Dokumentuaren akzioak
"Dantza suspertzeko bidea aurkitu dugu"
Joxe Juan Ugalde, Euskal Dantzarien Biltzarreko kidea
- Segurakoari eta beste hainbat txapelketari esker, fandango eta arin-arinak inoiz baino perfektuago dantzatzen omen dira.
Hala da, baina ez hori bakarrik. Gure artean 60ko hamarkada ezkero nahikoa sustraituta dauden txapelketa horiei esker salbatu ahal izan dugu dantza sueltoa, neurri handi batean behintzat. Dantza mota horrek azken urteotan plazetan izan duen gainbehera begibistakoa baita. Txapleketei esker, aldiz, egun ere jende gaztea dugu oholtza gainean fandango, arin-arin, trikitxa eta porrusaldak dantzatzen. Inoiz baino perfektuago, gainera.
- Salbazio fenomeno hori batez ere Gipuzkoan gertatu da. Ikusi besterik ez dago: Segurakoan gaur parte hartuko duten hamalau bikoteetatik hamabi gipuzkoarrak dira. Zergatik?
Gipuzkoan Dantzarien Biltzarretik tokian tokiko txapelketen antolaketei koherentzia ematen hasi ginelako... puntuazio sistemak lantzen, bikoteak bultzatzen... Hori ez da gainerako herrialdeetan gertatu, ez neurri berean, behintzat, eta nabaritu egiten da. Horra hor Bizkaia, Gipuzkoako adinako tradizioa izan duena. Egun, berriz, bikote gutxi daude han, eta gainera, daudenek gipuzkoar izaera hartzeko joera dute. Araba eta Nafarroan justu-justu dabiltza eta Iparraldean, txapelketa sistema horrek ez du inoiz tradizio handirik izan.
- Bizkaiko bikoteek gipuzkoar izaera hartzeko joera dutela esateak zer esan nahi du, zehatz-mehatz?
Txapelketa sistemak balizko akats guztiei gain hartzen dien bertute handi bat du, dantza sueltoari eusteko bide ematea, alegia. Baina horrek ez du esan nahi akatsik edo kontraesanik ez duenik. Kontraesan horietako bat txapelketa izaera bera da, eta beste bat dantza-era guztiak berdintzea. Atarrabiako batek, berez, ez luke Bergarako batek bezala dantzatu behar. Lehiak, ordea, horretara bultzatzen du. Horrek txapela lortu du, eta horrela egiten du; beraz, nik horrela egiten baldin badut, txapela lortzetik gertuago egongo naiz. Hori da pentsaera. Eta ondokoaren pausoa hartzearen hartzeaz, azkenean, dantza-era guztiak berdintzen joan dira. Azken batean, globalizazio modu bat da.
- Sueltoko sokaren beste muturrean, dantzok hogei urteko epean plazetan izan duten gainbehera dago.
Iparraldean mutxikoen bidez plazako tradizioari eutsi diote. Hegoaldean, berriz, gainbehera begi-bistakoa da. Eta horren argazkirik lazgarriena hogei lagun begira baina dantza egin gabe dituen trikitilari bikotearena da. Garai batean hogei beharrean ehun zituzten eta den-denak dantzan. Oso epe laburrean, Euskal Herria herri dantzari izatetik herri ez dantzari izatera pasatu da. Plazako dantzen gainbehera hori ez da Katalunian gertatu, ezta Aostan, Alsazian edo Bretainian ere. Garai berriek gogorrago jo ote dute Euskal Herria? Ez dakigu zehatz-mehatz, baina garbi dago azken urteotan gure dantza tradizioa oso eskatua geratu dela eta neurriak hartu beharra dagoela.
- Nolakoak, ordea?
