Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza terapia, torturaren minak kontatzeko

Dokumentuaren akzioak

Dantza terapia, torturaren minak kontatzeko

Egilea
Joanes Etxebarria
Komunikabidea
Ipar Euskal Herriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2025/06/06
Lotura
Ipar Euskal Herriko Hitza
Dantza terapia, torturaren minak kontatzeko

 

Filma hasten denean, etzana den emazte baten siluetaren bazterrak markatzen ditu margo beltz batek. Irudiak interpretazio bat baino haboro izan ditzake, baina argi da Olatuak dokumentalean gorputzak leku handia ukanen duela. Eta hala da. Zazpi emaztek bizi izandako torturak dira zentroan, eta gorputzak ere bai, musikaren eta isiltasunen erritmora. Dantza terapia bat egiteko juntatu dira, Itziar Leemans zuzendariaren kamera lekuko. Emazte horien testigantzen eta terapian egiten duten bidearen lekuko bilakatzen da ikuslea.

Lorea Mentaberri dantza terapeutarentzat, ezohikoa izan da esperientzia: lehenik eta behin, saioen kuadro konfidentzialetik publikora eramateko egina izan baita eta normalean jendeek jotzen baitute harengana; kasu honetan, film zuzendariak deitu zuen galdetzeko talde terapia bat egin zezakeenetz zazpi emazteren tortura kasuak ezagutarazteko prestatzen ari zen film baterako. «Egin genuen saio bat ikus zezaten gutxi gorabehera zangoa non sartuko zuten, dantza terapian ez baitakizu sekula», erran du Mentaberrik. Terapia mota horrek, eramailearen ustez, «mugitzen du saio batetik bestera eta, bizipenei doakienez, oso aldakorra da». Horregatik azpimarratu zen saioen artean paraleloki psikoterapia tradizional baten segitzeko beharra azal zitekela, baita edozein momentutan saioen gelditzeko parada ere. Lehen saioa egin ondoan, taldeak deliberatu zuen segitzea, eta Leemansek 2023an bukatu zuen Olatuak.

Torturak aipagai

Filma bukatzen denean, hondo beltzean, torturaren inguruko datu batzuk ageri dira pantailan: Euskal Memoria fundazioaren txostenean, 5.657 tortura kasu dokumentatu dituzte. Gero, zehazten da filmeko zazpi protagonistak noiz atxilotu zituzten, eta beste datu batzuk eman ere bai. Baina filma bera ez da datuetan oinarritua, bakoitzaren bizipenetan baizik: zazpi emazteren testigantzan, eta dantza terapiaren ekarpenetan ere bai. «Toki horretara heldu gara gure indarren bila, nahiz eta gure gabezia eta sufrimenduetatik pasatu behar izan beste bide bat atzemateko eta horri zentzu bat emateko», erran du terapiaren eramaileak.

'Olatuak' dokumentaleko pasarte bat. HITZA
‘Olatuak’ dokumentala. HITZA

Traumatismoak gainditzeko talde terapia batek zer ekar dezakeen galdeturik, Mentaberrik gogora ekarri ditu gai horretan berezitua den Boris Cyrulnik neuropsikiatraren erran batzuk. Zientzialariak trauma baten aitzinekoa eta ondokoa bereizten ditu, bizia ez baita «gehiago berdina» traumaren ondotik. Trauma bati zer zentzu eman galdetu ohi dela gehitu du Mentaberrik, eta arrapostuaren zati bat ikusi du zazpi protagonistek egiten duten urratsean: «Izan daiteke neure burua gutxiestea; orduan, trauma ondoko estresean sartu eta hor geldituko naiz, nolazbait pentsatuz ez dudala aukerarik bizitakoari itzulia emateko; edo, bestela, zentzua ematen ahal diot, nire erantzukizuna berreskuratuz, aldarrikatuz, emazte hauek egin duten bezala: lekukotasuna emanez, halako gauzak ez baitira onartzen ahal», trenkatu du.

