Dokumentuaren akzioak
Dantza sueltoko txapelketa dantza moldeak perfekzionatuz doaz
Teknika eta tradizio ikuskizuna
Aurreko urteetan bezala, Segurako Baratze pilotalekua jendez gainezka egongo da asteburu honetan. Dantza sueltoko Euskal Herriko txapelketa garrantzitsuenak, gainera, hogeita bostgarren urteurrena betetzen du aurten. Hori dela eta, txapelketan irabazle suertatzen direnei omenaldi berezia egingo zaie.
Azken edizioetako partaidetza kopuruari eutsiz, hogeita bat bikote izango dira aurrez aurre larunbateko finalaurrekoan. Ohi den bezala, Gipuzkoako bikoteak dira nagusi, baina aurtengo edizioari Euskal Herri mailako izaera emateko asmoz, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako bikoteak lehiatuko dira.
Epaimahai zabala
Hamabi bikoterik onenak eta herrialde bakoitzetik hobekien sailkatutako bikotea izango dira igandeko finalean. Besteak beste, Elorrio, Orereta, Azkoitia, Sestao, Amurrio, Portugalete, Donostia edo Bergarakoak dira dantzariak. Saioak puntuatzerakoan aniztasuna bermatzeko, berriz, ohiko epaile gipuzkoarrez gain bizkaitar eta arabarrik ere izango da epaimahaian. Erritmoa, bikotekideen arteko koordinazioa, zailtasuna eta dantzaren egikaritzea, irizpide horiek izango dituzte kontuan epaileek.
Txapelketaren sari nagusia Nestor Basterretxeak eginiko eskultura izaten da. Urtean zehar bikote irabazlearen udalean egoten da. Hiru urtez segidan, edo bost txandaka, irabazten duenak, berriz, garaikurra berak eramaten du betirako.
Aurten eskultura berria egin behar izan du Basterretxeak. Izan ere, iazko txapelketan Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde azkoitiarrek osatutako bikoteak euren udalera eraman zuten.
Dantzakera aldaketa
Hogeitabost urteotan garaikurrak aldaketa handiegirik izan ez badu ere, ez da horrela gertatu dantza moldeekin. Izan ere, adituak bat datoz sueltoko dantzak aldaketa sakona izan duela adieraztean. Jose Juan Ugalde dantzari ohia eta Gipuzkoako Dantza Sueltoko koordinatzailea da. Bere ustez, dantzaren bilakaera oso nabaria izan da azken hamar urteotan, «teknikoki inoiz izan ez duen maila lortu du, eta agian horrek sentimenduan galtzea eragin du», diosku. Gipuzkoako dantza sueltoa izan da gehien hobetu den aldaera, eta hauxe izan daiteke, bere ustez, beste lurraldeetatik txapelketara aurkezten den bikote kopuru urriaren arrazoia.
Plazatik akademietara
Lehengoak ez bezala, gaur egungo dantzari gazteak eskola edo dantza akademietan ikasitakoak dira. Lehiakortasuna, hortaz, dantza hezkuntzara ere heldua da. «Txapelketak eragin negatiboa izan dezake dantzan. Izan ere, bikoteek arrakastatsua gertatzen den eredua jarraitzen dute, tokian tokiko ezaugarrien kalterako», Jose Juan Ugaldek dioenez. Txapelketaren ezaugarri horrek, halaber, estiloen bateratzea ere ekarri du, eta asko dira inguruko herri edo lurraldeetako pausoak eurenganatzen dituzten bikoteak.
«Telebista eta bideoari esker, saioak behin eta berriz ikusi eta moduak kopiatu egin daitezke, herrien arteko desberdintasunak leunduz», diosku Belen Sagarzazuk, Seguran lau aldiz txapeldun eta Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelderen irakasle izandakoak. Dantza perfektua egiten dute oraingo dantzariek. Laborategikoa ematen duela diote batzuek... Edonola ere, ikusgarria izaten jarraitzen du.
DANTZA MOLDEAK PERFEKZIONATUZ DOAZ
Jaialdiaren gorabehera eta pasadizo bilduma
Segurako Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketak 25. urteurrena beteko du aurten. Zilarrezko ezteiak ospatzeko helburuarekin, Segurako Udaleko Kultura Batzordeak Euskal Herriko Dantza Txapelketa 1977-2001 izeneko liburua kaleratu berri du. Dantzariei, ikusleei..., eta urterik urte Segurako Txapelketa bihotzez jarraitu izan dutenei zuzendua da liburua.