Gure gurasoen garaian erromeriak eta bilerak nonahi egiten ziren. Aristerrazu eta Zamalbiden, baina baita Donostiako Plaza Berrian ere. Hau da, baserri giroan zein kale giroan. Erromeriak prestigioa kale giroan galdu zuen. Bada, inoiz burua altxatuko badu, galdu zuen horretan beharko du altxa, kale giroan, alegia. Beraz, beste ezer baino lehen, suspertze lana kale giroan hastea erabaki genuen. Kale giroan eragina izateko zerbait handia behar genuen, entzutetsua, ikusgarria eta aldi berean, sendoa, hau da, ez bere horretan agortuko den ahalegin bat, baizik eta emaitzak emango zituena. Eta horrela sortu zen orain dela bost bat urte, Errrenterian, lehenengo erromeria nazionala. Egitarau bete-betea prestatu genuen, partaide ospetsuekin, gainera. Guk dantzariak sortu behar genituen eta horregatik erromeria egunari begira, herriz herriko dantza taldeen bitarteaz, hainbat dantza ikastaro antolatu genituen. Arrakasta erabatekoa izan zen, eta geroztik Errenterian esperientzia urtero-urtero errepikatu da. Orain dela bi urte gauza bera egin genuen Bergaran, lehenengo aldiz Jalgi hadi dantzara markarekin, eta hor ere funtzionatu zuen. Datorren larunbatean Berrizen txanda izango da eta aldez aurretik antolatu dituzten ikastaroen eta sumatzen den giroaren arabera, ez dugu huts egingo. Bi urte barru, berriz, Jalgi hadi plazara Amurrion egingo dugu. Eta horrela, dozenaka, ehunka dantzari berri sortzen ari gara, jendeari aukera emanez gero, aukera horri heldu egiten baitio. Bestalde, dantza giroa sortzen baldin baduzu, sortzen ari garen bezala, dantzari zaharrak ere berpiztu egiten dira. Eta hori ere oso onuragarria da, jakina.
- Azken urteotan dantza sueltotik abiatutako ikuskizun modernoak ari dira sortzen. Horra hor Kupeletan erronka eta Gernika 1937. Zer iruditzen zaizkizu?
Primeran, dantzak gari berrietara ere egokitu behar direlako. Egun, osojende berritzailea dabil dantza munduan. Eta ausartenek panorama irauli ere egin lezakete.
- Bertsolaritza, trikitia eta oro har ohiturazko euskal kulturaren beste alor batzuetan gertatu den eguneratze prozesua dantza munduan ere gertatzen ari dela uste duzu?
Bai. Kepa Junkerak edo Joseba Tapiak trikitian egiten dutena Edu Muruamendiaraz dantzan egiten ari dela esango nuke nik, nahiz eta Muruamendiarazek, oraindik behintzat, hainbeste oihartzun publiko lortu ez duen, besteak beste dantzaren eragina musikarena bezain zabala ez delako. Edu ez da bakarra ordea. Horra hor Kimetz Larrañaga edo Jon Maya, beren ikuskizunetan dantza sueltoari formatu modernoagoa eta gustagarriagoa eman diotenak. Eta Iban Agote eta Aiert Beobide... eta beste batzuk. Gainera, egungo dantzariak zirko bat sortzeko modukoak dira, esan nahi dut trebeak baino trebeagoak direla. Eta buruz ere oso ondo prestatuta daude...
- Zer esan nahi duzu?
Gu aktibistak ginen. Guk egin egiten genuen. Baina aipatu dizkizudan horietako bakoitza, aktibista izateaz gain, ideologo ere bada. Horiek jorratutako bide berriek ere lagunduko diote dantza sueltoari prestigioa berreskuratzen.
- Dantza sueltoak azken urteotan izan duen gainbehera nabarmena ikusirik, ez ote zara optimistegia?
Beharbada. Beharbada nirea ilunaren ondoren argia ikusten hasi denaren gehiegizko optimismoa baino ez da. Baina hala da. Dantza sueltoan gauzak mugitzen hasi dira eta denak norabide berean. Saharako basamortuan porruak alferrik aldatzen ari garela ikusiko bagenu, palmerak aldatzen hasi beharko genuke edo beste norabait joango ginateke. Baina bidea aurkitu dugu eta batez ere guztiz balekoa dela frogatu dugu. Lehen soziologiari ez genion jaramonik egiten; orain, aldiz, kultur eragile bezala, gizartea irakurtzen ikasi dugu. Eta nik uste dut horrek zerikusi handia duela asmatu izatearekin. Diagnostiko garbia egiten asmatu dugu, eta horren arabera hartu ditugun neurriek funtzionatu egiten dute. Hamar-hamabi urteren buruan, Hegoaldean fandango, arin-arin eta gainerakoekin Iparraldean mutxikoekin gertatu den gauza bera gerta daitekeela uste dugu. Inork ez du esaten erraza izango denik, baina bidea aurkitu dugu eta helmuga ez zaigu lehen bezain urruna iruditzen.
