Dokumentuaren akzioak
Dantza Txapelketa igandean jokatuko da, aurrenekoz urrian
Euskal Herriko 33. Dantza Txapelketa igandean
jokatuko da (18:00), ohiko denez Segurako Baratze pilotalekuan.
Antolatzaileek atzeratu egin dute, eta aurrenekoz jokatuko da urrian.
Guztira hamabi bikote lehiatuko dira, eta lehenbiziko aldiz sexu bereko
bikote batek hartuko du parte. Berriz, Eneko Gil eta Nerea Vesga, iazko
txapeldunak, ez dira lehiatuko.
Egunaren aldaketa da berritasun nabarmenena, orain arte
ekainean jokatzen baitzen txapelketa -San Joan jaietan-, baina
antolatzaileek atzeratzea erabaki dute. Dantza solteko denboraldia uda
garaian izaten da, eta urteko saio nagusiak sasoia ixteko balioko du.
Dantzariek ere nahiago zuten urrian, askok ikasketa konpromisoak
dituztelako eta hala hobeto presta dezaketelako txapelketa. Data
aldaketa baliatuz, antolatzaileek aurrez jokaturiko hamabi herritako
txapelketak kontuan hartu ahal izan dituzte, eta emaitza onenak bildu
dituen bikoteak gonbidapena jaso du finalean aritzeko.
Hamabi bikotek hartuko dute parte, eta aurreneko aldiz sexu
bereko bat egongo da, Ana eta Marta Ruiz de Austri ahizpak. Zazpi
bikote gipuzkoarrak dira, hiru arabarrak eta bi bizkaitarrak. Eneko Gil
eta Nerea Vesga iazko txapeldunen hutsunea egongo da, baita ere aurreko
sei aldietan hiruna aldiz txapeldun izan ziren Azpitarte eta Parrondo
anai-arrebena. Finalean ariko diren dantzarien artean bakarra da
aurretik txapeldun izandakoa: Maite Lazkano. 2001ean jaso zuen
garaikurra, eta igandean Aitzol Enarekin hartuko du parte.
Fandangoa eta arin-arina
Bikote guztiek bi dantza saio egin beharko dituzte, lehenbizi
fandangoa txistu doinupean, eta arin-arina trikitiaz gero. Epaimahaia
Rafa Salaberria, Iñigo Manuel, Karlos Sarriegi, Gabriel Alonso eta
Xabier Mendizabalek osatuko dute. Epaitzeko garaian lau arlo baloratuko
dituzte: erritmoa, dantzariek erritmoaren barruan dantza egiten duten
ala ez; berdintasuna, bikoteko bi kideen artekoa; dantza pausoen
zailtasuna eta irudi orokorra.
Lau arloak kontuan hartuta emaitza onena lortzen duen
bikoteak irabaziko du txapelketa. Irabazleek Segurako Udaleko Sari
Nagusia jasoko dute, eta garaikurra euren herriko udaletxean egongo da
urte osorako. Herri bateko kideek hiru aldiz jarraian, edo bost aldiz
tarteka irabaziko balute, garaikurra udalaren esku geldituko litzateke.
Garaikurra Nestor Basterretxearen eskultura bat da, eta eskultoreak
omenaldia jasoko du igandean. Sari nagusiaz gain, aurrenekoz parte
hartzen duen bikote onenak Gillermo Areizaga sari berezia jasoko du,
eta lurralde bakoitzeko bikote onenak beste sari bat jasoko du bere
aldundiaren eskutik.
Parte-hartzaileak
Karlos De las Heras eta Oroitz Bilbao
(Sestao)
Mikel Otegi eta Estela Atorrasagasti
(Donostia-Orio)
Mikel Arze eta Iratxe Ibisate
(Gasteiz)
Jon Intsausti eta Iera Maiza
(Ordizia-Olaberria)
Aritz Arrillaga eta Amaia Bolinaga
(Bergara)
Iker Sanz eta Idoia Besada
(Lezo-Pasaia)
Xabier Etxaniz eta Leire Larrañaga
(Azkoitia)
Azaitz Unanue eta Aizkoa Medinabeitia
(Gasteiz)
Arkaitz Pascuas eta Nagore De las Cuevas
(Sestao)
Aitzol Ena eta Maite Lazkano
(Bergara)
Xabier Segura eta Lierni Martiarena
(Hernani)
Ana eta Marta Ruiz de Austri (Olabarri)
Dokumentuaren akzioak