Aldaketa sakonak
Datu eta pasadizoen bilketa lanaz Lierni eta Maixabel Elorza ahizpak arduratu dira. «Lan eskerga izan da, datuak inon ez zeudelako bilduta, eta informazio iturri askotara jo behar izan dugulako», diote. Itxura aldetik, baita sakonean ere, aldaketa dezente izan ditu sueltoko dantzaren urteko jaialdirik nagusiena den honek. 1983.a arte estali gabeko pilotalekuan burutzen zen txapelketa, eta toldo beltzak atontzen zituzten okasiorako. «Telebista tartean sartu denez geroztik, argiztapena eta estetika izugarri hobetu dira», diosku Lierni Elorzak.
Dantzarien janzkerak ere asko garatu dira urteen buruan, eta jantzi dotorenaren saria ere banatzen da Euskal Herriko Txapelketan. Dantza moldeak, halaber, zeharo perfekzionatu direla diote adituek, «lehen bihotz gehiagorekin dantza egiten zela dio jendeak», diote liburuaren egileek.
Gipuzkoarren esku
Partaidetza eta, hortaz, irabazleei dagokienez, gipuzkoarren esku izan den txapelketa dugu Segurakoa. «Dantzan gertatzen denaren isla dela uste dut, eta duela hogei urte sueltoan hoberenak bizkaitarrak ziren bezala, orain Gipuzkoako eredua da gehien hobetu dena», dio Lierni Elorzak.
Behin baino ez da txapela Gipuzkoatik aldendu: 1979an Zaldibarko Alkorta lehengusu-lehengusinek lortu zuten. Hogeitabost urteotan Sestaokoak izan dira parte hartu duen bikote bizkaitar gehienak.
Azkoitia, Hernani, Bergara, Lezo edo Donostia izan dira txapeldun gehien izan dituzten herriak. Aipagarria da, bestalde, Gipuzkoako parte-hartzaileen %7 Bergarako Osintxu auzo txikikoak izan direla. Bergarako Udalaren ordezkari bezala izena eman beharrean, Osintxukoak direla esan ohi dute hango dantzariek.
Pasadizo bitxien iturri ere izan da Dantza Sueltoko Txapelketa. Autoa hondatu eta auto-stopez Segurara heldutako parte-hartzailerik izan da, baita maionesak eragindako intoxikazioa zela medio dantza egin gabe geratutakorik ere. Hona hemen beste bat: 1997an Iban Agotek Kimetz Larrañaga lehiakideak utzitako abarka bat jantzita irabazi zuen.
Kimetz Larrañaga| Dantzaria
«Sentimendua eta teknika uztartzea oso zaila da»
AITZIBER BILBAO/ERREDAKZIOA Eneritz Epelde lehengusinarekin batera Dantza Sueltoko gaur egungo txapelduna da Kimetz Larrañaga, 98, 99 eta 2000. urtekoak irabazi dituzte-eta biek. Asteburuko txapelketari begira, amonak eginiko galtzerdiek oraingoan ere zorte ona ekartzea espero dute dantzariok.
- Noiz hasi zinen dantzan?
- Bederatzi urte nituela hasi nintzen lehengusinarekin, afizioz eta inongo helbururik gabe. Engantxatu egin ginen, erabat. Hamalau urterekin helduen mailara egin behar izan genuen salto, eta uztekotan ere egon ginen, 25-30 urteko bikoteak zirelako gehienak. Hamasei urterekin lehenbizikoz Euskal Herriko txapelketara aurkeztu eta gora egin dugu: zazpigarren, laugarren..., irabazi arte.
- Inoren ibilbidea izan al duzue eredugarri?
- Helduekin hasi ginenean punta-puntan zeudenak gure irakasleak ziren, Belen Sagarzazu eta Isaak Agirre. Entseguetan eta haiekin aritzen ginen, eta beti txapeldun ateratzen denari begiratu ohi zaio. Hala ere, besteen xehetasunei adi egon arren azkenean bakoitzak bere dantza egiteko modua du. Bakoitzak irizten duen dantza egiteko unea heltzen da.
- Zuen irakasleek ez bezala, saria betirako zeuon herrira eraman duzuen bikote bakarra zarete...
- Txapela eramateak ez du esan nahi hobea zarenik. Egun bat da, eta ezin da kontuan hartu bikote baten maila saio bakar batean. Poz handia hartu genuen, eta hiru urte segidan txapeldun aterako ginenik ez genuen inola ere espero, are gutxiago horren gazteak izanik.
- Gaurko dantzarioi grina falta zaizuela diote...