- Beraz, Voltairek esaten zuen bezala, euskaldunok Pirinioen bi aldeetan dantzatzen duen herria izaten jarraituko al dugu?
Espero dezagun. Gauza txikiek egiten dute herri bat handi; eta gauza txiki horietako bat, dudarik ez egin, dantza da.
- XIX. mende hasieran, Humboldt-ek Durangaldeko gizon-emakumeak fandangoa dantzatzen ikusi zituen eta, egungo ikuspuntutik gezurra badirudi ere, hura izugarri lizuna iruditu zitzaion. Zergatik?
Dantza jolas bat da, estilo, gustu, gogo eta plastikotasun gehiago edo gutxiagorekin egiten den jolas bat. Humboldti ez zitzaion ikusi zuen jolas hura gustatu. Seguru asko garai hartan dantza askoz gehiago nahasten zelako zirriekin eta, jakina, Humboldtek dantzan baino gehiago zirriei eman zielako arreta.
- Dantza ondo egiteko zer behar da? Prestatze-saio kontua baino ez ote dea?
Alor guztietan badira jaiotzez-edo dohain hobeak dituzten pertsonak. Horri berezkotasuna deritzo. Nik esango nuke berezkotasuna dantzan beste alor askotan baino askoz nabarmenagoa dela. Asko saiatu arren, berezkotasunik ez baduzu, dantzazale handia izango zara, ez, ordea, dantzari ona.
- Eta berezkotasuna ez dagokie soil-soilik hanken mugimenduei, noski...
Hankekin bakarrik ez da dantzatzen, jakina. Dantza gailurrera eramateko, gorputz eta arima dantzatu behar da. Bi pertsona aurrez aurre dantzan jartzen direnean, elkarri zerbait ematen diotenean, feed-back bat sortzen da, elkarrizketa bat. Askotan, hitzez ere adierazten den elkarrizketa, esaterako, lore bat edo adore emateko hitz batzuk. Ez, hankekin bakarrik ez da dantzatzen. Are gehiago, nik esango nuke gaur egun, txapelketetan-eta, hanken urratsak inoiz baino perfektuagoak direla, baina, oro har, aire gutxiagorekin dantzatzen dela.
- Airea, airea... Zer da zehatz-mehatz airea, baina?
Bai, bere baitan den-dena hartzen duen kotzeptu global eta etereo horietako bat da. Lehen berezkotasun gehiagorekin dantzatzen zela esan nahi dut.
- Gaur egun inoiz baino perfektuago baina aldi berean lehen baino mekanikoago dantzatzen dela, alegia.
Mekaniko hitz hori saihesten ahalegintzen ari nintzen, baina bai, hori da. Adibide bat jarriko dizut: dantza simetria da, baina gehiegizko simetria antinaturala ere izan daiteke eta plastikotasuna hautsi dezake.
Profila
Jaiotze data: 1960ko irailaren 27ª
Jaioterria: Lezo
Egoera zibila: Ezkonduta dago eta hiru alabaren aita da.
Ogibidea: Euskadi irratiko esataria.
Dantza munduan eginiko bidea: Bost urterekin hasi zen. Hiru aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun eta lau aldiz Gipuzkoako txapeldun. Egun, Euskal Dantzarien Biltzarreko Dantza Sueltoko koordinatzailea da.
Zaletasunak: Arrantza (Iparraldeko hondartzetan egin ohi du), mendi-bizikleta, eta irakurtzea. Denetatik irakurtzen du, baina poesia du bereziki gustuko. Bernardo Atxaga, Truman Capote eta Jose Saramago maite ditu, beste autore askoren artean.
Bidaiatzeko leku bat: Irlanda
Dokumentuaren akzioak