Dokumentuaren akzioak
Dantza taldearen omenaldia jasoko dute Gervasio Legorburu eta Karmele San Sebastianek
"Dantzen alde egindako lana eskertu gura diegu", azaldu dute Oinarin
dantza taldeko kideek otsailaren 3an egingo duten omenaldia dela-eta.
Gervasio
Legorburu eta Karmele San Sebastian omenduko dituzte otsailaren 3an,
domekan, Antzuolako plazan. Azken 35 urteetan Antzuolako dantzen alde
egindako lanaren ordaina izango da. Izan ere, urte mordoa pasa da
Legorburu eta San Sebastian dantza eskolak ematen hasi zirenetik.
"Hasiera batean, Purita Zabalo eta Bitoriano Etxaniz ere hasi ziren",
gogoratu dute Legorburu eta San Sebastianek.
Berreskuratutako dantzak
Dantzak erakusteaz gain, dantza horien nondik norakoak ere aztertu
dituzte bi omenduek. "Aratusteetako Sorgin dantza berreskuratu zuten,
adibidez. ", gaineratu dute Oinarin taldekoek. "Antzuolako
aratusteetako ohiturak ere berreskuratu dituzte; tximinoa, hartza eta
hezitzailea, adibidez. Baita ere makila-txiki eta handi dantza, arku
dantza eta zinta dantza", diote dantzako kideek.
70. hamarkadako
lehen urteetan herri mailan egindako lanaz gain, bailara mailan
egindako lana ere eskertu gura diote dantza taldekoek.
Gustura egindako lana
"Guretako dantza, gure herriaren kulturaren zati bat da. Orain arte
egindakoa, aurrerantzean ez dadila galdu", erantzun dute bi omenduek
eurentzat dantza zer den galdetzean.
Gervasio Legorburu eta Karmele
San Sebastian pozik daude jasoko duten omenaldiarekin; baina, "ez dakit
merezi ote dugun", gaineratu du San Sebastianek. "Guk gura izan
dugulako egin dugu lan dantzaren inguruan, inork behartu gabe", esan
dute. Duda barik, pozik daude dantza taldeko gazteak eurekin gogoratu
direlako. Aratuste-domekan plazan izango dira "urtero bezala!", diote
biek.
Dokumentuaren akzioak