Dokumentuaren akzioak
Dantza, musika eta poesia, Ari du emanaldian
Pausoak, mugimenduak, doinuak, hitzak, jantziak…, parte hartzaileek
guztia prest dute ‘Ari du’ emanaldi berriena jendaurrean aurkezteko.
Oinkari dantza taldeko arduradun Alazne Gurrutxagak azken urtean
Korrontzirekin batera eskainitako ‘Infernuko hauspoa’ emanaldian
murgilduta ibili direla adierazi du, baina buruan zerabiltela euren
egitasmo berria, “talde mailan gogoa eta beharra ere bagenuen eskaintza
berria osatzeko. Izan ere, Korrontzirekin batera 30 dantzarik hartzen du
parte, baina gazteen taldean, guztira 75 dantzari gara. Zer edo zer
ezberdina eskaini nahi genuen eta dantza poesiarekin uztartzea erabaki
genuen”. Hasieratik argi izan zuten dantzak poesiak baino indar
handiagoa izan behar zuela emanaldian, baina poesia egokia iruditu
zitzaien erritmoa markatzeko. Bide horri jarraituz, Juan Kruz Igerabide
poeta adunarrarekin jarri ziren harremanetan eta hark osatu ditu
emanaldia janzten duten hitzak.
Euria, modu zabalean
Juan
Kruz Igerabidek Oinkariren aurreko ‘Aspaldikotik’ emanaldirako ere
idatzi zituen hitzak. Hala ere, lehen aldiz arituko da Oinkariko
dantzari eta Loatzo musika eskolako musikariekin batera zuzenean taula
gainean poemak errezitatzen. “Esperientzia berria izango da niretzat.
Aurrez musikariekin edota margolariekin batera errezitatu izan ditut
olerkiak eta oraingo hau ere hari bertsutik joango dela pentsatzen dut.
Gogoko dut arte adierazpen ezberdinekin lan egitea”, azaldu du. Euria,
dantza, musika eta olerkia uztartzeko gai egokia izan zitekeela adostu
ondoren, testuak idazteari ekin zion adunarrak; “euria modu zabalean
hartu dut hitzak idazterakoan eta ‘Ari du’k zabaltasun hori adierazten
du. Euriari buruzko sentsazio ugari uztartu dut eta gaien artean,
maitasunaren gazi-gozoak, heriotza, nahiz nostalgia aipatzen dira”.
Testuetan Lizardi, Gandiaga edota Linazasororen poemen oihartzunak ageri
dira, baita herri poesiarenak ere. “Emanaldian dantza herrikoia eta
egungoa uztartzen direnez, hitzak ere bide beretik osatu ditut”, azaldu
du. Dantza eta poesiaren artean oso elkarrizketa polita sortu dela uste
du poetak, egoera berriak bere ohiko poesia moldatzera behartu badu ere:
errepikakorragoa, sintetikoagoa.
Atzokoa eta gaurkoa
Aukeran
konpainiako dantzari eta koreografo Edu Muruamendiaraz Oinkarirekin
batera elkarlanean ari da azken zazpi urteetan. Aurrekoetan bezala,
berak bideratu ditu ‘Ari du’ emanaldiko koreografiak ere, “azken 15
urteetan egindako bidearen ondorioz, oraingo honetan ere dantza
tradizionala eta berria nahastu ditut. Garaiak aldatu egiten dira eta
horrek badu eraginik dantzan ere: ondorioz, antzinako dantzetatik
gustatzen zaizkigun zatiak hartu eta moldatu egiten ditugu. Dantza
tradizionalen artean, Berastegiko Ezpata-dantza edo Sagar-dantza
berreskuratu ditugu. Bestalde, bederatzi dantza berri estreinatuko dira
emanaldian, neskek edo mutilek bakarka nahiz biek batera egingo
dituztenak”. Gainontzean, koreografiak egiterakoan, Edu ez da eurian
soilik oinarritu; besteak beste, itsasoa, ura edo Txillidaleku hartu
ditu inspirazio iturri. “Dantza guzti-guztietan euria ageri ez bada ere,
gehienetan bada arrastoren bat: dantzetan ez ezik, atrezzoan edota
hitzetan”. Musikariak zuzenean aritzea eta taula gainean 75 dantzarik
parte hartzea luxu handia dela uste du, “oso garrantzitsua da dantzari
guztiei parte hartzeko aukera ematea eta horixe egin dugu. Taldekideak
oso gogo onez etortzen dira entseguetara eta egindako saiakeraren
ondoren, emaitza ikusgarria izango da”, Muruamendiarazen ustez.
Hainbat emanaldi lotuta
Aipatu
bezala, apirilaren 15eko estreinaldia Tolosako Leidor antzokian izango
da 22:30etan. Txartelak 10 euroren truke eskuragarri daude www.kutxa.net
gunean. Lehen saio horren ondoren, beste emanaldi batzuk lotuta dituzte
dagoeneko. Maiatzaren 14an Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan arituko
dira, Maiatza Saltsan ekimenaren baitan. Abuztuaren 4an Oiartzungo
Elorsoron izango dira, Oiartzungo festetan. Amasa-Villabonan, herrian
bertan ere aurkeztuko dute euren lana: azaroan, urteurrenarekin batera.
Aurrerantzean, ‘Ari du’ emanaldia eskaintzez gain, Korrontzirekin batera
elkarlanean jarraituko dute ‘Infernuko Hauspoa’ plazaratzen, batean eta
bestean.
Dokumentuaren akzioak