Dokumentuaren akzioak
Dantza nafarren nondik norakoak bildu dituzte
«Danzas tradicionales de Navarra» Jimeno Jurioren obra osoaren 54. alea da
IRUÑEA
Jose Maria Jimeno Jurioren obra osoak badu beste ale bat kalean:“Danzas tradicionales de Navarra”. Bildumaren zuzendari eta historialari artaxoarraren seme Roldan Jimenok agertu moduan, batez ere liburuan biltzen diren idatzien «zehaztasun zientifikoa» hartu behar da kontuan, izan ere 70. hamarkada bukaeran egiten ziren idatziak «tipismotik» idazten ziren.Horiek hala, “Danzas tradicionales de Navarra”k Jimeno Juriok Altsasuko Momotxorroen dantzaren, Arizkungo Sagar dantza edo Erregiñe dantzaren edota Leitzako ezpata dantzaren gainean 70. eta 80. hamarkadetan idatzitako lanak biltzen ditu, besteak beste. Azpimarragarria da hala ere, Monteagudoko makil dantzaren kasua, hain zuzen, «hau irakurri gabe ezin daiteke jakin zer izan zen Gamazada Nafarroan, hausnarketa ere egiten baitu aitak atal horretan», esan zuen Jimenok. Argitalpenaren arduradunek esan zutenez, datozen hilabeteetan egileak Tolosako bordon dantzaren gainean idatzitakoa ere argitaratuko dute.
Aurkezpena leku ezin hobean egin zuten, EuskalDantzarien Biltzarrak Iruñean duen egoitzan, eta bertan, Jimeno Jurioren semearekin batera Oier Araolaza, hitzaurrearen egilea, AritzIbañez, Nafarroako EDBko lehendakari eta Mikel Aranburu, folklorean aditua, egon ziren.
Guztiek historiagilearen ekarpenik garrantzitsuena testuingurua kontuan hartu izana dela nabarmendu zuten, «hain zuzen, herriak ohitura ahaztu horiek bere egitea ahalbidetu duena», esan zuen Aranburuk.
Adituen barne-eztabaida
“Danzas tradicionales de Navarra”ko hitzaurrea idatzi duen Oier Araolaza dantzari eta antropologoak, Jimeno Jurio dantzari ez izan arren mundu horri egindako ekarpena izan zuen hizpide, hain zuzen, dantzarien artean nolabaiteko «barne-eztabaida» sortu izan duena. «Batzuen ustez ezin da jakin dantza zer den lengoaia ezagutu gabe, baina Jimeno Jurioren kasuan ez da hori eman», izan ere historiagileak «antropologiako lantresnak hartu eta dantzaren mundura pasa zituen, horrela, zehaztasun metodologikoa eta dantzak berreraikitzeko beharrezkoa den hurruntasuna eskainiz», gaineratu zuen Araolazak.
Dokumentuaren akzioak