Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzariak, txapel bila

Dokumentuaren akzioak

Dantzariak, txapel bila

Dantza txapelketak

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2006/05/05
Euskal Dantzarien Biltzarrean txapelketen aldeko jarrera baturik ez dagoela argitu du Xabier Mendizabalek. «Ez dago adostasunik. Bizkaian aurkakoak dira, edo gutxienez ez dira sartzen, eta ez dute ikusten biltzarraren zeregina denik txapelketak antolatzea eta laguntzea. Ez zaie gustatzen. Nafarroakoan ere ez dira horretan sartzen». Iparraldean sorkuntza berrien aldeko hautua egin da eta Arabako Dantzarien Biltzarrak ahalegina egiten du txapelketak antolatzen, baina Gipuzkoan dago oraindik txapelketak bultzatzen dituen talde sendoena.Iñigo Manuelek irabazi du Arabako 14. Aurresku Txapelketa, maiatzaren lehenengoan, Estibalizen. Zazpigarren txapela du Iñigo Manuelek. Mikel Sarriegik eta Jon Maiak Pasaian lortu dituzten bezainbeste txapel irabazi ditu, hala. Baina Arabako dantzari txapeldunek ez dute Gipuzkoakoen pareko oihartzunik izaten. «Euskadiko Txapelketa» izendatzen dute Pasaiakoa, baina gipuzkoar erara dantzatu behar da eta 25 urtean ez du izan gipuzkoarra ez den irabazlerik.

Dantzari trebeagoak

Aurresku txapelketak dantzariak «trebeagoak izaten laguntzeko» direla dio Xabier Mendizabal EDBko lehendakariak. «Hasieran, Gipuzkoako pausoak eta dantza egiteko modu arruntena finkatzen joateko asmoarekin bultzatu ziren, aurten bide hori ireki egin da eta Gipuzkoako beste aurresku batzuk onartzen dira». Txapelketen bidez eman dute ezagutzera beren burua Edu Muruamendiaraz, Aiert Beobide eta Jon Maia dantzariek, besteak beste. Txapelketa irabaztearen oihartzunak bestelako dantza proiektuetarako ateak ireki dizkie. Azken urteotan kinka larrian daude aurresku txapelketak. Txapelketak urritu dira, parte-hartzaileen kopuruak behera egin du eta dantza eredu bakar baten nagusitasunak kritikak eragin ditu. Pasaiako Alkartasuna dantza taldeak Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa antolatzen jarraitzeari uko egin zion 25. urteurrena osatu ondoren. «Talde gisa beste asmo batzuk dituzte, ez zirela bereziki txapelketa zaleak eta une ona ikusi zuten erreleboa emateko». Euskal Dantzarien Biltzarrak bere gain hartu du txapelketa horren antolaketa, Pasaiako dantzari ohi talde batekin eta Udalarekin batera.Hainbat aldaketa izango ditu maiatzaren 27an jokatuko den txapelketak. Dantzariak, taula gainean bakarka beharrean, taldean, soka-dantzan arituko dira. Puntuazio sistema irekiagoa erabiliko dute; urrats-segida bakoitzaren puntuazio matematikoa baztertu eta epaileek dantzariak osotasunean aztertuko dituzte. Aurresku eredu bakarra hausteko ahalegina egingo da eta tokian tokiko aurresku moduak onartuko dituzte txapelketan. Maiatzaren 27an ikusiko da aldaketa horiek eragina duten eta aurreikusitako helburuak dantzarien parte-hartzea zabaltzea, aurresku eredu guztiei aukera ematea eta txapelketa oro har sendotzea lortzen diren. Parte-hartzaileei dagokienez, itxaropena agertu digu Xabier Mendizabalek. «Gure asmoa 12ra iristea da. Joan den urtean beherakada izan zen; zazpi izan ziren. Normalean txapelketetan ibiltzen direnak eta orain arte parte hartu ez duten batzuk espero ditugu. Gure asmoa ere hori da, zerbait irekiago izatea nahi dugu; dantzari onak daude txapelketatik kanpo ere».

Dantza berriak

Iparraldean dantza berrien sorkuntza sustatu nahi du Euskal Dantzarien Biltzarrak. 2003an antolatu zuen dantza berrien lehiaketarekin pozik agertu dira Iparraldeko EDBko arduradunak eta martxan jarri dute bigarren lehiaketa. 2007ko abuztuaren 15ean izango da, baina dagoeneko irekita dago izena emateko epea. Iparraldeko taldeek bakarrik parte har dezakete lehiaketan, eta 10-15 minutuko sorkuntzak izango dira. 2003an, dantza sorkuntza berrien lehen ekitaldiak harrera ona izan zuen hainbat dantzari gazteren artean. Zortzi taldek parte hartu zuten, eta Basusarriko dantzariek Kubarako bidaia izan zuten sari. Baina ondoren dantza berri horiek bide laburra izan dute, eta hori izan da lehen ekitaldiari egin zaion kritiketako bat. Dantza berriak zertarako ondoren hedapenik ez badute? Deialdi berrian, ondoren hautatutako dantza berriekin zenbait emanaldi antolatzeko asmoa iragarri dute.Dantza berrien lehiaketari beste kritika bat ere egin diote: hezkuntzaren aurretik sorkuntza sustatzen duela. Oinarrizko dantza hezkuntzarik ez duten gazteak dantza sorkuntzara bideratzea burugabekeria dela salatu dute zenbait dantza irakaslek.

Dokumentuaren akzioak