Dokumentuaren akzioak
Dantza plazara
Josu Mujika
Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, 1958) poema musikatuekin lekeitioko Isuntza hondartzan gauzatzeko moduko dantzaikuskizuna prestatzeko enkargua jaso zuten dantzaz konpainiak eta Josu Mujika koreografoak duela bi urte pasatxo. Erronka handia zen, itsasoaren presentzia eta indarra eta Sarrionandiaren indar poetikoa uztartzea, baina bete-betean asmatu zuten. Enkargu hari erantzuteko, entzun zituzten euskal musikariek itsasoarekin lotuta sortutako kantuak, edan zuten handik eta hemendik, eta osatu zuten ikuskizuna. Ikuskizun bizia, dramatikoa eta “plastilinaren antzera” edozein agertokira egokitzeko modukoa, denborak erakutsi duenez. Izan ere, hondartzan erakusteko sortua bada ere, gerora hamaika plaza eta eszenatokitan plazaratu dute Naufragoak. Elgoibarren, Kalegoen plazan eskainiko dute San Bartolome bezperan, 23:00etatik aurrera.
Dantzaz konpainiakoen erronka handiari heldu ziotela diogunean ez gara arinkeriaz ari. Izan ere, edonork daki hondar gainean pausoa ematea, eta are, saltaka egitea edo dantza egitea, zein nekagarria den. dantzarientzako ez ezik koreografoarentzako ere ez zen edozelako lana. Musika hautatzeak berak bazuen bere zera. “Badira eta baziren abesti batzuk letra oso aberatsa dutenak, baina erritmo aldetik berdintsuak zirenak eta ez zutenak guk nahi genuen tentsio dramatikoa lortzeko biderik ematen”. Aukeratu zituzten, baina, itsasoan galdutakoen istorioa egoerak berak eskatzen zuen besteko indarrarekin kontatzeko balio zuten kantuak, tartean Mikel laboarenak, ruper ordoreikarenak, Jabier Muguruzarenak, Ken Zazpi taldearenak... Mujikak dio dantza berez sinplea dela, baina musikak eta olerkiek eurek indar handia ematen diotela obrari. lekeitioko antzezpen hartan, dantzaz konpainiakoez gain, Karkabia lekeitio bertako dantzariek ere parte hartu zuten.
Drama
Hunkitzeko egindako obra da, barrua nahasten duten horietakoa, eta ikuskizunean zehar badira une batzuk bereziki gogorrak, bereziki gogoangarriak. Horietako bat da Ken Zazpiren Gernikan abestia sartzen duten unekoa. Javier Gardoqui, Josefina Solozabal, Aurelio Legarreta, Catalina Arrieta, Maria Luiz Fierro, Aguirre (12 urte), Francisco Aralucea, Neskato erre bat, Gernikan. Gernikako aire erasoan hildakoen izenak bata bestearen atzetik zerrendatzen ditu Ken Zazpiren kantuak, eta unearen gogor hori islatzen dute dantzariek, horretarako sua, bengalak, kea, serpentina gorriak eta eskura duten guztia erabiliz, tartean gorputza, jakina. dantzariek eurek harrotzen duten hondar aleek are “ukitu estetiko berezia” ematen diote, Mujikak berak dioenez. Serpentina gorri artean txirikordatzen dira dantzariak, eta badoaz jausten, badoaz hiltzen. Eta une horretan haurrak sartzen dira eszenan, Mikel laboaren Xoriak kantuko piano hotsarekin batera. Gernikako bonbardaketatik edota gaurko miserietatik ihes egindako naufrago metaforikoei kontsolamendua ematera edota Gernikako sarraski hartan hildaken artean euren senideak bilatzera datoz haurrak. “une hunkigarria da. Malkoak ere isuri zituzten askok une horretan”, esan du Mujikak horren harira.
Naufragoak obran, itsasoan batela hondoratu zaien lagun talde baten istorioa baino gehiago delako kontatzen dena. Bizitzaren legeari berari ere erreparatzen dio Josu Mujikak idatzitako istorioak. “Jaio, bizi eta hil. Itsasotik dator bizia, itsasotik datoz naufragoak, eta itsasora itzultzen dira berriro ere bukaeran”, dio. Ez
daudenen oroimenean, kandela batzuk eskuan hartu eta itsasora itzultzen dira dantzariak, lekeitioko antzezpenean. Mantso-mantso doaz aurrera, hildakoen omenez piztutako kandelak ur gainean utzita, eta batelean aldentzen dira gainerakoak, tartean haurrak, naufragoen ondorengoak, bizitzaren errepresentazioa. Eta bozgorailutik, Joseba Sarrionaindiaren hitzak, Eñaut Elorrieta Ken Zazpikoaren ahotsean: “Haizeak nire errautsak eramanen ditu, beste hizkuntzaz mintzo diren ezpainetaraino. Gure aitaren etxeak zutik jarraituko du, gu gabe”.
Epe motzerako erronkak
Itsasorik ez dago Elgoibarren, baina obrak “berdin-berdin” funtzionatuko duela nabarmendu du Mujikak. “Badu zerbait obra honek sorreratik bertatik. Sortu ere, di-da sortu genuen, pare bat astean osatu genuen istorioa. lehenengo musika lotu genuen eta joan ginen gero istorioa fintzen. Berez irten zen, eta hala sortzen diren lanek beti funtzionatzen dute”, gehitu du. Begiak ere argitzen zaizkio hizketan ari dela. “Barru-barrutik irtendako zerbait da”, dio, eta badu ikusleari barruraino iritsiko zaion esperantza.
Lekeitioko antzezpen hark eta gerora dantzaz konpainiakoek egin dituzten gainerako saioek izan duten arrakasta ikusita, ilusioz da Mujika hurrengo erronkari heltzeko. Enkargu haren atzetik iritsi zaio beste proposamen bat ere, ordukoa bezain erakargarria. Mikel laboaren kantuekin dantza ikuskizuna sortzeko eskatu diote lekeitiotik. “Erronka handia da. Mikel Laboa ez zelako edonor! Ez da erreza, hala ere. laboaren kantuak motelagoak dira, eta ikusi beharko dugu nola egiten dugun tentsioa mantentzeko”, zehaztu du. Ezin ukatu eskaintza tentagarria ez denik.
Dokumentuaren akzioak