Dokumentuaren akzioak
Dantza, trikitia eta bertsoa uztartzen dituen ikuskizun berria aurkeztuko du gaur Xukan taldeak
Andoni Egañak eta Peñagarikanok hartuko dute parte Bilborock aretoan egingo den saioan
Xukan taldeak bost dantzari, bi trikitilari eta bi punta-puntako bertsolari bildu ditu antzezlan berezi honetan. Ikuskizunaren abiapuntua antzinako labadero bat da. Bertan lanean ari dira ama-alaba batzuk. Baserritik feriara jaisten direnean aita-semeak iturrian elkartuko dira. Sedukzioa hasiko da momentu horretan eta hori izango da ikuskizunaren ardatza.
Xukan talde berrian Iban Agote, Kimetz Larrañaga, Aitor Sorazu, Ainara Olamusu eta Idurre Salvador dantzariek hartzen dute parte. Hauetaz gain, Ion Ansorregi eta Andoni Larrañaga trikitilariak eta Andoni Egaña eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariak arituko dira taula gainean. Kontatu zutenez, zailtasun berezia du egitasmo honek. «Dantza, musika eta bertsoaren arteko konpaktotasun bat ematea da gure helburua azaldu zion GARAri Kimetz Larrañagak. Batzuetan dantzariak egokitzen gara bertsolarien erritmora, eta, besteetan, berriz, bertsolariak egokitzen dira dantzarien erritmora».
Zailtasun honek «bertigoa» ematen diela aitortu zuen Larrañagak, «erritmotik atereaz gero nabarmen gelditzen delako». Elkarlanean aritu dira dantzariak, trikitilariak eta bertsolariak; bakoitza bere eremua bestearenarekin uztartzen.
Koreografia berriak
Euskal dantzaren pausoetan oinarritzen dira, baina ez dute dantza tradizionala egiten. «Dantza tradizionaletan oinarritutako pausoak erabiliz, saiatzen gara musika eta koreografia berriak ateratzen, bertsolariekin konpatibilitate hori bilatzen». Horretaz gain, tango bat dantzatuko dute bertsolariek lagunduta.
Dokumentuaren akzioak