Dokumentuaren akzioak
Dantza, oholtzatik kalera
Beasaingo Loinatz jaiei behar bezalako amaiera emateko, dantza topaketak izango dira berriz ere, etzi, Ostadar dantza taldeak antolaturik. Aurtengoa 13. aldia izango da, eta aurreko urteetako ildo beretik jarraituko du. Euskal Herritik bertaratutako dantza taldeek euren ikuskizunak eskainiko dituzte goizean; arratsaldean, berriz, erromeria izango da Beasaingo Kale Nagusian. Oholtza alde batera utzi, eta kalean nagusituko da dantza.
Aurtengo dantza topaketetan, bost dantza talde ikusteko aukera izango da: Baigorriko Arrola (Nafarroa Beherea), Gasteizko Adurtza, Trintxerpeko Illunbe (Gipuzkoa), Iruñeko Ortzadar eta Ordiziako Amets Bide (Gipuzkoa). Antolatzaileetako bat da Ikutz Garmendia, Ostadar dantza taldeko kidea, eta gogotsu dago etziko egunari begira: «Dantza topaketen helburua ahalik eta jende gehiena dantzan jartzea da. Normalean, herri gehienetan haurrak dantzatzen dira gehien; guk adin guztietako jendea bildu nahi dugu».
Hain zuzen ere, iaz parte hartu zuten bost dantza talde berberak gonbidatu dituzte aurten ere dantza topaketetara. «Euskal Herriko probintzia guztietako taldeak ekartzen saiatzen gara. Iaz aritu zirenak ikusi ahalko ditugu aurten ere, haiek esan baitziguten etortzeko gogoz zeudela», azaldu du Garmendiak. Joan den urtean, jende ugari bildu zen dantzariak gertutik jarraitzeko asmoz, eta aurten ere ez dute bestelakorik espero.
Orain dela hamahiru urte hasi ziren dantza topaketak antolatzen, eta erantzun aparta jaso izan dute lehenengo urtetik, Garmendiaren esanetan; bai dantza taldeen aldetik eta bai herritarren aldetik: «Dantza topaketekin hasi baino lehen, Ostadar dantza taldeak ematen zuen ikuskizuna jaien azkeneko egunean». Herriko dantza taldeak, alegia. «Oso nekatuta iristen ginen azken egunera, eta lehertuta amaitzen genuen; horregatik erabaki genuen dantza topaketak antolatzea. Beste talde batzuei ateak irekitzeko ere egokiak dira dantza topaketak», nabarmendu du Garmendiak.
Taldeak, bitan banaturik
Ikuskizunari goizeko hamaiketan emango zaio hasiera. Talde batzuk herriaren alde batetik hasiko dira, eta gainontzekoak beste aldetik abiatuko dira. Dantza talde bakoitzak bere ikuskizuna eskainiko du tokatzen zaionean. Talde guztiak Gernika pasealekuan elkartuko dira gero, hamabi eta erdiak inguruan. Han, dantzak egingo dituzte, eta, ondoren, elkarrekin bazkalduko dute.
Arratsaldean, bostetatik aurrera, erromeria izango da Hernaniko (Gipuzkoa) musika taldearen eskutik. Erromeria ibiltaria izango da. Kale Nagusian zehar geldialdiak egingo dituzte.
Sokadantza dantzatzea tradizioa da Beasaingo jaietan. Euskal Herriko bost talde izango dira aurten dantza topaketetan. / BERRIA
Baigorriko Arrola dantza taldea Beasainen izango da etzi. / BERRIA
Dokumentuaren akzioak