Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza nudista

Dokumentuaren akzioak

Dantza nudista

Kritika, 'La Pudeur des Icebergs'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2006/11/14


Erabat hutsik zegoen eszenatokian hiru gizon guztiz biluzik agertu dira hasieratik bertatik eta horrek ezuste erreakzio bat eragin du zenbait ikuslerengan. Argien diseinua ere eszenatokia bezain espartarra izanik, erdiko foku zuri pean hasi dira hiru gizonak salto bertikalak egiten, erritmo pausatuan eta beste desplazamendurik egin gabe. Hiruren biluztasunak, sexua agerian uzteaz gain, gorputz gihartsuen edertasun kanonikoa nabarmentzen du eta, segur aski horretan datza lan honen balio nagusi eta bakarra.

Emanaldiaren hasierako salto segida errepikakorrak gihar-tonu itzela eskatzen duten beste ariketa batzuekin jarraitu du, eta horrek are gehiago markatu ditu gorputzen muskulatura, batez ere noizbehinka hartzen zituzten atseden uneetan ageriagoak zirelako arnasketa kontrolatuaren mugimenduak.

Emanaldiaren erdian-edo beste hiru dantzari joan dira taldean integratzen -neska bat eta beste bi mutil, hirurak ere biluzik- salto bertikal eta ariketa gimnastikoen segidan parte hartzeko, baina taula gainean ez dira seiak batera ia inoiz egon eta gehienbat bakardade koordinatuan aritu dira, Leveilleren nahia indibidualtasunaren ideia azpimarratzea ei delako. Alde horretatik ulertu daiteke une bakar batzuetan sentsualtasun pasarte hotzak gertatu izana -pieza bera bezain hotzak- eta elkarren arteko harremanak figura eskultorikoak eraikitzeko behar zirena baino ez izatea.

Soinu-banda moduan Chopinen preludio zatiak entzun dira, era zatikatuan eta oso urrutik, baina berdin izan zitezkeen garaje-rocka edo zarata industrialak, denbora guztian entzun dugun soinua oinek behegainaren kontra jotzean sortutako kolpe errepikatuak izan direlako.

Proposamenaren gogortasuna ikusita, ez da harritzekoa ikusle bat baino gehiago emanaldian zehar aretotik joan izana. Ni neu ere joango nintzatekeen, baina nahiago izan dut geratu, koreografo batzuen lan ildoak hilkorron bizipenetatik zein urrun egon daitezkeen jakiteko.

Konpainia: Daniel Leveille. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Azaroak 11.

Dokumentuaren akzioak