Dokumentuaren akzioak
"Dantza munduan perfekzioa da jomuga, lortzea ezinezkoa bada ere"
Alicia Amatriain, dantzaria
Txiki-txiki zinela hasi zinen dantzan, lau urterekin. Zer egin daiteke adin horretan?
Egia esan, ezer ez, ja, ja, ja... Donostiako akademia batean hasi nintzen, dagoeneko ez da existitzen, eta urtebete aritu nintzen bertan. Bost edo sei urte nituela beste akademia pribatu batetara joan nintzen, eta zortzirekin, gutxi gora-behera, Donostiako Kontserbatorioan sartu nintzen.
Peter Brownekin izan zinen hantxe...
Bai, ondo aski gogoratzen dut, sekulako irakaslea da. Eta irakasle bikaina izateaz gain, oso pertsona ona zen, eta da. Oso ona zen gurekin, bazekien gu nola dibertitu. Urte amaieran eskaintzen genituen emanaldiak larunbatetan prestatzen genituela gogoratzen dut, entsegu horiek oso dibertigarriak izaten ziren.
Argazkia: Sebastien Galtier. |
Eta handik Stuttgartera?
Bai noski, hemengo eskolara etorri nintzen.
Egun Stuttgarten bizi zara, baina bertara 14 urterekin heltzea ez zen batere erraza izango...
Bada ez, egia esan. Beno, inork ez ninduen horretara bultzatu, neronek hartutako erabakia izan zen. Nire amak, Peterrekin hitz egin ondoren, ea joan nahi nuen galdetu zidan, eta neronek hartu nuen erabakia, joan ala ez nire esku zegoen. Azkenean baietz erabaki nuen, egoera ikusita, unerik onena baitzen. Peter Brown izan zen nire gurasoekin hitz egin zuena. Gogoan dut nire gurasoak eta ni Peterren etxean bildu ginela, Jorge Nozal eta bere gurasoak ere bertan izan ziren; hantxe egon ginen hizketan, eta Peterrek esan zigun guk biok Donostian ezer gutxi egin ahal izango genuela, eta zerbait izatera heldu nahi bagenuen, edo besterik gabe dantzarekin jarraitu, kanpora joan beharko ginela. Eta berak, pertsonalki, ez zigula Madrilera joatea gomendatzen.
Zergatik?
Irteerarik ez zegoelako. Baziren eskolak, bai. Kontua da ez dagoela konpainiarik! Eta Alemanian konpainia bat dago ia hiri bakoitzean.
Nolanahi ere, 14 urterekin, familiarengandik urrun, Alemaniara bizitzera joatea gogorra izan behar da...
Bai. Ez daukat argi sentitu nuena beldurra edo zer zen... Hasieran, zer zegoen ikusi nahi nuen. Ondoren, hona heldu nintzen, hizkuntza ezagutzen ez nuela... Kultura oso ezberdina da, alemaniarrak oso ezberdinak dira. Beldurtu egin nintzen. Eta etxera bueltatu nahi nuen, ja, ja...
Nola moldatu zinen alemana ikasteko?
Eskolara joan behar izan nuenez, azkar ikasi nuen. Eta ingelesez ere ez nekienez, bertako hizkuntza ikastea izan zen hemen moldatzeko modu bakarra. Jo eta ke ikasi nuen. Hiru hilabeteren buruan, gutxi gora-behera, jendearekin hitz egiteko gai nintzen. Ezin nuen isilik egon! Nahiko zaila izan zen, baina tira...
Gisa horretako bizipen batek arrastoa utzi behar du...
Arrastoa uzten dizu, bai.
Bestela ere, nolakoa zen zure bizitza?
John Crankoren eskolaren erresidentzian izan nintzen bi urtez. Oro har, 16 urte bete arte egon zaitezke han, hortik aurrera jada ez. 16 urterekin, Jorge Nozal, Iker Murillo eta hirurok pisu bat hartu genuen. Eskolan gure trebakuntza burutu arte, hirurok elkarrekin bizi izan ginen Stuttgarten.
Argazkia: Stuttgarter Ballett 2007. |
Zer dantza maila aurkitu zenuen Alemanian?
Askoz handiagoa. Askoz diziplina handiagoa. Donostian bagenuen diziplina ere, noski, baina ez zen gauza bera. Hemengo eskolan dauden guztiek profesional izatera heldu nahi dute.
Denek lortzen al dute?
Ez, ez horixe!
