Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko dantza tradizionalen egungo egoerari buruzko hausnarketa
Ene ustez, iragarki honen arrakasta une honetan euskaldun gehienek uste dutenarekin bat etortzean datza: Tradizioa mantentzeak inor ausartzen bada- ez du zentzurik folkloriko hitzak ospea galdu duen momentuan eta, batez ere, Euskal Herria beste ikono eta ikur batzuk, ikono eta ikur berriago eta modernoago batzuk bilatzen ari den momentuan.
Tradizioa hitzak ere bere prestigioa galdu duela esan dezakegu. Momentu honetan -Clifford-ek 1988an esan zuen bezala- produktu puruak erortzen ari dira, eta nahasketa, mestizaje eta hibridazioa kontzeptuak, berriz, beraien legea inposatzen ari dira. Horrek ez du esan nahi, noski, lehen ez zirela Tradizioan gauzak aldatu, baina beti Tradizioaren nahi bada, euskal esentziaren- izenean egiten ziren (batzuetan euskal sentimendu nazionala indartzeko asmoz: hala nola, gaur egun hain arrunta den Dantzari-Dantza ikurrinarekin egitea, ohiko udal banderaren ordez). Orain, berriz, batere beldurrik gabe elementu oso ezberdinak nahasten dira, eta, modu aski paradoxiko batean, dantza tradizionalari buruzko ikerketak erabat bete gabe daudenean, instituzioetatik kanpo eta laguntza ekonomikorik gabe.
Badirudi azken bolada honetan euskal nortasuna ez dela, lehen bezala, esentzia batean finkatu behar; are gehiago, ausarta izan behar da eta berrikuntzak egin, kasu batzuetan Tradizioa nolakoa zen gehiegi jakin gabe. Agian, gutxienez Euskal Erkidego Autonomoan, euskalduna izateak ez du hainbeste garrantzirik, aski nabaria delako. Eta agian horregatik, une honetan askoz ere garrantzitsuagoa da tokiz tokiko nortasuna indartzeko egiten diren ahaleginak. Modu honetan, adibidez, dantza berriak sortzen ari dira leku batzuetan, normalean oinarri tradizional batean, batzuetan sakona, beste batzuetan arinagoa, baina kasu gehienetan arrakasta herrikoi handiz. Prozesu horren bidez, adibidez, dantza berri batzuk, kasu batzuetan, finkatu egin dira herri batzuetan, eta arrakasta handiz. Zentzu honetan, Zangozako dantzak aipa daitezke, eta kasu bitxiago batzuk ere: Jaurrietan, adibidez, orain propiotzat dantzatzen den Juan Antonio Urbeltzek egindako koreografia, herri honetako musiketan oinarririk.
Ildo honetan, musikaren eragina ukaezina izan da: Kepa Junkera edo Oreka TX-en jarrera, bi adibide besterik ez ematearren world music-en erabat sartuta, izugarrizko arrakasta lortu dute beste herri batzuekiko musikak nahasiz, pop musikaren nazioarteko hizkuntzan. Argi dago, esate baterako, Sutargi bezalako ikuskizunetan halako eragina oso nabaria dela. Ildo honetan, azken ikuskizunetan euskal ikono musikal berriak trikitixa, txalaparta, bertsoak- gero eta gehiago erabiltzen dira, ikono zaharren txistua, koruak- ordez. Baina dantzak ez du musikaren aldakortasunik: dantzak ez du diskarik saldu, ez da irratietan entzun, eta kasu askotan jende gehiegi (dantzariak, musikariak, koreografoak, janzkera arduradunak
) inplikatzen da errentagarritasun ekonomikoa ateratzeko.
Hala ere, garbi dago dantza tradizionalaren bidea momentu honetan ikuskizunaren ideiatik pasatzen dela. Formula hau, kasu batzuetan eta nazioarteko mailan oso arrakastatsua izan da profesionaltasunaren ildotik, hala nola Riverdance edo Lord of the Dance kasuetan. Garaiko Europako Ekialdeko balet folklorikoaren baliokidea, world music-aren eragina oso nabaria da hemen ere: pop musikaren laguntzaz, dantza tradizionalen pausoak eta figurak konbinatzen dira Estatu Batuetako superprodukzio baten filosofiarekin, eszenatoki erraldoi eta dantzari profesional kopuru oso handiarekin, erritmo ikaragarri bizkorra lortuz. Jakina denez, Euskal Herrian ez da halako zerbait lortu.