- Teknika aldetik asko garatu da dantza, eta teknika eta sentimendua uztartzea oso zaila da. Ia bateraezinak dira, nire ustez. Barruko indar gehiagorekin dantzatzen omen zuten lehengokoek. Agian bai; ez dakit, ez baitut haietako inor ikusi dantzan. Grina geuk ere jartzen dugu, baina teknika menperatzeko grina kontrolatu egin behar da. Dantzari bakoitzaren ekarpena ere hor dago: dantza eredu bat dago, pauso zehatz batzuk, baina bakoitzak bere ukitu berezia jartzen dio
- 24 urterekin dantzari beteranoak zarete dagoeneko. Zer iruditzen zaizkizue gazteak?
- Orokorrean oso fuerte datoz. Baina gurekiko ezberdintasun bat sumatzen dut. Alegia, bikoteak txiki-txikitatik txapelketan parte hartzeko soilik prestatzen dira. Ni aurreskua eta sueltoan aritzen naiz, adibidez. Askok taldeko dantzarik ere ez dakite, sueltorako baino ez direlako prestatzen, eta zortzi edo hamar pauso horiek baino ez dakizkite.
Juanito Sarriegi| Dantzari ohia
«Entsegua? Igandeko erromeria!»
AITZIBER BILBAO/ERREDAKZIOA Gipuzkoako azkenaldiko dantzari beteranoenetarikoa dugu Juanito Sarriegi hernaniarra. 1953an hasi zen dantzan, eta belaunetako hezur-higadurak jota 1981ean utzi egin behar izan zion dantza egiteari. 33 urte zituela Euskal Herriko Txapelketaren lehengo irabazlea izan zen, Lurdes Lopategi lezotarra bikotekide zuela.
- Nolatan hasi zinen dantzan?
- Kalean ikasi nuen. Bederatzi urte nituela herriko Mendekoste festetan lagun koadrila bat dantzan ikusi nuen plazan, eta berehala pauso berdinak egiten hasi nintzen. Hamabi urterekin Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen hasi nintzen, eta guztira hamalu irabazi ditut. 1977an Euskal Herriko Txapelketa sortu zenerako 33 urte nituen eta erretiratzear nengoen, baina Lurdesek eta biok 77, 78, eta 80ko txapela ere irabazi genuen.
- Ohikoa al zen orduan jendea dantzan ikustea?
- Gure herrian igandero izaten zen dantza plazan, eta hura zen gure entsegua. Biribilean jarri eta dantzan hasten ginen, bakoitzak ahal zuen moduan. Oso gauza berezkoa eta polita zen. Guztiok kaleko dantzakera egiten genuen, eskolarik gabea.
- Dantza eskola gutxi egongo ziren hasi zinen garaian...
- Oso eskola gutxi zegoen; talderen batzuk bai, ordea, Goizalde edo Donostiako Nahikari gogoan ditut... Umeentzako, esaterako, bat ere ez zegoen, eta nik 25-27 urteko bikoteekin dantza egin behar izaten nuen Gipuzkoako txapelketetan.
- Irakasle ere izana zara. Non ikasi duzu?
-27 urte nituela gaur egungo baleta hiru urtez ikasi nuen. Asko gustatu zitzaidan, eta hantxe bai ikasi nuela teknika eta gorputzaren mugimendua lantzen. Bestela, talderen bat ikusten nuenean euren pauso bikainak ikasten nituen...
-Nola ikusten duzu gaur egiten den dantza?
- Oraingo dantzariak askoz ikasiagoak dira; txiki-txikitatik hasten dira dantza eskoletan teknika eta mugimenduak lantzen. Indar handiagoz eta burua txapelketan dutela egiten dute dantza. Lehen naturalagoa zen dantza, gure helburua ondo pasatzea zen, erromeri giroan. Kaleko kutsu handiagoa zeukan, eta sentimendu handiagoarekin egiten genuen.
- Zein aldaketa sumatu dituzu?
- Gorputzaren mugimenduak oso antzekoak dira. Koordinazio maila izugarria lortu dute egungo dantzariek, eta elkarren pare-parean ibiltzen dira. Izter gihartsu eta arinak dituzte, bai mutilek bai neskek, eta horrek askoz ikusgarriagoa egiten du dantza. Lehen gauza hauek ez ziren horrenbeste lantzen. Bestalde, irakasleak dituzte gainean eta akatsak leuntzen ikasi dute; gure garaian zailagoa zen, askoz inuzenteagoak ginen.
Dokumentuaren akzioak