Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza talde bat baino askoz gehiago

Dokumentuaren akzioak

Dantza talde bat baino askoz gehiago

Euskal kultura eta folklorea hedatzea helburu duen iruña taldeak 40 urte betetzen ditu aurten

Egilea
Miren Mindegia
Komunikabidea
Noticias de Navarra
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2012/03/27
Lotura
Noticias de Navarra

1972an 30 pertsona inguruk sortutako talde honek euskal kultura dantzaren bitartez hedatzea zuen helburu nagusitzat, bide horren ibilian ikerketa eta berreskurapenaren eskutik abiatuz. Iñaki Saenz egungo taldekide denak azaldu bezala, "Muthiko Alaiak taldean izandako bereizketa batetatik sortu zen Iruña Taldea". Hasiera "la-tza" izan bazen ere, kide kopuru eskasagatik, laster finkatu zuen taldeak bere nortasun eta norabidea.

Berreskurapenaren sakontze horretan, Doneztebeko Trapatana edo Arruazuko Larraindantza bezalako dantzak biziberritu zituzten, herri bakoitzera bertaratu eta jendearekin hitz eginez, galdetuz, ikasiz. Hala, dantza pausoez haratago, dantza bakoitzaren jatorrizko janz-kera, musika tresnak eta partiturak ere berreskuratu ziren. Saenzen erranetan, "helburu nagusia, hasieratik, euskal folklorea heda-tzea zen". Ezagutarazte prozesu horretan, Iruña Taldeak Euskal Herriko bazterretan barrena ibili da berrogei urte hauetan, herriz herri, bestaz besta: guztira, 600 saio baino gehiago eskaini dituzte. Baina gure mugetatik haratago ere abiatu izan dira, Austria, Alemania eta Eskoziako jaialdietan parte hartuz, besteak beste.

Dudarik gabe, Iruña Taldearen historiako pauso garrantzitsuenetako bat 1997an eman zen, 25 urteurrenarekin batera talde izatetik elkarte izatera igaro zirenean: Iruña Taldea Euskara Kultur Elkartea dira geroztik. "Adin batera iritsita kideek taldea uzten zutela ikusirik", azaltzen du Saenzek, "taldearekiko lotura horri jarraipen bat ematea beharrezkoa zela ondorioztatu genuen". Baina ez hori bakarrik, izan ere, "dantza edo musika taldeaz gain, euskara eta kulturarekin lotuta dauden hainbat jarduerari bidea ireki zitzaion".

Hala, taldearen funtzionamendua guztiz aldatu zen ordutik aurrera. Dantzari eta musikariez gain, kulturaren alde lan egin nahi zuten edozeini ateak ireki eta bazkide izateko aukera luzatu zitzaion. Bestalde, San Lorentzo kalean egoitza berri bat eskuratu zuten, denborarekin auzoaren erreferente eta bilera leku bilakatu dena. Hitzaldi, ikastaro, kontzertu eta bestelako ekitaldi askok euren lekua aurki-tzen dute Iruña Taldearen etxean.

Gaur egun, taldea dantzari, fanfarre eta dantzari txikien taldeak osa-tzen dute, 75 inguru kiderekin. Saenzen iritziz, belaunaldi berrien jarraipena garrantzitsua da elkartearentzat: "Dantzari txikien taldea osatu zenean, argi genuen harrobi lana egin behar genuela, taldearen etorkizuna bermatzeko".

OSPATZEKO UNEA Iruña Taldeak, beraz, badauka zer ospatu. Elkartearentzat garai saminak diren arren, herri eta eskoletako dantza talde kopuruak gora egin ahala kide zein diru sarrerak murrizten joan baitira, kideek gogotsu eki diote urte honetako ospakizunei. Hala, bihar, 20.30etan, Beltxa eta Lur taldeen musika emanaldia eskainiko da alde zaharreko Iruñazarra ostatuan. Ospakizun nagusia, baina, larunbatean izango da. Iruña Taldeko 100 bat kide eta kide ohiek Nafarroa Behereko Kabalkada ospatuko dute, goizeko 10.30etan, San Lorentzo kaleko egoitzatik abiatuta. Amaiera Burgoen plazan izango da, 13.00ean, non dantzen ikuskizuna zabalduko den.

Urte guzti honetan zehar, hala ere, urteurren ekitaldi gehiagori ere ekingo diote Iruña Taldekoek, izan ere, 40 urte ez dira egunero betetzen.



 

 

 

 

Dokumentuaren akzioak