Orduan, 14 urterekin atzerrira bizitzera joatearen alde apustu egitea arrisku-arriskutsua da, izan ere, dantza ogibide izango duzula bermaturik ez baituzu...
Egia esan, inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen. Lesioak gerta daitezke, eta abar. Gainera, baliteke egon behar duzun lekuan ez egotea edo, kasualitatez, urte horretan bertan entzunaldietan lekurik ez egotea... edozer gauza.
Dantzatzeko zure era aldatu behar izan al zenuen Stuttgarten?
Diziplina aldatu behar izan nuen errotik: eskolara joateko nola jantzi, nola orraztu... San Petersburgoko Baganovaren eskolan sartu ginela ematen zuen.
Kontua da gora egin duzula. Hain gazte eta Stuttgarter Ballett konpainiako dantzari nagusi zara. Antza denez, horra heltzeko behar diren maila guztiak ez zenituen bete...
Bai, bigarren solista izatetik solista nagusi izatera pasa nintzen, aurrera egin nuen tarteko mailan gelditu gabe.
Eta nola lortzen da hori?
Egia esan, ez dakit. Niretzat ere sekulako sorpresa izan zen, ez nuen horrelakorik espero inondik inora ere. Dantzaren munduan, gisa horretako kontuak ez dira batere ohikoak. Gainera, Stuttgarterren horrelakorik gertatzen zen lehendabiziko aldia ez zen. Iaz, dantzari batek gauza bera egin zuen, baina, normalean, ez da horrelakorik gertatzen.
Nolanahi ere, bakarlari nagusi izatera heldu aurretik dantza taldeko kide izango zinen... Erraza al da zure burua bertan nabarmentzea?
Batek nahi duenaren arabera. Ni, pertsonalki, inoiz ez naiz izan biziki bultzatzen duen pertsona horietakoa; ez nuen uste ere orain nagoen lekura helduko nintzenik. Aitzitik, dibertitzen nintzen; ahal nuena egiten nuen, eta ni neu nintzen. Ikaragarri disfrutatu nuen, noski. Orain, dantza taldeko dantzariak ikusten ditut askotan, eta bertara itzultzea gustatuko litzaidake, Romeo eta Julieta antzezten daudela eszenatokian egotea, esate baterako, bigarren ekitaldia gauzatzen dutenean.
Argazkia: Urtich Beuttenmueller. |
Bestetik, noiz jakin zenuen dantzari profesionala izango zinela?
Ufa! Ni, pertsonalki, 18 urterekin konpainian sartu arte ez nintzen konturatu. Eskolaz oso bestelakoa zen. Konpainian sartu eta nire lehendabiziko emanaldiak egiten hasi nintzenean, orduantxe hasi nintzen dantzarekin gozatzen. Eskola beste mundu bat da, ez dago konpainian besteko askatasunik.
Gaur egun, euskal dantzari asko nabarmendu dira. Horiek guztiek atzerrian gauzatzen dituzte euren karrerak. Guztiek, halaber, zuk emigratu zenuen adinarekin joan behar izan zuten atzerrira. Euskadin sekulako hutsunea sentitzen da, ezta?
Bai. Gainera, kanpoan ikastean nerabezaroa zure familiatik urrun bizi behar duzu. Nik, nire ama gehien behar nuen garaian, telefonoz bestalde baino ez nuen izan.
Hala eta guztiz ere, askok eta askok urrats hori ematea erabaki zuten euren garaian... Zuek, mugaz bestalde, zerbait egiten al duzue arestian aipatutako hutsune hori bete dadin?
Igor Yebrak orain gutxi esan duen moduan, poliki-poliki joan behar dugu. Ezin duzu bat-batean munduko konpainiarik handiena sortu eta atzerrian dauden espainiar guztiak ekarri... Ezin da, kanpoan daudenak euren lekutan finkaturik baitaude. Zerotik hasi behar dugu, oinarri batetik, eskola onekin... Eskola horiek konpainiak izan behar dituzte Espainia mailan emanaldiak egin ahal izateko. Orduan, balet-mundu ikaragarria sortu ahal izango dugu.
Itzuliko zinateke?
Noski baietz! Baina uste dut niretzat beranduegi izango dela. Nolanahi ere, ez dut uste Alemanian bizitzen geratuko naizenik.
Bide batez, konpainia berean jarraitzen duzu... Ohikoa al da konpainia batetik bestera joatea?
Egin egiten da, baina ni, pertsonalki, ez naiz horretan pentsatzen ari. Oso gustura nago hemen.
Nolakoa da dantzari profesional baten eguneroko bizitza?
