Dokumentuaren akzioak
Dantza tradizionaletako curriculum bat osatu dute, ikasketak arautze aldera
Dantza tradizionalen irakaskuntza sustatzeko, Dantzan Ikasi egitasmoa
jarri zuen martxan iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak, sektoreko eragileekin
elkarlanean. Iaz hasi zuten bidea, Donostiako Artelekun Dantzagunea
proiektuarekin eskaintzen dituzten ikastaroekin, eta orain beste bi
urrats egin dituzte aurrera. Batetik, Gipuzkoako euskal dantza
irakasleen egoeraren eta beharrizanen azterketa egin dute. Eta,
bestetik, dantza tradizionalen ikasketen oinarrizko curriculum bat osatu
dute. Azterketaren emaitzak eta curriculum zirriborroaren edukiak atzo
arratsean aurkeztu zizkieten dantza talde, irakasle, ikertzaile,
musikari eta unibertsitate nahiz kulturaren alorreko ordezkariei,
Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean eginiko jardunaldietan.
Irakasle eta dantzari tradizionalek beren trebakuntza zikloa
borobiltzeko jakin beharreko eduki eta konpetentzien curriculum
zirriborroa osatzea izan dute helburuetako bat. «Galdera bat hartu dugu
abiapuntu: dantzan ikas daiteke? Bai, ez dugu zalantzarik, baina
errealitatea da ez dugula modu formalik ikasketa horiek burutzeko»,
azaldu zuen Oier Araolazak -2008tik koordinatu ditu lanok-. Ikasketa
horiek noiz edo noiz modu arautuan egin ahal izateko oinarriak jartzen
aritu direla adierazi zuen www.dantzan.com atariko arduradunak.
Adituen ekarpenak
Zirriborroa osatzeko proposamenak eskatu zizkieten dantza
tradizionalen arloan eta, bereziki, trebakuntzaren alorrean eskarmentua
duten hainbat eragileri. Ikerfolk elkarteak, Gipuzkoako Dantzarien
Biltzarrak, Eusko Ikaskuntzako Folklore Sailak, Aiko taldeak eta
Gasteizko Folklore Akademiak parte hartu dute curriculuma garatzeko
lanetan, eta proiektua bere egiteagatik eskerrak eman zizkien Araolazak.
«Ez da guk diseinatutako curriculum bat, baizik eta gai honetan urte
askoan lanean diharduten lagun eta elkarteek egindako proposamenen
apailatzea». Zirriborro bakarra osatzea ez dela lan nekeza izan azaldu
zuen, ekarpenetan adostasun maila handia izan baita.
Curriculuma ez dela testu itxia nabarmendu zuen Araolazak, eta
izan dezakeen ezarpenaren arabera erabat irekita utzi nahi izan dutela.
Halaber, dantza tradizionalaren alorreko ikasketa arautuak ezartzeko
aukerak aztertzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin
harremanetan daudela jakinarazi zuen, harena baita hartarako eskumena.
Bestalde, Gipuzkoako dantza tradizionalen irakasleen
errealitatea zehatz ezagutzeko azterketa Euskal Kulturaren
Behatokiarekin elkarlanean egin dute. Gipuzkoan 250 bat dantza
irakaslerekin kontaktatu dute, eta 151k galdetegi bati erantzun diote.
«Ateratako ondorio nagusietako bat da irakasle horiek oso kontziente
direla duten prestakuntza premiaz».
Egindako urratsek zer ematen duten ikusi bitartean,
trebakuntzarako ikastaroak eskaintzen jarraituko dute aurrerantzean ere.
Izan ere, ikastaroen eskaintzak ikasleen aldetik «erantzun bikaina»
izan duela adierazi dute.
Proiektuaren balorazio oso baikortzat eta beharrezkotzat jo
zuten Xabier Mendizabal Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko lehendakariak
nahiz Juan Antonio Urbeltz Ikerfolk-eko lehendakariak. Proiektua
elkarlanaren ondorio izan dela nabarmendu zuen Maria Jesus Aranburu
Kultura diputatuak, eta egindako lana beste herrialdeen zerbitzura jarri
zuen, «Gipuzkoatik Euskal Herri osoari eskainitako aukera» delakoan.
Dokumentuaren akzioak