Filmak protagonisten bizipenak eramaten ditu argitara, baina agerikoa da torturaren gaiari buruzko hausnarketa orokor bat ere egin nahi duela. Mentaberrirentzat, begi bistakoa da gizarte osoaren beharra badela norberaren zauriak sendatzeko ere. 2000. urtearen inguruan atxilotuak izan ziren dantza terapian parte hartu duten zazpi kideak, eta terapeutak adierazi du garai hartan «zaila» zitzaiola testigantzak irakurtzea bera, «bortitzegiak» zitzaizkiolako, beste jende anitzi bezala. «Oso zaila da hori ikustea, eta maite duzun jendea baldin bada, zailagoa. Gizartea ere traumatizatua da», gehitu du Mentaberrik. Nahiz eta testuingurua aldatu eta torturak iraganean gelditu diren ustea nagusitu, «elkarrekin zerbait egin» behar da tortura pairatu zutenen laguntzeko, gizartearen zentzu zabalean ulerturik. 

«Kexua, tristezia… Batzuetan ezin ditugu horiek guziak hitzez eman ere: zerbait sentitzen dugu gure baitan kokatua»

LOREA MENTABERRI Dantza terapeuta

Terapeuta konbentzitua da talde terapiak onura kolektiboak dituela, nahiz azpimarratu duen prozesu indibiduala dela, bakoitzarentzat desberdina. Ingurunean da giltza garrantzitsuetariko bat, Mentaberrirentzat: terapian parte hartzen duen hori «besarkadaz inguratzen duena bada, entzuten badute, ez badute epaitzen eta segurtasuna ematen badiote, aitzinatuko da». Torturaren gaia ezohikoa zaio terapeutari, halako traumatismoak dituzten pertsona taldeak ez baititu izan bere saioetan orain arte. Mentaberrik berak lanketa erregular batean dihardu beste terapeuta batekin, gainbegirada atxikitzeko eramaten dituen saioei begira.

Gorputzak erdigunean

Itziar Leemansen proposamena zen tortura testigantzak gorputzaren mintzoarekin beztitzea. «Gorputzak ez du gezurrik erraten; buruak bai, eta asko. Asko eraldatzen ditu gauzak», Mentaberriren ustez. Ez da harrigarria terapeutak ere film zuzendariaren ikuspegi bera ukaitea, jakinez gorputza duela lan tresna nagusia. Gaur egungo gizartean arlo mentala nagusitzen dela aipatu du terapeutak, eta gorputzarekin dugun lotura «moztua» dela; preseski, uste du komunikazioa ez dela soilik hitz eta begirada afera: «Kexua, tristezia… Batzuetan ezin ditugu horiek guziak hitzez eman ere, zerbait sentitzen dugu gure baitan kokatua. Holako terapiek aukera ematen dute mugimenduaren bitartez horri bide berri bat ematea».

'Olatuak' dokumentaleko pasarte bat. HITZA
‘Olatuak’ dokumentala. HITZA

Itsasontzi baten oreka lortzen saiatzea, espazioan mugitzea, begiak ixtea… Noizean behinka, protagonista nagusiek loturak egiten dituzte terapia saioetan galdetzen zaienaren eta bizipenen artean. Begiak itxirik atxiki beharra zein zaila zaion aipatu du horietarik batek, eta, preseski, oroitarazi du atxilotua zelarik hala egin behar izan zuela. «Hari nagusia» dantza bada ere, beste diziplina artistiko batzuk baliatzen dituzte terapian, «adierazpenari ahal bezain bide zabal eta aberatsa emateko. Izan pintura, marrazkia, idazketa, boza, kantua, mimoa, antzerkia, buztina, eta abar…», zehaztu du Mentaberrik. Egoera sinbolikoetatik abiatuz sormenari atea irekitzea dute xede.

Kontakizun gogorra da Olatuak filmak biltzen duena, tortura testigantzak sekula ez baitira entzuteko goxoak. Ez da uste izan behar, bestalde, dantza terapiak zauriak ixten dituela film bukaeran, nahiz ikuslea ohartzen den bide zati bat egiten dela filmean, bi urteko epean filmatua izan baita. Isiltasun artean bukatzen da dokumentala, testigantzetan bezala, zentzuz kargatuak diren isiltasunekin.

 

Itziar Leemans. Film zuzendaria.

