen: «Batetik, Dantza Eguna egingo dugu urriaren 15ean, txapelketa izango den egun berean». Egun horrekin, «txapelketaz gain, herrian dantza giro hori sumatzea» nahi dute, eta «herritarrek ere dantza egiteko aukera izatea, plazan eta bestelako presiorik gabe».

Bestetik, egun hori girotzeko, «urtean zehar ere dantzarekin zerikusia duten ekitaldi ugari» ere prestatu dituzte. Maiatzaren 28an, Azpilla Dantza Taldeak emanaldia egingo du, Euskal Herriko Dantza Txapelketan parte hartu duten segurarrei omenaldia eginez. Ekainaren 18an, berriz, Goierriko Bertso Eskolaren eta Ordiziako Amets Bide dantza taldearen artean prestatutako Bertsoak dantzan emanaldi berezia izango da.

Oporretatik bueltan, kantu-jira eta Goierriko Erromeri Birako saioa egingo dituzte irailean. Baita XVI. eta XX. mendeen arteko euskal jantzien erakusketa ere. Urteurreneko ekitaldiak urriaren 15ean bukatuko dira, dantza egunarekin eta 40. Dantza Txapelketarekin.

Dokumentuaren akzioak