Dokumentuaren akzioak
Dantza munduari egindako ekarpena eskertzeko
Gabota dantza ikastegiak 25 urte bete ditu-eta, 'Eskerrik asko' ikus-entzunezkoa sortu dute. Asteburuan emango dute, Modelon.
Horietako bat aipatu dute biek ala biek: Goizane Arregi. "Urteetan dantza plazara ateratzeko lan handia egin du", dio Arregik. "Askok Zarautzen hari esker egin dute dantza", gaineratu du Aizpitartek. Horrez gain, Maria Antonia Uranga ere gogoratu du Aizpitartek. "Bilbon jardun nuen harekin dantza ikasten. Zarautzen ere eskolak ematen zituen, udaletxeko goiko solairuan lehenbizi eta Gaztelekuko sotoan gero". Dantza ikastegia ireki zuenean bertan dantza irakastera gonbidatu zuen Aizpitartek garai bateko haren irakaslea. Zarauzko Mollarri eta Azkoitiko Sahatsa dantza taldeak ere joaten ziren Aizpitarterengana teknika ikastera.
Ez dute haien "kuttuna" aipatu gabe utzi nahi izan: Hodei Iriarte. Gabotako ikaslea ez, baina udaro izaten da bertan masterclass-ak ematen. "Garapen oso interesgarria izaten ari da". Egun Vienan dabil dantzan eta aurrez Poloniako eta Praghako konpainietan ere aritu da. Iaz, gainera, artista errebelazio saria jaso zuen.
Asteburuan estreinatuko dute Gabotaren ibilbidea eta Zarauzko dantza mundua jasotzen duten lana. Modelo aretoan izango da ikusgai, larunbatean gonbidapenarekin eta igandean libre, aretoko edukiera bete arte. 20:00etan izango dira emanaldiak bi egunetan. Igandean, gainera, Rythm of life (Bizitzaren erritmoa) ere botako dute, Garinek dantzari baten egunerokotasunari buruz egindako beste lan bat.
Ikasturte amaierako emanaldia, ostegunean
Gabotak bi urtetik behin egin ohi du ikasturte amaierako emanaldia, eta aurten egokitzen dela ikusita, 25. urtemuga ere ospatzeko baliatuko dute. Ostegunean izango da, Aritzbatalde pilotalekuan, 18:30etik aurrera. 120 ikaslek hartuko dute parte eta eskolan lantzen dituzten hiru diziplinetako dantzak eskainiko dituzte: dantza klasikoa, hip hopa eta euskal dantzak.
Aizpitartek eskerrak eman dizkio Antton Olariaga margolariari, hura arduratu baita ekitaldia iragartzeko kartelaren diseinuaz. Dantzari batzuen hankak ageri dira, puntak jarrita, eta haietako batean Juan Inazio Iztuetak idatzitako Gabota abestiaren dantza pausoak ageri dira margotuta.
Ezkerretik, Gabotako Mireia Alberdi eta Garbiñe Aizpitarte eta Nekane Iribar Kultura zinegotzia.
Dokumentuaren akzioak