Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantza obulua eta esperma elkartzean hasten da»

Dokumentuaren akzioak

«Dantza obulua eta esperma elkartzean hasten da»

Ez da agertokietan askotan aritzen, harentzat dantza ez baita ikuskizuna. Suitzako hegietatik, bere barnerako bidaian dabil Stauffer, jaio aurretik bizi izan zuena berriz sentitzeko asmoz.

Urs Stauffer (Berna, Suitza, 1961) dantzaria eta dantza irakaslea da. Dantzarien arteko kontaktu handiko eta inprobisazioan oinarrituriko contact-improvisation dantza moldeko ikastaroa eman berri du Errenterian (Gipuzkoa).
Egilea
Edu Lartzanguren
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/10/28
Lotura
Berria

Elbarritasun handiak dituztenen hezitzaile izan zinen dantzari bihurtu aurretik. Gauza batek bestera eraman zintuen? Nola?

Niretzat «hezitzaile» hitza gogorregia da, eta anbiguoa. Norbait hezi? Aurretik neure burua hezi beharko nuke. Psikiatrian lan egin dut, besteak beste beren buruaz beste egiten saiatu direnekin, eta halakoek laguntza gisa ulertzen dute dantza, zulotik ateratzeko. Mugimendu orok du alde terapeutikoa, halere, eta jakin badakit dantzak jendeari mesede egiten diola.

Dantza terapia gisa ulertzeak ez al du New Age kutsua?

Nik ez ditut inoiz ikastaroak terapia gisa aurkezten. Modako gauza asko dago, eta modak etorri bezala joan egiten dira. Beti nabil borrokan modako fenomeno batzuekin, eta baita terapia arinekin ere, edonork edozein gauza egin dezakeelako hor. Esaterako, kontaktu-inprobisazio saio batzuek bikote terapia ematen dute, eta nik ez dut inongo gogorik hori egiteko.

Esan izan duzu ez zarela artista. Orduan, zer zara?

Ez dakit oso ondo, egia esan. Ikertzailea naiz. Dantza hasten da espermatozoidea eta obulua elkartzen direnean. Enbriologia gero eta gehiago ikertu, orduan eta miresgarriagoa iruditzen zait.

Dantzarekin enbrioia zeneko garaira itzuli zarela diozu.

Gure zelulek memoria dutela irakatsi didate bizitzako zorionek eta zorigaitzek. Buruak ez ditu oroitzapen horiek, baina mugimenduetan adierazten dira. Atzera egin dut denboran: lehen urratsak, jaiotza...

Zer aurkitu duzu, esaterako?

Gauzarik indartsuena eta zirraragarriena: izugarri argi ikusi dut haurdunaldiko hirugarren edo bosgarren astera arte bi ginela. Biki bat nuela, alegia, mutila. Gauza arrunta da, halere, medikuntza aldetik. Pertsona batzuek bikiaren heriotza hobeto bizi dute, eta beste batzuek ez horren ondo. Nire kasuan oso gogorra izan da.

Zure amarekin baieztatu duzu?

Duela gutxi hitz egin diot lehen aldiz horretaz. Ez du baietz edo ezetz esaten; gaia saihesten du. Halere, ulertzen dut: neure istorioa da, azken batean. Ez nabil bikiaren bila, dena den, baizik eta bi izatearen sentsazioa ikertzen.

Naturan egiten duzu dantza: zuhaitz baten gainean, hondarrean. Zergatik?

Suitzako landan hazi nintzen. Baserri mundua oso garrantzitsua da neure bizitzan. Dantzarekin besteen natura eta neurea bilatzen ditut. Nire dantza ez da jarduera estetiko bat, baizik eta neure natura sakonaren bilaketa bat. Hori sentitzea da neure helburua.

Horregatik aritzen zara horren gutxi agertokian, ez duzulako dantza ikuskizun gisa ulertzen baizik eta bizipen gisa?

Jendaurrean aritzen naizen aldi gutxi horietan, ez dut egiten besteek ni ikusteko, baizik eta nire ikerketaren lekukotasuna uzteko. Bideodantza egiten dudanean, dokumental gisa planteatzen dut, ez artelan moduan. Izan ere, azken bideoa dokumentalgile batekin egin dut, estetikari asko begiratu gabe.

Adinak gorputzean duen eragina aztertzen ari zara dantzaren bitartez. Zer ondorio atera duzu?

Niregan eragin handiena izan duen irakasleetako batek 74 urte ditu, besteak 76. Zahartzen ikusi ditut. Beste batek 95 urte ditu, eta oraindik egiten du dantzan. Beraz, badakit posible dela jarraitzea. Neure dantza ere askoz sotilagoa eta borobilagoa da orain, 35 urte nituenean baino. Gazteekin dantza egiten dudanean esaten dut: «Ados, urteak zuk halako hiru ditut, baina zaildua nago, eta zurekin borrokarako prest».

Dantza ikuskizunaren munduan jendea zahartzat dute 30 urte bete aurretik. Normala da?

Hori dantzarien errua da: norberaren gorputza zaintzea zeure ardura da, ez koreografoarena. Eurek esan behar diete ezetz. Gaztetan ikasi behar duzu zure gorputzaren adinarekin bizitzen.

Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak