New Yorkeko kaleetan sortu bazen ere, Oriora iritsi da dagoeneko hip-hop dantza modernoa. Duela hiru urtetik bertan ospatu izan da Gipuzkoa Dance Contest txapelketa, eta aurten ere, asmo berarekin, hip-hop dantza estiloaren epizentroa bihurtuko da herria egun oso batez.
Warda Mallal Dantza Estudioak antolatuta, Dance Contest txapelketaren 11. ekitaldia egingo dute martxoaren 19an, Karela kiroldegian. Euskal Herriko ordezkariez gain, Gijon (Asturias, Espainia), Bartzelona eta Tarragonatik (Herrialde Katalanak) etorritako taldeek ere hartuko dute parte, eta horiek hainbat kategoriatan banatuta ariko dira: infantil, junior, youth, absolutu, Premium (gurasoak) eta talde handiei zuzendutako Mega Crew kategoria.
Halaber, dantza garaikideko kategoria antolatu dute bigarren urtez. "Modan jarri da azken urteetan eta horregatik erabaki dugu aurten ere aukera hori eskaintzea", jakinarazi du Warda Mallal dantzariak eta txapelketaren antolatzaileak.
Nazioarteko epaimahaikideak izango ditu ekitaldiak. Antolatzaileek iragarri dutenez, Michele Manganaro, Alberto Blanco eta Tamara Kramerrek osatuko dute, "guztiak ere oso ezagunak dantza modernoaren munduan", azaldu du Mallalek. Mangaro Italiatik iritsiko da. Bere herrialdeko "telebista programa askotan egin du lan, eta Madrilgo (Espainia) hainbat ikuskizun eta ekitaldi garrantzitsuetan parte hartutakoa da". Blanco, izatez gijondarra bada ere, AEBetako "dantza konpainia ospetsuenetan lanean" ari da. Erresuma Batuko ordezkaria izango da Kramer. "Coach-a izateaz aparte, oso dantzari ezaguna da Londresen".
Mila dantzari jada
Gipuzkoa Dance Contest txapelketan parte hartzeko izen-ematea irekita dago, eta antolatzaileak jakitera eman duenez, orain dik hilabete baten faltan, dagoeneko mila dantzari inguruk eman dute izena. Dena den, "hainbat kategoriatan plaza gutxi batzuk geratzen dira libre". Hala, interesa duen orok hiphopgipuzkoa.wexsite.com atarian eman dezake izena edo 637 25 68 51 telefono zenbakira deituta.
Ikusle gisa joan nahi duenak, berriz, sarrerak eskuragarri izango ditu, eta horretarako bi aukera izango ditu. Egun osoko sarrerak 16 euro balio du; egun erdikoa nahiago dutenek, berriz, aukera izango dute 9 euroren truke sarrera eskuratzeko.
"Xarma berezia"
Warda Mallalen esanetan, "asko dira urtero-urtero parte hartzen duten talde eta dantzariak". Izan ere, beste txapelketekin alderatuta, Oriokoa "txikia" dela iritzi du, eta horrek baduela dantzarientzako "xarma berezia", oso gertukoa egiten duena. "Bertara etortzen diren dantzari asko hazten ikusi ditugu".
Urtero izaten dira halaber dantzari berriak, "gero eta ospe handiagoa baitu dantza estilo modernoak". Horren isla da dantzarien kopuruak izan duen goranzko joerak. "Hasierako edizioetan 500 lagun inguru biltzen ginen dantzaren inguruan; aurten mila izatera helduko gara". Gainera, "kuskizun ikaragarriak prestatzen dituzte".