Dokumentuaren akzioak
Dantza 'senideen' topaketak
Euskal Herriko, Galiziako, Burgosko eta Toulouseko taldeek dantzatu zuten atzo Coliseo Antzokian Eibarko Club Deportiboak antolatutako arku-dantzen jaialdian
Aurten hirugarren aldia bete zuen jaialdi honek. Duela
bi urte, ezpata dantzari buruzkoa izan zen eta iaz, aldiz,
makil-dantzari buruzkoa. Jaialdi berezia da, izan ere, beste dantza
topaketa batzuen aldean, Eibarkoak antzerako dantzak egiten dituzten
taldeak biltzen ditu urtero. «Gaur egun, folklorean zerbait ezberdina
bilatzeko joera dago. Jaialdietan exotismoa bilatzen da, Bulgariako edo
Afrikako dantza taldeak ekarriz. Halako jaialdi batera doanak zerbait
ezberdina espero du, zenbat eta ezberdinagoa orduan eta ikusgarriagoa
izan behar du gainera. Guk, aldiz, kontrako joera daukagu. Nahiz eta
toki ezberdinetakoak izan, ikusten dugu ezaugarri jakin batzuk
errepikatzen direla taldeen artean. Horregatik, antzekotasunak,
elementu komunak dituzten dantza taldeak ekartzen ditugu. Hori da
jaialdi honen atzean dagoen espiritua», Oier Araolazak, Kezka taldeko
zuzendariak azaldu zigunez.
Horrela, jaialdiak instrumentu baten inguruan dauden dantzak ikusteko aukera eman zuen. Baina, hori bai, talde guztiek ez zuten nahitaez instrumentu bera erabili behar. «Aurten arku dantzari eskainita egon da jaialdia. Baina leku batean arkuarekin egiten dena, bestean makilarekin egiten da. Instrumentua aldatzen da baina modelo koreografiko bati erantzuten diote dantza talde ezberdinek».
Ikuslea begirada aldatzera behartu zuen saioak.
«Betaurrekoen kontua da; zein filtrorekin begiratzen den.
Ezberdintasunaren joera horretara ohitu gara, baina zergatik ez dugu
jokatzen antzekotasunak bilatzera? Begirada aldatzea eskatzen du».
Ibartzabal dantza
Inglaterrako York hirian izaten den 'Sword spectacular' jaialdian oinarritu ziren Kezka dantza taldekoak egitasmo hau martxan jartzeko, Oier Araolazak adierazi zuenez. «Duela bi urte hasi ginenean, eredutzat hartu genuen beste modu bat planteatzen duelako. Han, mundu osoko dantza taldeak biltzen dira ezpata-dantzak eskaintzeko».
Kezka talde eibartarrak Ibartzabal arku dantza eskaini zuen. Dantza honek Ibartzabal industria gizonarengandik hartzen du izena, zeina dantzak bultzatzeagatik nabarmendu zen. 1908ko Eibarko Lore jokoetan dantzatu zen eta aurten festa haien mendeurrena betetzen denez, berreskuratu egin zuten.
Kezkako dantzariez gain, dantza eskolako ikasleak ere irten ziren dantzatzera.
Kezka taldeko zuzendariak dantza honen nondik norakoak azaldu zizkigun. «1908an Adolfo Zubiak arku dantza bat prestatu zuen, 17 gizonek dantzatu zutena. Baina ondorengo urte askoan ez zen berriz dantzatu eta erdi galduta gelditu zen. 1948an, 40 urte lehenago dantzatu zutenekin bildu zen Gregorio Santa Cruz dantza maisua eta berreskuratzen saiatu zen. Koreografia berreskuratu zuen baina aldaketa bat sartu zuen: taldea 12 pertsonara laburtu zuen eta neskena izatera pasa zen, alegia, neskek dantzatutakoa bihurtu zen. Hau ere alboratuta gelditu zen eta guk berreskuratzea pentsatu genuen. Guk 12 pertsonako taldea mantendu genuen baina mixtoa, neska nahiz mutilez osatua».
Izan ere, Araolazaren esanetan, «guretzat garrantzitsua dantzaria da, berdin dio mutila ala neska izan. Guk jenerorik gabeko dantzen apustua egin genuen». Horrela, Arrateko jantziekin jantzita irten ziren dantzari guztiak.
Beste taldeak
Eibarko taldearekin batera, beste batzuk ere aritu ziren. Oñatiko Oinatz taldeak bere herriko Corpus jaietan dantzatzen dituen koreografiak eskaini zituen, eta Iruñeko danzantes de San Lorenzok, aldiz, Alde Zaharreko kale horretako jaietakoak. Añorgako Arkaitz taldearen eskutik Gipuzkoako uztai handien eta txikien dantzak ikusi ahal izan ziren. Uztai txikiak elkarren aurka kolpatu zituzten. Ez, ordea, handiak, lorez apaindurik zeuden-eta.
Burgostik etorri zen Danzas Burgalesas Justo del Riok, Arco de Frias eta La campiña dantzatu zituen. Frantziako Toulouseko Le Poutouren Les treilles dantza nekazal girokoa izan zen, ardogintzarekin lotura zeukanez. Aldiz, Betanzos-ko (A Coruña) Danzas gremiales de marineros y labradores Xovenes do pobok marinelen gremioko dantza eskaini zuen.
DATUAK
Dokumentuaren akzioak