Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza-talde ona

Dokumentuaren akzioak

Dantza-talde ona

Compañia Nacional de Danza

Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2002/04/16

Hiru urtean Nacho Duatok talde profesional bihurtu du jatorriz kontserbatoriotik datozen dantzari gazteak, eta baita bizitza profesionalaren atarian kokatu ere: benetan lan harrigarria. Hori izan da zuzendariak erakutsi nahi izan duena Bilbon urtero duen topaketa leialean: dantzari talde sendoa eta aldakorra koreografia desberdinei zabalduta dantza modernoan barrena.



Agertoki gordina, eszenografiarik gabe, erabili zuen Patrick de Banak Nightsongs-en koreografia bizitzaren gaineko gogoeta filosofikoa egiteko: soinketa edo borroka erritmikoaren baliabideekin, jaiotza edo heriotzaren bakardadea eta besteekiko harremanetan ditugun gogo-egoera desberdinak adierazi zizkiguten leku aldaketa askorik egin gabe bi bikote dantzariek Arvo Part eta Alberto Iglesias gipuzkoarraren musikekin batera. Ondo txalotua.



Erabateko estreinaldia eskaini zigun Yoko Tairak Oviedoko dantzari eta maisuak, Ni un alma, zorte desberdinetako musikekin egindako koreografia filosofikoa: bakoitzak bere arima propioa atxilotzen du eta norberak lortuko du bere askapena maitasunaren bidez. Kalitate diferenteetako musikek baldintzatu egin zuten gaiaren bateratasuna; aldiz, atxilotuaren eta taldearen dantzak eta irudiak indar handikoak ziren. Dantzazaleen gustukoa.



In crescendo joan zen dantzaldian, Nacho Duatok berak asmatutako Duende koreografiak hitzaren bi esanahi azaltzen zigun: xarmarena edo izaki beldurgarriena umeen ipuinetan. Zuzendariak Claude Debussyren musika inpresionista, sentsuala eta ekialdekoa erabili zuen, horri guztiz uztartuta zegokion dantza klasikoari, modernoa edo ekialdekoari, sintesia biribila lortzeko azken dantza sagaratuan eta profanoan. Ederra.

Dokumentuaren akzioak