Gogorra da, baina eszenatoki batean egoteak merezi du, dantzatzea, ahal duzun guztia ematea, zure emozio guztiak. Bai, merezi du. Baina lan handia dugu, diziplina handia... Zure bizitzaren zati bat galtzen duzu. Zure bizitza pribatuarena, hobe esanda; oso zaila da hori betetzea. Baina niretzat, orain arte bederen, dantzan aritzeak merezi izan du.
Zure karrera guztian, bi bider baino ez duzu Euskadin dantzatu, biak ere orain gutxi. Nola hartu zintuen jendeak?
Ikaragarri, Donostian nahiz Bilbon. Ez nuen horrelakorik espero.
Argazkia: Unai Brea. |
Beraz, Euskadin zaleak, haurrentzako eskolak... eta dantzari on anitz daude, ezta?
Bai, asko eta asko daude.
Orduan, zer behar da edo nork eman behar du falta den hori ekartzeko bultzada?
Ez dakit nork egin beharko lukeen. Baina konpainia bat osatzen saiatu behar dugu. Lehen bagenuen Euskadiko Baleta. Gobernuak zerbait egin beharko luke... Hori da arazoa; Stuttgarteko Baleta, esaterako, gobernuarena da. Estatu Batuetan babesle bila ibili behar dute, guk ez dugu zertan. Espainiarentzako ere hori ez da egokia. Gobernuak bultzakadatxo bat eman beharko luke, eta diru gehiago eman kultura mota horretarako.
Iaz bi sari jaso zenituen...
Bai, Future dantza saria, Alemanian...
Beraz, aski ezaguna zara handik...
Beno, hamabi urte igaro ondoren... Eta bestea Gipuzkoako Errebelazio saria izan zen. Ilusio handia egin zidan, ez bainuen espero inondik inora. Egia esan, bestea ere ez nuen espero, baina desberdina da, izan ere, ni Alemanian bizi bainaiz eta bertan ezagutzen bainaute. Nolanahi ere, ez nuen espero eta, uste dut, ez dudala merezi. Baina ulergarriagoa da. Gipuzkoan, aldiz, ez nau inork ezagutzen, ez dakite nor naizen ere.
Igor Yebra, Lucía Lacarra eta baten bat gehiago kenduta, Euskadiko jendeak ez du dantzarien izenik gogoan, euskalduna izan ala ez... Alemanian ikusleen artean Alicia Amatriain izenak ba al du oihartzunik?
Taldearen arabera. Beti gauza bera gertatzen dela uste dut. Kanpoko jendea ibiltzen den ingurunearen arabera. Operan, baletean eta antzerkian interesa dutenek badakite nor naizen. Interesik ez dutenek nire izena ez dakitela uste dut, ez dakit. Hala ere, dantza klasikoak ospe handiagoa du hemen. Stuttgarter Balletten zaudela esaten baduzu, beste kontu bat da, nolabaiteko maila duzula agertzen duzu. Baina ez dut hori erabiltzen, beraz...
Nola deskribatuko zenuke dantza egiteko zure modua?
32 fouette zalea ez naiz, ez horixe... Nola esan... Lirikagoa izateaz gain, ikusleei istorio bat kontatzeko bide ematen didaten paperak nahiago ditut, nire emozioak ikusleei transmititzeko. Dantzatzeaz gain, antzeztea dut gustuko. Hori oso garrantzitsua da niretzat, izan ere, ikusleak euren etxeetara edo afaltzera joango dira eta astebeteren buruan ez dute gogoan izango 32 fouetterik egin dituzun ala ez. Negarra edo irria eragin diezun gogoratuko dute. Hori, niretzat, garrantzitsuagoa da.
Argazkia: Unai Brea. |
Dantza klasikoa egitea gorputzarentzako zigor gogorra al da? Lesioak gerta daitezke, eta abar.
Uste dut dantza modernoa eta dantza klasikoa antzerakoak direla. Guk erdi eta erdi egiten dugu eta, gutxi gora behera, bi modalitateak dakizkit. Klasikoak bai... lan egiteko beste modu bat du, baina garaikideak... Egungo koreografo berriek, batez ere, esperimentatu nahi dute, eta zure gorputza azken muturrera arte eraman nahi dute. Gorputzak zenbaitetan ezetz esaten du, ezinezkoa dela.
Dantza garaikideko dantzariren batek azaldu duen moduan, haurtzaroan dantza klasikoa ikasteak mugimendu-askatasuna mugatzen du gerora dantza garaikidea praktikatzeko...
