Dokumentuaren akzioak
Dantza pasteurizatua
Oier Araolaza (Dantzaria)
Dantzariak hor gabiltza, munduko musiken ustezko arrakastaren aparretan
igeri egin nahian. Modernotasunaren aitzakian etxeko ateak ireki
ditugu, eta flamenkoa zein sabelaren dantza zortzikoa baino “gureago”
ditugu orain. Garaikidetasun lasterketetan homologazio bila gabiltza
eta break-dancean ere doktoratzeko puntuan gaude. Baina, dantza
tradizionalak ia disimuluan lurperatzekotan gauden honetan,
modernoetan-modelnoenak esandakoekin hankaz gora etorri zaigu
estrategia osoa.
Cesc Gelabert, abangoardiako dantzari eta koreografo katalanak esan
digu garrantzitsua dela munduko bazter batean txokoa hartzea, horixe
baita unibertsal egingo gaituena: gure txokoko berezitasunak besteei
erakusteak. Alegia, euskararen inguruko diskurtso soziolinguistikoetan
entzuten genuena, euskara zela Babelgo dorrean sartzeko giltza, eta
euskara bezala jalgi behar dugula dantza munduko plazara.
Aniztasuna bakoitzaren abiapuntuarekiko fideltasunean oinarritzen dela
gaineratu digu Gelabertek. “Baina erne! –gaztigatu digu sortzaile
katalanak–, inoiz ere ez ezjakintasunetik!”. Beste toki batzuetan zer
egiten den ezagutu eta gure beharraren arabera erabiltzeko jarrera
irekia izan behar dugu dantza garaikideko guruaren esanetan.
Mundu oso bat dugu klik batera. Sukaldea egurasteko leihoa ireki eta
urakanak airean garamatza. Beraz, hautatzen jakitea, –kriterioa esaten
dioten hori–, omen da munduko (Ilargia eta Marte barne) musika eta
dantzen ozeano honetan ez itotzeko arraunik eraginkorrena. Input uholde
horren aurrean irizpide sendorik ez badugu, modaren eta azken joeren
sarean galdu eta arrunt bihurtuko gara. Mundura homologazio bila
ateratzen garen bakoitzean homogeneizatuta eta pasteurizatuta itzultzen
gara.
Ez dugu dantza pururik, kanpotik jasotako ekarpenak bertako tenperatura
eta hezetasun baldintzetan irabiatutako pureak baizik. Baina errezeta
propio horiek dira gure unibertsaltasunaren froga agiri, eta horiek
beharko genituzke dantzaren mundurako, munduko dantzetarako zein
munduaren dantzarako gure ekarpen zintzo.
Dokumentuaren akzioak