Profesionaltasuna: hori da gakoa. Momentu honetan, euskal dantzaren munduan ongi aritzeko ordu asko eta asko pasa behar dira entsaiatzen eta sasoi ona lortzen: nahikoa da hori konprobatzeko edozein dantza lehiaketa ikustea: akrobaziak, jauzi ikaragarriak, izugarrizko arintasuna eta abiadura. Euskal dantza tradizionalak, neurri handi batean, estilizatu egin dira, dantza akademiko edo profesionalari hurbildu eta, honekin batera, izaera herrikoia galduz. Askotan, izan ere, badirudi herriak, egoera honetan, gero eta gehiago egiten diola uko dantzatzeari. Momentu honetan, eta gero eta gehiago, dantza tradizionala eta herrikoia ez dira gauza bera, musikan mundu anglosaxoniarrean aspalditik onartzen den bezala.
Ordu asko entsaiatu ondoren, izan ere, batzuetan maila profesionala edo ia profesionala dute gure dantzariek, baina oso lanpostu profesional gutxi daude Euskal Herrian dantzari batentzat. Bakarrik enpresa-proiektu indartsu bat pentsaezina euskal gizartean- edo, hainbeste lekutan bezala, Gobernuko ekimen bat gai izango litzateke halako ideiak Euskal Herrian aurrera eramateko. Baina ez dirudi Eusko Jaurlaritzaren proposamen artistikoetan sar daitekeenik iniziatiba hau. Bestalde, eta koruekin gertatzen den bezala, dantzari talde zaleak askotan lotuago daude batzuetan oso funtzio garrantzitsua betetzen dute- herri edo auzoen gizarteko sareekin profesionalismoaren bidearekin baino.
Laburbilduz, Euskal Herrian azken urteotan jasaten ditugun aldaketetan, batez ere gizarteko aldaketetan eta aldaketa horiek sinbolizatzen dituzten ikonoen aldaketetan aurkitu behar ditugu euskal dantza tradizionalen zergatiak. Beste herri batzuetan baino gehiago, ziur aski, kultur herrikoiaren ideia zabaldu dugu hemen, eta zentzu honetan dantzari eta dantzarien taldeen kopurua oso handia da: kultura guztiontzako ideiaren arabera, oso lotuta herri eta aberri kontzeptuekin, denok jakin behar dugu dantzatzen, eta herria bera izan behar da dantzari.
Baina paisaia garaikidea beste ideia batzuk inposatzen ari da: kultura mestizoa, bere erreferenteak kanpoan dituena, eta nazioarteko panoraman nabarmentzeko gaia. Noski, hau profesionaltasunarekin dago lotuta, baina, nahiz eta euskal taldeetan dantzari batzuk maila profesionalarekin atera, ez dirudi une honetan baldintza ekonomikorik dagoela: ez enpresa pribatuaren munduan (han beste erreferente kulturalak, normalean goiko kulturarenak, hala nola Arte edo Musika eruditua nahiago dira), ez instituzioetan (ikono kultural berriak bultzatzeko nahian dabiltza, eta dantza tradizionalak badu kutsu zaharregi bat, ziur aski), ez, musikan bezala, produktuen salmentaz aterata, dantzaren mundua askoz ere mugatuago dagoelako eta inbertsio handiagoak eskatzen dituelako.
Bi mundu hauen artean dabiltza une honetan dantza tradizionalak, bere lekuaren bila baina momentuz ez batan ez bestean sartu gabe. Paisaia postmoderno honetan ekintza kultural asko eta asko batera bizi dira elkarrekin, eta horien artean gure dantza tradizionalak ere biziko dira. Gizartea aldatzen den ahala, dantzak ere aldatu beharko dira. Bizitza mantentzen dute hauek, eta jende azkarra dago mundu horretan murgilduta: hala edo nola ateraldia bilatuko dute.
Dokumentuaren akzioak