Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza nazionala

Dokumentuaren akzioak

Dantza nazionala

Oier Araolaza, dantzaria

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2003/06/08

Eta ez dute erronka makala. Izan ere, Lizarrako Larrain-dantza "euskal dantza nazionala" izateko hautatua izan zenetik, lizarratarrek ordura arte berea izan zen dantzaren jabetza eta dantzetan ohikoa den etengabeko bilakaeraren kontrola galdu zuten. Horrelako proposamenak bere testuinguruan ulertu behar izaten dira, eta noski, 70eko hamarkada bizi-bizian, euskara batua bezala, euskaldun guztiek batera egiteko dantza baten beharra sentitu zen, eta Lizarrako dantza ederra izan zen aukeratua. Larrain-dantza "popularra" edo "herrikoia" lemapean ikastaroak antolatu ziren Euskal Herriko txoko guztietan eta 25 urte ondoren makina bat herritan dantzatzen da jai eta ospakizunetan.



Larrain-dantza "nazionalizatu" eta "herrikoitzeko" asmoa dantza tradizionalari buruzko ikuspegi nahasi batetik abiatu zen: folklore-dantzak herriak dantzatzen dituen dantzak direnez, edonork eta edonola dantzatzeko modukoak, eta dantzatu beharrekoak direla. Badira noski horrelako dantzak, baina horrek ez du esan nahi folklore dantza guztiak, horrela bat batean eta aurre-prestakuntzarik gabe dantza daitezkeenik. Lizarrako Larrain-dantza collage konplexu eta luze samarra da, hainbat urratsez eta erritmoz osatua, eta dantza-zati eta urratsen segida horrek ikasketa prozesu zorrotza eskatzen du.



Agerikoa da prestakuntza lan handia eskatzen duen dantza, plazako herri-dantza zabaldua bihurtu nahiaren kontraesana. Plazetan hedatuz joan den Larrain-dantzak bidean utzi ditu urratsen zorroztasuna, dantzarien prestutasuna eta Lizarrakoek beren dantzari eman ohi dioten dotorezia. Bikote dantza serio eta airosoa atzean utzi, eta koadrilan egiten den kalejira ganberroa izatera pasa da Larrain-dantza. Baina helburua ahalik eta "herrikoiena", "popularrena", eta "nazionalena" izatea denez, ez omen du ajola dantza bera erabat zarpailduta eta duintasuna galduta agertzea. Lizarraldean ez dira ordea uste berekoak, eta tristuraz eta etsipenez ikusten dute plazan bihotzean daramaten dantzaren karikatura.



Beraz, azken urteotan Larrain-dantzari bere nortasuna itzuli nahian ahalegin handia egiten ari dira Lizarran. Igandeko jaiaz gain, dantzaren historia eta dantzatzeko modu egokia jasotzen dituen DVDa argitaratu dute Lizarrako Gaiteroek eta Ibai-Ega dantza taldeak. DVDen edizioa ordaintzeko dirua Nafarroako Gobernutik eta Lizarrako Udaletik lortu dute, eta orain euskal dantza talde bakoitzari DVD bana dohain banatzeari ekin diote. Larrain-dantza euskal dantzarik dantzatuena izaten jarrai dezala nahi dute lizarratarrek, baina inork ez dezala izan nola dantzatzen den ez jakiteko aitzakiarik. "Nazionalizazio" prozesuaren faktura ordaintzea tokatu zaie Lizarrakoei, eta kostako zaie hain maitea duten dantzari bere nortasuna itzultzea.

Dokumentuaren akzioak