Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza tradizionalak irakasten jarraituko du Aiko taldeak

Dokumentuaren akzioak

Dantza tradizionalak irakasten jarraituko du Aiko taldeak

Iaz bezalaxe, Viktoria Eugenian emango dituzte doako eskolak, urritik ekainera, nahi duen guztiak parte har dezan.

Aiko taldeak erromeria eta dantza giroa zabaldu nahi ditu, eta horretan dihardu azken urteetan, euskal dantza eta musika tradizionala Euskal Herriko hainbat txokotara eramanez. “Lagun kuadrilla elkartu eta esperiementua hasi genuen, Patxi Laborde, Aitor Furundarena… orain zentzua hartu du”, azaldu du Sabin Bikendi Aiko taldeko kideak. Azken batean, herritarrek lotsa galtzea, ondo pasatzea eta dantzan ikastea da Aikoren helburua. Horretarako, Dantzaldi ibiltaria izeneko ikastaroak antolatzen dituzte. Beste hainbat herritan bezalaxe, Donostian ere iaz ikastaroa antolatu zuten, eta aurten ere leku berean arituko dira, Viktoria Eugenia Antzokian, hain zuzen ere. Oso esperientzia polita izan zela adierazi du Bikandik: “Aurten dagoeneko jendea deika daukagu noiz hasiko garen galdetuz”.
Egilea
Estitxu Zabala
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Mota
Albistea
Data
2013/09/10
Lotura
Irutxuloko Hitza

Oholtzen gainean egiten diren dantza ikuskizun horiez gaindi, dantza plazetan zabaldu nahi du Aikok. “Erein egiten dugu eskolak emanez, eta plazetan nabaritzen den kontua da”, ziurtatu du Bikandik. Hasieran, bi ordutako eskolatxoak ematen hasi ziren, 15 laguneko taldeekin; ikasleek, ordea, geroz eta gehiago eskatzen zieten, eta ikasturte osoko ikastaroak antolatzeari ekin zioten. Gaur egun, 80 laguneko taldeak ere izaten dituzte. “Irakasten ere ikasi dugu, eta gure metodologia osatu dugu”, gehitu du Bikandik.

Gainera, hainbat herritan egindako ikastaro eta erromeriekin argazki bilduma ederra osatu du Iñaki Andresek, eta irudi horiekin Dantzazaleak izeneko erakusketa zabaldu dute, Alderdi Ederreko udal liburutegi nagusian. Hilabete osoan egongo da ikusgai erakusketa. Argazkietan oso ongi ikus daiteke zer den Aikok egiten duena; musikari, dantzari eta dantzazaleen arteko harremana islatua baitago.

Dantzaldi ibiltarirako izen ematea Aiko taldearen webgunearen bidez egin daiteke, edo 634 42 35 39 telefonora deituz.

Aiko dantza taldea

Aiko taldeko Patxi Laborde, Iñaki Andres eta Sabin Bikandi.(Argazkia: E. Zabala)

Dokumentuaren akzioak