«Gorputzak badu bere hizkuntza, eta barneko zauriak azaltzen ditu»

JULIE CLEMENT
Itziar Leemans. JULIE CLEMENT

Kubako zinema eskolako ikasketak bukaturik, Itziar Leemans (Donibane Lohizune, 1983) film zuzendari gisa hasi zen lanean. Parque Lenin eta Boca Ciega Kuban eta partez Europan filmatu zituen, eta han egitekoa du beste film bat ere. 2023an bukatu zuen Olatuak dokumentala, Euskal Herriko zazpi emazteren tortura testigantzak ardatz harturik eta dantza terapia batean oinarrituz. Beste filmetan ez bezala, emazte horiek jo zuten Leemansengana dokumentala egiteko. Berriki aurkeztu dute filma Ipar Euskal Herriko zinema geletan, Gastibeltza ekoiztetxearen laguntzarekin. 

Zure film luzeak dokumentalak dira, baina badute autore zinematik. Nolakoa da zure lana?

Nire film guztietan —horretaz ohartzen hasia naiz—, badut filmatzeko manera berezi bat: biziki hurbiletik filmatzen dut. Publikoa hurbiltasun horretan kokatzen dut, eta, lehen dokumentala egin nuenetik, publikoak intimitatea aipatzen dit. Niretzat inportanteena da ikusleei enpatia piztea nire pertsonaiekin. Ahal bezain gauza guti esplikatzen dut, eta gauzak sentiarazten saiatzen naiz beti. Informazioak eman behar dira, bestalde, baina entseatzen naiz gauzak sentiarazten esplikatzen baino gehiago. Hori da ene lan egiteko modua, iduri baitzait zinema horretarako egina dela: emozioak pasarazteko eta enpatia sortzeko.

Olatuak filmean, zazpi emazteren intimitatean sartu duzu ikus-entzulea.

Hasteko, gorputzetik abiatuz eta orainean aipatu nahi nuen tortura. Ez nuen iraganeko kontu bat balitz bezala kontatu nahi. Ez nuen aipatu nahi diskurtso historiko, sozial edo politiko batetik abiatuz, baizik eta zazpi emakume horien gorputzetatik, orainetik eta intimitatetik. Egia da jende batzuentzat irudi horiek jenagarriak izaten ahal direla. Beti bada bat gelan erraten duena gaizki sentitu dela gorputz horietatik hain hurbil izateagatik. Alderantziz, gehienek erraten dute hunkituak izan direla, momentu bat bizi izan duela neska horiekin batera, eta hobeto ulertzen dituela. Gaur egun ez, baina garai batez tortura zalantzan ezarri zenez, bukaeran nahi nituen zalantza horiek altxatu. Nahi nuen argi izatea tortura existitu dela, baita erreparazioa eta aitortza beharrezkoak direla ere. Ikusten duzularik zer zauri dituzten gaur egun, nahiz eta duela 20 edo 30 urte torturatu zituzten, ulertzen duzu ezinbestekoa dela. Aitortza orokor bat behar dute, eta konponbide bat xerkatu behar da. Ezin ditugu hola utzi betiko. Eusko Jaurlaritzak plantan ezarri zen Istanbulgo protokoloa 2016an, baina zer egin dute horren bitartez? Frogatu zen bazirela 4.000 kasu inguru dokumentatuak, eta gero, deus ere ez. Torturatzaileak ez dira zigortuak, ez da deus martxan ezarri legalki. Hori bigarren etapa litzateke, eta egin behar da!

«Inportantea da mitoak eta estereotipoak haustea: ez gara beti azkarrak eta ez dugu beti aitzina segitzen»

Nola kausitzen da hurbiltasun hori erakustea hain traumatikoa den gai bati buruz aritzean?

Normalki, nik izaten dut film bat egiteko ideia, diru laguntzak xerkatzen ditut, eta filmatzera joaten naiz. Aldi honetan, alderantzizkoa izan da: neskak hasi ziren dokumental bat egiteko nahiarekin. Nekatuak dira, hainbat aldiz hitz egin baitute. Ideia zen dokumentalak haien ordez hitz egitea, haientzat biziki inportantea baita tortura aipatzea eta salatzen segitzea, baina orain jadanik pixka bat nekatuak diren ardura horren eramateaz. Haien ideia zen, eta deitu ninduten horren egiteko. Lekukotasunekin hasi ginen: hainbat galdera prestatu nituen, baina, azkenean, baztertu nituen, eta nahi zutena kontatu zuten. Gero, hiru hilabete pasatu nituen transkripzioak egiten, beti galdera bera nuela buruan: zer irudi mota eginen dut hain lekukotasun krudelak laguntzeko? Hor jin zen taldean dantza terapia egitea. Saiakera bat egin genuen Lorea Mentaberrirekin, eta, hilabete baten buruan, zazpiek baietz erran zuten. Bi urtez egin genuen terapia hori. Inportantea zen kolektiboki egitea, eta gorputzetik lantzea zerbait. Zinemagile gisa, ohartu naiz gorputz guztiek hitz egiten dutela, eta bizirik eramaten duten zauri hori argiki azaltzen dela mugimenduetan eta posturetan. Gorputzak badu bere hizkuntza, eta iduri zait biziki argiki azaltzen dituela barneko zauri horiek guziak.

