Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza propioak izanen dituzte Iruñeko sanferminek

Dokumentuaren akzioak

Dantza propioak izanen dituzte Iruñeko sanferminek

Dantzan.eus atariak jakinarazi duenez, zazpi dantzak osatuko dute zikloa.

"Aspaldiko asmoa" zuten sanferminetarako dantza propioak sortzearena: "Kasik, Iruñeko ondare koreografikoa aberasteko lanean hasi ginenean hura izan zen gure lehen erronka". Lehenago heldu ziren Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza, Sanblas eta Sanjoan bezperako soka-dantzak eta 3 Burgoen soka-dantza, eta gaur aurkeztu dute sanferminetako trokeo-dantza.
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2017/06/29
Lotura
Berria

Zazpi dantzak osatuko dute zikloa: sarrera-irteera egiteko paseoa, makil-txikien dantza, makil-handiena, brokel eta ezpata-dantza, zinta-dantza, arku-dantza eta giza dorrea. Dantzak atontzeko garaian bertso eta herri-kantuen doinuak baliatu dituzte, eta horien izenak eman dizkiete dantzei ere. Launaka aurkeztuko dira, uztailaren 7an eta 14an eta San Saturnino egunean (azaroaren 29an).

Zortzi dantzarik egiten dituzte trokeo-dantzak, eta bi lerrotan kokatzen dira, makilak, ezpatak, arkuak edo dantzetarako beste tresna batzuk eskuan dituztela. "Bobo" izeneko pertsonaia batek gainbegiratzen ditu dantzak, eta zenbaitetan parte harten du. Dantzan lekuak trukatzen dituzte dantzariek; izan ere, hori da dantza-mota horren ezaugarri nagusia.

Doinuak hautatzean konturatu ziren denek bazutela zerbait komunean. Guztiak dira Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako mugakoak. Wegbunean azaldu dutenez, Jesus Ramosek egindako dokumentazio bilketari esker badakite, XVII. eta XVIII. mendeetan, dantzari asko joan ohi zirela Iruñera Iparraldetik; Garazitik, Donibane Lohizunetik eta Ortzaizetik, besteak beste: "Dantza hauekin sanferminak alaitzera heldu izan diren eta heltzen diren lehenagoko eta oraingo musikari eta dantzari horiei guztiei gorazarre egin nahi diegu".

Eskerrak eman dizkiete lagundu dieten guztiei; tartean, Aritz Ibañezi, "proiektua imaginatu eta zuzentzegatik"; Argiako maisuei, Juan Antonio Urbeltz buru; Oier Araolazari eta Claude Iruretagoienari, "haien pazientzia eta oharrengatik"; Patxi Labordari, "azken hilabeteetako aholku eta proposamen ezinbestekoengatik"; Julen Fagoagari eta Ihitz Iriarti, "haien ekarpen zehatz eta egokiengatik"; eta Julen Leuzari, doinuen moldaketengatik.

Dantzariak Iruñeko udaletxeko plazan.

Dantzariak Iruñeko udaletxeko plazan. Jagoba Manterola / Argazki Press

Dokumentuaren akzioak