Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza maitatzeko

Dokumentuaren akzioak

Dantza maitatzeko

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/07/15

Thierry Malandainen aroa amaitzeko eta Filgy Claverierena hasteko balio izango du aurtengo jaialdiak. Hala ere, argi dago aldaketa horrek ez duela irauliko jaialdiaren norabidea. Elkarrekin lan egiten dute Ballet Biarritzen, eta Claverieren helburu nagusia Malandainek jaialdiari emandako maila sendotzea eta hark sustatutako ildotik jarraitzea izango da. Hamar egunean hainbat estilo eta jatorritako dantza konpainiak ikusi ahal izango dira; maila handiko ikuskizunak eta kalitate handiko taldeak. Hasteko, adibidez, Aterballetto talde italiarra arituko da. Talde gaztea da hori, estilo neoklasikoa lantzen du eta Europako zenbait konpainiak osatzen duten belaunaldi berriko buru dator. Besteak beste, Balanchine, Kylian eta Bejart XX. mendeko maisuen lanekin osatzen dute errepertorioa. Estilo garaikidean bertan, Nacho Duato iritsiko da, bere gazte konpainiarekin, eta Cesc Gelabert dantzari kataluniar historikoa ere izango da Miarritzen, oso ikuskizun alaiarekin. Orain hilabete gutxi Iruñean jendea liluratu zuen, Viene regando flores desde La Habana A Moron piezarekin, eta Miarritzen ere kutsu karibearreko koreografia hori eskainiko du. Zalantzarik gabe, aipamen berezia merezi dute Nizako Operako Baletak eta Japoniako Asami Maki Ballet Tokyok ere. Japoniako dantza klasikoaren aitzindaria da talde hori, eta Roland Petit koreografoarekin duen lotura estua da bere mailaren erakusgarri. Petitek ez du atsegin edozein talderekin lan egitea; teknika aldetik bikainak izateko eskatzen die konpainiei. Asami Maki baletak beti liluratu du alde horretatik, eta, horregatik, urte askoan elkarlanean jardun da harekin. Hasiera batean, Japoniako konpainiak Lucia Lakarra dantzaria gonbidatu zuen bere ikusgarrira, eta Maitaldian ere horrela iragarrita zegoen. Baina, azkenean, aldaketa batzuk direla medio, zumaiarrak ezin izango du Euskal Herrian dantza egin.



Maritzuliren obra berria Azkenik, Nizako Operako Baletak bi programa eskainiko ditu, betiere obra klasikoak moldatzeko modu bereziarekin. Egun batean, jazz giroko Romeo eta Julieta aurkeztuko du, eta, bigarren egunean, obra neoklasikoekin osatuko dute ikuskizuna; tartean Carmina Burana ikusi ahal izango da.



Lucia Lakarra zumaiarraren emanaldia azken orduan bertan behera geratu bada ere, Euskal Herriko beste hainbat dantzarik eta dantza konpainiak ere tarte bat izango dute aurtengo Maitaldian. Patxi Perez dantza maisuak, esate baterako, Euskal Herriko zein munduko herri dantzen ikastaroak emango ditu jaialdiak irauten duen garaian. Agertokietan, aldiz, Claude Iruretagoienak eta Maritzuli konpainiak sorkuntza berria aurkeztuko dute. Dantzari eta koreografo lapurtarrak Kutx ala pil...? izenburua jarri dio ikusgarriari, eta Zuberoako dantzetan oinarrituta dago. Emanaldi hori osatzeko, Zuberoako dantza urratsen bilketa lana egin du, eta, horietan oinarrituta, zenbait gogoeta proposatu ditu gero. Zuberoako dantzak beste dantza estilo batzuekin tartekatzen saiatu da; adibidez, dantza garaikidearekin.



Pantxika Telleriaren Kadira ez da berria; orain hilabete gutxi estreinatu zuten. Eta Maitaldiak haurrentzako lan hori ikusteko aukera eskainiko du. Damian Muñozen Oleles, aldiz, bira dezente emandakoa da. Dantzari gasteiztarrak Bartzelonan du lanerako lekua, eta han Jordi Cortesekin egin du bat. Muñoz Euskal Herrian ikusteko aukera handirik ez da izaten. Jaialdia amaitzeko, nola ez, Ballet Biarritz etxeko ordezkaria arituko da. Ekitaldi berezia izango da, gainera; Malandainen taldeak Bidaiari izeneko bere agertoki mugikorra portuan ipini eta doako saioa eskainiko baitute. Creatures lanarekin hasiko du baletak denboraldi berria; etxean abiatu eta berehala Europa zeharkatzeari ekingo diote.











z Egitaraua



Irailak 9: Aterballetto. 21:00etan, Gare du Midin.



Irailak 10: Elirale konpainia: 11:00etan eta 18:00etan Coliseen. Gelabert Azzopardi: 19:00etan, Kasinoan. Aterballeto: 21:00etan, Gare du Midin.



Irailak 11: Cruceta Ballet Flamenco. 19:00etan, Kasinoan.



Irailak 12: Teresa Nieto: 19:00etan, Kasinoan. Asami Maki Ballet Tokyo: 21:00etan, Gare du Midin.



Irailak 13: Piramid: 19:00etan, Kasinoan.



Irailak 14: Cie Kelemenis: 19:00etan, Kasinoan. Compañia Nacional de Danza II: 21:00etan, Gare Du Midin.



Irailak 15: Androphyne: 19:00etan, Coliseen.



Irailak 16: Josette Baiz-Cie Grannade: 19:00etan, Kasinoan. Ballet de l'Opera de Nice: 21:00etan, Gare du Midin.



Irailak 17: Damian Muñoz eta Jordi Cortes: 19:00etan, Kasinoan. Ballet de l'Opera de Nice: 21:00etan, Gare du Midin



Irailak 18: Maritzuli: 18:00etan, Gare du Midin. Ballet Biarritz: 22:00etan, Portu Zaharrean.

Dokumentuaren akzioak