Terapia batean ziren. Kamera traba edo laguntza izan zen?

Lehen saioa egin eta gero, kezka hori nuen, ez ote nintzen traban. Aldi oroz bilkurak egin ditugu hori dena aipatzeko. Galdetu nien, eta batek erran zidan ez zuela nire presentzia sumatu ere egin. Zazpiek erran zuten ez zirela trabatuak ni han egonda ere; alta, biziki hurbiletik filmatu nituen, batzuetan berrogei zentimetrora. Modu batean, kamera ere dantzan jarri da.

Haien partez mintzatzea galdetu gabe, zure ustez zer eragin ukan du filmak protagonistengan?

Proiekzio pribatu bat egin genuen haien inguruko jendearekin, eta geroztik ez dute berriz ikusi, egia erran. Film hori egina da haien ordez hitz egiteko. Kontent dira emaitzarekin: ederra eta indartsua atzematen dute. Gustatzen zaie, ikuspegi feministatik egina baita, eta deseraikia baita militante azkarraren mito hori, Itziarren semea-ren mitoa. Mitoak eta estereotipoak haustea inportantea da: ez gara beti azkarrak eta ez dugu beti aitzina segitzen; batzuetan suntsituak gara, eta hori onartu behar da.

Zuzendari gisa holako lanetatik bizitzeko parada duzu, ala militantziaz egiten dituzu?

Duela lau urte, intermitentzia lortu nuen, eta oreka bat atzeman dut diru laguntzak bilatuz. Egiten dudan lanaren parte bat ez da pagatua, baina intermitentziarekin badut erosotasun ttipi bat. Duela hamar urte sartu nintzen Euskal Herrira, eta, lehen sei urteetan, ostatu batean lan egiten nuen; filmak denbora librean lantzen nituen. Espero dut oreka honetan segituko dudala, baina intermitentzia egun batetik bestera galtzen ahal duzu. Autore izatea prekario izatea da, normalean.

Baduzu beste proiekturik bidean?

Badut fikziozko film luze bat euskaraz, Gastibeltzak ekoiztuko duena. Gidoia bukatu dut azkenean, eta laguntzen atzetik hasiko gara orain; hiruzpalau urte beharko dira. Badut fikziozko labur bat ere bidean, hori ere Gastibeltzarekin; hori bi urtean filmatzen badugu, ongi. Bestalde, nire aldetik mugitzen ari naiz Kuban hirugarren dokumentala egiteko.

 

ITZIAR LEEMANSEN LANAK

  • ‘BAINERA’ (2018). 

    Fikzioa. 6 minutu. Gastibeltza Filmak.

    Txalupa txiki bat ur nahasi beltzetan aitzinatzen da emeki. Bidaian zehar gizon batek presondegian bizi izan dituen torturak gogoratzen ditu.

  • ‘OLATUAK’ (2023).

    Dokumentala. 78 minutu. Mairietxe Elkartea. 

    Dantza terapiak aurrera egiten duen bitartean, iraganean jasan dituzten tortura fisiko eta psikologikoen testigantza hunkigarriak ematen dituzte zazpi emaztek.

  • ‘PARQUE LENIN’ (2015).

    Dokumentala. 75 minutu. Nomadas Films.

    Hiru anaia-arrebek Habanako Lenin parkean elkarrekin iragan azken arratsaldea gogoan dute. Biharamunean, Antoinek Yesuan eta Karla gaztetxoak utziko ditu, Frantziara opera ikastera joateko.

  • ‘BOCA CIEGA’ (2020).

    Dokumentala. 65 minutu. Les Films du Temps Scelle.

    Habanako kaleetan lan egiten duen Thomas Henriot margolari ezohiko eta erradikalaren potreta bat proposatzen du.

Dokumentuaren akzioak