Dokumentuaren akzioak
Dantza talde bat baino gehiago
Galdakaoko Andra Mari elkarteak hirurogei urte bete ditu aurten eta transmisio lanetan aritu ez ezik, Euskal Herriko hainbat tradizio eta doinu ere berreskuratu ditu
Egun herri orotan aurki daiteke dantza talde bat. Hortaz, Galdakaoko Andra Mari dantza taldea jai nagusietan eta egun berezietan erakustaldiak egiten dituen elkartea baino ez litzateke izango. Hirurogei urte daramatzana, hori bai. Hala ere, sakonduz gero, dantza talde bat baino gehiago dela ohartuko gara. Euskal Herriko dantza talde zaharrenetariko honek ohituren eta kulturaren transmisioa sustatu ez ezik, ikerketa lanetan jardun baitu hainbat tradizio, doinu, jantzi eta tresna berreskuratu ahal izateko; Arratiko jotak eta Altsasuko karnabalak besteak beste.
«Huts bat zegoela ikusi genuen eta Juan Antonio Urbeltz iruñarra, dantza gaietan maisua denarekin, tradizioak berreskuratze nahian hasi ginen lan egiten», gogoratzen du Kepa Ajuriak, Andra Mari taldeako presidenteak. Lehenengo helburua Altsasuko inauteriak berpiztea izan zen, hilak baitziren. «Hango pertsona nagusiekin hitz egin genuen beraien oroitzapenak biltzeko: gogoratzen zituzten pausuak, arropak… eta gero informazio guztiarekin dantzak berritu genituen. Gure lanari esker, 1976an inauteriak egin ziren berriro», onartzen du Ajuriak. Dagoeneko desagerturik zeuden Auritzeko beste irrada batzuk ere eskuratzea lortu zuten, Jose Angel Irigarairen laguntzarekin. Ikerketa lan honek bihotzeko oroipen ahaztezinak uzten ditu, esaterako Zuberoko dantzak arakatzen egon zirenean: «Larunbatean baserrietan laguntzen genien eta, amaitu ondoren, entseguak egiten genituen», barre egiten du hamar urterekin Andra Mari taldean parte hartzen hasi zenak.
Etxetik hurbilago, Arratian zehar, izugarrizko miaketa ere egin dute: Bediatik Ubierara eta Zeberiotik Dimatara baserriz baserri ibili dira jadanik galduta zeuden jotak berreskuratzen. Hots, ohiturak, pausuak eta janzkerak, baina baita erromeriako doinuak ere. «Taldeko musikaria eta elkarteko presidentea ere izan zen Jon Zamalloak, adinekoek ahapetik kantatzen zutena partituretara itzultzen zuen. Zoragarria da benetan egindako lana», aitortu du Ajuriak. Aparteko ahalegin hauek guztiek badute bere saria: beste herrialdeko dantza taldeekin egindako harreman sendoak. «Andra Marik pozik egon behar du hainbat gauza eder lortu baititu, haien artean, harreman onak. Esaterako, Galdakaora 70 eta 80 urteko jota bikoteak ekarri ditu, eta hori aintzat hartzekoa da».
60. urteurrena
'Acción católica' taldeak antolatutako ekintza baten ondorioz jaio zen 1955ean, Andra Mari elizaren inguruan. Hortik hartu zuten izena, alegia. Zortzi urte geroago, euskal nortasuna defendatzen zuten hogei mutil horiek parrokiatik irten behar izan zuten egoera politikoagatik. Eskerrak, Pontzi Zabala mediku ezagunak lonja utzi ziela saioak han bertan egiteko. Denborarekin, emakumeak parte hartzen hasi ziren eta, gaur egun, 120 umez gain, 70 partaidek osatzen dute elkartea, dituen 500 bazkide ahaztu barik.
Aurten 60. urteurrena ospatzeko, hainbat ekimen antolatu dituzte azaroan. Izan ere, Iparraldeko kantarien emanaldia antolatu dute gaur Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, non Mikel Markez eta Aire Ahizpek ikusi ahal izango dira besteak beste.
Transmizio lanak Europan zehar egindako bidaietan du bere isla. «44 guztira: Frantzia, Finlandia, Suedia, Bulgaria, Austria…». Kanada eta Estatu Batuetako Boise, non euskal diasporak aparteko garrantzia duen, bisitatutako lekuen artean ere badaude. «Atzerriko jaialdietara joaten garen bakoitzean, herri txikia izan arren, daukagun oparotasuna aipatzen dute. Izan ere, seipazazpi dantza mota erakusten ditugu eta batetik bestera arropak aldatzen ditugu», azaltzen du Ajuriak. Hainbeste bidaia -gehienak autobusez, orduak eta orduak igarota- ezinbesteko pasadizo ugari botatzen dituzte. «Hungariatik bueltarako bidean, geldialdi bat egin eta gero, taldeko kide bat errepidean utzi genuela konturatu ginen», barre egiten du elkarteko presidenteak. «Auto-stop egiten harrapatu genuen». Beste behin, istripu bat izan zuten eta gidariak ziegan igaro behar izan zuen laupabost egun.
Ondorengoak
Etorkizunera begira dantza taldeak «beste horrebeste jarraitzea» espero du. «Dena den, gazteen eskuetan dago, eurek egin behar dute aurrerantz». Une aproposa ez dela onartzen du. «Txikienek ekintza gehiegi dauzkate: hizkuntzak, musika, kirolak… eta hori gure aurka doa. Gainera, gure garaian genuen militantziarik ez dago. Orain neska-mutil askok 'txami'-etan igarotzen dituzte orduak eta orduak, ezer egin gabe».
Hala ere, bere asmoen artean lokaletan gordetzen dituzten altxorrak erakustea ere badago. Janzkera guztiz ezberdinez gain, iraganeko ehundaka argazki eta bideo dituzte eta, batez ere, artisau-lanaz egindako tresna tradizional ugari: arpak, zarrabeteak, dultzainak, txirulak, albokak… «Gure tresnagile Koldo Telleriak materiala lortu eta bere eskuekin egiten ditu».
Dokumentuaren akzioak