Dokumentuaren akzioak
Dantza soltearen ikuskizuna
Hamalau bikotek hartuko dute parte igandean Seguran egingo den Euskal Herriko Txapelketan
Bikotekideek, Euskal Herriko dantza-jantzi tradizionalak eraman beharko dituzte soinean ikusgarritasuna eta dotorezia emateko asmoz. Baina, jantziak ez dira horretarako bakarrik izango, izan ere, sariak ere jasoko dituzte. Bestalde, dantzatu beharrekoak fandangoa eta arin-arina izango dira. Fandangoa, txistuz edo albokaz, eta arin-arina aldiz, trikitiaren laguntzaz.Egun Segurako alkatea den Mikel Areizagak, Dantza Txapelketa horrek herriarekin duen lotura azpimarratu zuen. Izan ere, haren esanetan, urte hauetan txapelketak «oinarri sendoa eta maila altua» izan ditu.Oraingoan, Txapelketa Imanol Artolak eta Garazi Urdanpilletak aurkeztuko dute. Eta emanaldia osatzeko, urtero egiten den moduan, Edu Muruamendiarazek bere azken koreografiaren estreinaldia bertan egingo du hutsik egin gabe. Sariak emateko orduan erritmoa, berdintasuna, zailtasuna eta egokitasuna izango dituzte kontuan epaimahaikideek. Honakoak izango dira: Karlos Sarriegi, Gabriel Alonso, Maribel Ortiz de Zarate, Joxe Antonio Atxukarro, Joxe Juan Ugalde eta Rafa Salaberria.Beraz, ikuskizunaz gozatu nahi duenak, datorren igandean Seguran horretarako parada izango du. Gainera, ETBk dantza txapelketa osoa emango du igande gauean, 22:00etatik aurrera.
Txapelketako sariak
Segurako Dantza Txapelketa 1977an bultzatu zuen orduko alkate Guillermo Areizagak. Geroztik, txapelketak indar handia izan du, batez ere, Gipuzkoan. Hala nola, orain arte irabazi duten bikoteak gipuzkoarrak izan dira, behin izan ezik. Guillermo Areizagaren omenez, lehenengo aldiz aurkezten diren bikoteen artean puntuaziorik altuena lortzen duenak haren izeneko saria eramango du.
Beste alde batetik, txapeldunek Nestor Basterretxearen eskultura lortuko dute, euren jaioterriko udaletxean gordetzeko hurrengo urtera arte. Gainera, txapelketa hiru aldiz segidan edo bost urtez txandaka irabazten duen bikoteak jabetzan hartuko du.
Dokumentuaren akzioak