Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza-maisua

Dokumentuaren akzioak

Dantza-maisua

Egilea
Kirmen Uribe
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2008/04/19

Orduan gaztetxo edo ume ziren horiek dantzan egingo dute herriko frontoian maisu zaharraren omenez. Nola omendu bestela dantza-maisua dantzan egiten ez bada. Hirurogeita hamar urte inguru dituzte orain sasoi bateko dantzari hasiberriek. Ama eta izeba Inma ere tartean dira. Izebak bazuen kezka bat, nola edo ahala ahazturatik atera behar zela Silberio Beristain hura, gogoan hartu behar zirela haren lan nekezak. Eta begira, hortxe dabil lagun aldra larunbateko dantza saioa prestatzen. Ederra da haiei entzutea sasoi bateko dantza saioei buruz hitz egiten: gizon zehatza zela irakaslea eta nolako komeriak izaten ziren dantzarako arropak lortzeko. Alkandora zuria erdiestea, esate baterako, ez zen lan makala estuasun garai haietan. Arrain-saltzaileren batek utzitako kamisoi zuria jantzi zuen umerik ere izan zen. Gonak ere ez ziren neurrira erosten. Handi erosten ziren umea hazi ahala ondo geratzeko. Baina txikitan luzeegi eta gaztetan laburregi geratzen ziren.

Nik ez dakit euskal dantzarik dantzatzen. Ezetz esan nion amari txikitan, nik ez nuela ikasi nahi. Eta orain damu dut. Baina larunbatean hirurogeita hamar urtekoak dantzan ikustean beharbada animatu egingo naiz.

Sekula ere ez da beranduegi.

Dokumentuaren akzioak