Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza tradizionalen erakustaldia

Dokumentuaren akzioak

Dantza tradizionalen erakustaldia

Egilea
Oñatz Dantza Taldea
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2021/04/01
Lotura
Goiena

Apirilean Euskal Herriko dantza tradizionala birsortzen duten dantza talde bi gonbidatuko ditugu: batetik, Iurretako Mikel Deuna dantza taldea; bestetik, berriz, Iruñeko Duguna dantza taldea. Hain zuzen ere, hilaren 17an izango da aipatu ekitaldia, arratsaldeko 18:00etan, plazako pilotalekuan. Sarrerak eskuragarri izango ditugu oñati.eusen eta Txokolateixan, 5 euroren truke. Hilaren 13an, Jantzari "dantza, tradizioa eta parekidetasuna" izeneko dokumentala eskainiko dugu Santa Anan.

Ederra izan da gure arbasoek mendeetan zehar izan dituzten janzkeren berri izatea eta horri buruz ikastea. Izan ere, guretzat ez da garrantzitsua bakarrik dantzak mantentzea; aitzitik, garrantzitsua iruditzen zaigu, besteak beste, XX. mendearen hasieran gure arbaso baserritarrek janzten zituzten arropak ondo ezagutzea, plazaratzean aberasgarri izan gaitezen.

Saiatze hortan ezin gelditu… kantatzen zuen Laboak, eta horretan darraigu: saiatzen. Oraingo honetan, aipatu arropok eta, baita beste batzuk ere, dantzan ikusteko aukera izango dugu. Apirilean Euskal Herriko dantza tradizionala birsortzen duten dantza talde bi gonbidatuko ditugu: batetik, Iurretako Mikel Deuna dantza taldea; bestetik, berriz, Iruñeko Duguna dantza taldea. Hain zuzen ere, hilaren 17an izango da aipatu ekitaldia, arratsaldeko 18:00etan, plazako pilotalekuan. Sarrerak eskuragarri izango ditugu oñati.eusen eta Txokolateixan, 5 euroren truke.

Biek ala biek ematen dituzte beraien herrietan dagozkien dantza tradizionalak. Lehenengo kasuan, Bizkaiko dantzari dantza errepertorio ederra eskainiko digute; bigarrenean, berriz, izango dugu azken hamarkadetan Iruñetik eta Iruñarako sortutako dantza errepertorioaz gozatzeko aukera.

Esan barik doa: euskal herrian dugun ondarearen zati txiki baina ikaragarri handi bat izango dugu ikusgai gure herrian. Eta, zorionez, ondare tradizionala bidea egiten ari da. Urratsez urrats ari gara, esan moduan, bidea egiten. Eta, jakina denez, ez dira pausu guztiak tamaina berekoak. Ikaragarri pausu handia eman zuten gure dantza taldeko hainbat eta hainbat emakumek beraien dantzarako tokia eskatu zutenetik gaurdaino.

Zorionez, azken urteotan dantzan ikusi ditugu, kalez kale, Oñatiko dantzari jantzita. Ez dira bakarrak izan, baina, lanketa horretan. Apirilean gure artera etorriko diren iurretarrek ere izan zuten beraien borroka. Jorratutako bide horretan izandako bizipenak eta beste hainbat kontu ezagutzeko parada eskainiko dugu Jantzari «dantza, tradizioa eta parekidetasuna» izeneko dokumentalean. Aipatu emanaldia hilaren 13an izango da, 18:30etan, Santa Ana antzokian. Sarrera doan izango da: aurrez eskuratu beharko da, baita kasu honetan ere, aurrez aipatu eran.

Emanaldi ederrez beteta dator, beraz, apirila. Goza dezagun Bizkaiko eta Nafarroako dantzari eta dantzekin!

Gora Oñatz!

Dokumentuaren akzioak