Dokumentuaren akzioak
Dantza tradizionalaren ikuskizuna Euskalduna Jauregian
Aiko Taldea euskal folklorea sustatzen duen musikari eta dantza
maisuz osotzen da eta BIHAR ASTEAZKENA azaroaren 30ean, protagonista
izango da talde gonbidatu bezala Bilboko Udal Txistulari Bandaren
udazken-neguko kontzertu denboraldiaren barruko hitzordu berri batean.
Aiko taldeak `AIKO Txistuka´ lana aurkeztuko du, musika eta dantza
tradizionalean oinarritzen den ikuskizun original bat. Bertan Aikok,
txistuaren banda tradizionalera moldatutako eta dantzarekin lotura duten
zenbait doinu eskainiko ditu. Sabin Bikandik zuzenduko du ikuskizuna
(Udal Musika Bandako txistularia eta Aiko Taldeko sortzailea) eta Patxi
Laborda (Aiko Taldekidea eta Udal Musika Eskolako dantza irakasle)
dantza maisuren parte hartzea izango du, Idoia Kareagarekin (bigarren
txistua), Gorka Zabaletarekin (silbotea) eta Asier Garcia
perkusio-atabal jolearekin batera. Hitzordua 20:00etan izango da
Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan. Sarrera librea izango da edukiera bete
arte.
`AIKO Txistuka´ ikuskizunak, euskal folkloreari ekarpen
handiak egin dizkion oraindik gazte baina emankorra den taldearen
ibilbidea eskaintzen du. Danbolinak (txistuak), beti dauka bere
musikaren baitan leku berezia eta nolabait taldeko soinu esanguratsua
izatera ailegatu da. Kontzertuan, Aikok txistuaren banda tradizionalera
moldatutako zenbait doinu eskainiko ditu, dantzarekin lotura duten
doinuak beti ere.
Aiko
Taldea musika eta dantza tradizionalaren maisuek osatzen duten taldea
da eta dantzaldi eta erromerietan jotzeaz gain, ikastaro eta tailerrak
ere eskaintzen dituzte `Dantzaldi Ibiltaria´ programa didaktikoaren
barruan. Ekimen honek, era errazean eta jende guztiarentzat egokitutako
dantza ikastaroak eskaintzen ditu herrietan zehar eta abantailarekin
doazenentzat, bere trebetasuna hobetzeko aukera eskaintzen du. Jarduera
guztiaren osagarri , ikerketa lanak eta grabazioak argitaratzen ditu.
Patxi Laborda,
dantzako maisu eta koreografoa da. Zenbait dantza eta antzerki lanen
gidoilari eta zuzendaria izan da, hainbat dantzen berreskurapen eta
egokitzapen lan ere egin ditu eta baita, beste hainbat ikerketa-lan
etnografiko ere. Neguko folklorean espezializatua da eta dantza
tradizionalaren inguruko zenbait lan egin ditu, negukoak nahiz
ihauterietakoak. Jarduera guzti honekin batera, egun, Bilboko Udal
Musika Eskolako Dantza irakaslea da.
Sabin Bikandi, Donostiako
Kontserbatorioko gradu amaierako Ohorezko Sariduna eta Bilboko
Kontserbatorioko Kamara Musikako Ohorezko Aitortza Sariduna da. 1995ean
bere graduondoko ikasketak jarraitzeko Londresera abiatzen da. 1996an
Etnomusikologia Masterra amaitzen du Goldsmiths’ College-en. Musikako
Goi Mailako Irakaslea eta Etnomusikologia Doktorea Londreseko
Unibertsitatetik. Hainbat ikastetxetan lan egin du eta interprete bezala
Axlor taldean aritua, Bilboko Udal Musika Bandako danbolin jole, eta
Aiko Taldeko kidea da egun. Txistulari aldizkaria zuzendu zuen 1992-95
bitartean. Konposatzaile eta moldatzaile moduan estilo eta genero
guztiak jasotzen ditu beti ere txistuaren musikaren inguruan.
Partaideak: Sabin
Bikandi (Lehen Txistua eta zuzendaria), Idoia Kareaga (Bigarren
txistua), Gorka Zabaleta (Silbotea), Asier García (Danborra) eta Patxi
Laborda (Dantza Maisua).
Dokumentuaren akzioak