Ez. Oinarri klasikoa duten eta dantza klasikoa egin duten dantzari asko ezagutzen ditut. Eta itzelak dira mugimendu garaikideak gauzatzen. Mugimendua burutik datorrela uste dut, eta aske utzi behar duzula. Garaikidean aritzeko burua askatu behar duzu, klasikoaz ahaztu, aske izan.
Eta erraza al da txipa aldatzea? Bide batez, zu nahiko ohituta zaude txip aldaketa horrekin, ezta?
Askotan galdetu izan didate ea zein dudan gustukoen klasikoa ala garaikidea. Ez dut baten alde egingo, bi modalitateak praktikatzen baititut. Klasikoa, nola esan... horrelakoa da, eta ezin dezakegu aldatu. Garaikideari dagokionez, koreografo bakoitzak mugitzeko modu bat du, eta hiztegi bat.
Horrek zer esan nahi du? Dantza klasikoak zeharo uko egiten diola gauza berriak asmatzeari?
Bai, hala da.
Kritikoek zuri buruz esaten dutenak kezkatzen al zaitu?
Ez naiz kritikak irakurtzen dituen dantzaria. Pertsona baten iritzia da hori. Publikoak emanaldia amaitzean ematen didanarengan dut interesa, kritiko batek biharamunean esaten didana baino gehiago.
Hala ere, kritikoak gehiago dakiela suposatzen da...
Bai, baina ez beti.
Zer egingo duzu dantza uzten duzunean? Zerbaitetan pentsatu al duzu?
Oraindik ez dakit zer egingo dudan. Ez dakit mundu honetan geratuko naizen edo beste batera joan nahi izango dudan.
Argazkia: Stuttgarter Ballett 2007. |
Dantzaren mundua hain itxia al da?
Oso itxia eta oso txikia. Dantzariek, koreografoek eta zuzendariek baino ez dute osatzen.
Aipatu duzun “beste” mundu horretatik, zeren falta sentitzen duzu?
Ordutegia. “Datorren astean banoa” esan ahal izatea. Hemen ez dugu ordutegirik. Nik esaterako, biharko plana jaso berri dut [elkarrizketa gauez izan da], eta oraintxe jakin dut zer ordutan amaituko dudan.
Gisa horretako bizitzak nekatzen al du?
Bai eta, hori gertatzen denean, utzi egiten duzu. Noizbait sentitu izan dut “nahikoa da, ezin dut gehiago” sentsazio hori. Baina gorputzarengatik da gehien bat, astebete jai hartu ezean ezin izango duela esaten dizu. Edo mentalki oso akituta zaudenean... Niri nahiko gogorra egiten zait, kanpoko lagunak egitea oso zaila baita. Baleta, baleta eta baleta, baleterako eguneko 24 orduak hartzen dituzu egunero. Hori, niretzat, oso nekagarria eta monotonoa da. Zera esatera heltzen zara: aski da baletarekin, ezin dut gehiago.
Heldu zaren mailara helduta, ikasten jarraitzen al duzu?
Bai, bai, bai. Ikasteari utziko banio dantzatzeari utziko nioke. Horrek ezin hobea naizela esan nahiko luke, ezingo nuke gehiago ikasi, eta dantzatzeari utziko nioke.
Ezer ikasterik ez duen dantzaririk ba al da?
Ez dut uste.
Eta pieza perfektua?
Ezta ere. Pieza master asko daude, baita dantzari zoragarriak ere. Baina ezin hobeagorik ez dago. Pertsonalki, ez dut uste.
Zure munduan, perfekzioa nahi al duzu?
Lortu behar duzun zerbait da. Dantza munduan bikaintasuna da etengabeko helburua, baina hori lortzea ezinezkoa da. Gizaki izaten jarraitzen dugu.
Alicia
Amatriain Berdegué
(Donostia, 1981)
Zortzi urterekin Donostiako Kontserbatorioan sartu zen. Bertan izan zen 1994.
urtera arte eta Peter Brownen eskolak jaso zituen. 14 urte zituela John Crankoren
eskolan hasi zen, Stuttgarten, eta 1998. urtetik Alemaniako hiri horretako
baleteko kide da. 2002. urtetik, gainera, dantzari nagusi moduan dihardu talde
horretan bertan. 2006an, Alemaniako Future saria jaso zuen, eta Asociación
de Profesionales de la Danza de Gipuzkoa elkarteak Errebelazio saria eman
zion.
Dokumentuaren akzioak