Dokumentuaren akzioak
Dantza lotua bekatu zenekoa
Apaizen esanetan baltseoa bekatu mortala zeneko garaia eta hura hauspotzen eta dantzatzen zutenak deabrutzat hartzen zituztenekoa ezagutarazi zuten Garmendiak eta Amurizak
Amagoia Ibanek gogorarazi zuen moduan, XIX. mendeko bigarren erdialdean ailegatu zen esku-soinua Euskal Herrira, «eta dantzarako hauspo bilakatu zen. Une hartatik bertatik, Inpernura bidali zuten. Integrismo katolikoa sasoi bizian zegoen garaian heldu baitzen tresna berria». Elizak bete-betean egin zuen infernuko hauspoaren kontra, horrek zekarren «zikinkeriatik salbatzeko». Eta elizari itsu-itsuan lagundu eta babes eman zioten garaiko erakundeek. Bartolome Baertel fraide fantziskotarra 1886rako herriz herri ibiltzen hasia zen «misio santuan» kanpotik ekarritako «baltseo nazkagarriaren» aurka, kazetariak bildu zuenez: «Herriyetako buru egiten dabenak lagundu bihar deuzkube lan honetan. Euren mesediak egon bihar dabe dantza lekuetan begi argi ta zoliyakaz, eta agindu berau Herriko Zainlariyai, egin ez daitekian garbitasunagaz oker datorren gauzarik. Hemen dauzkagu geure aurresku eta atzezkuak, bana banakua, ta besta dantza garbiyak», idatzi zuen orduko hartan Baertelek. «Dantza lotua, baltseoa, pekatu mortal izendatu zuten berehalakoan, eta dantza hori hauspotzen eta dantzatzen zutenak deabru. Baertelek izan zituen bere aitzindariak eta baita jarraitzaileak ere», azaldu zuen Ibanek.
Debekutik ihesi
Amurizak, apaiza izana berau, debekuak 60ko hamarkadan bera herri txikietara apaiz joan baino «ez askoz lehenagoko kontuak» direla azaldu zuen. Hala ere, herritarrek aurkitzen zuten debekutik ihes egiteko biderik: «Mendi puntara beheko arau zorrotzak ez ziren iristen, apaizak ez ziren gora iristen, eta askatasun edo libertinaje handiagoa zegoen». Horrez gain, «leku debekatuetan ere», aurkitzen zuten soinu jotzaile eta dantzariek erromeriarako eta dantza loturako zirrikiturik: «Urkiolako erromeria handia izaten zen. Urkiola Abadiño zen eta han debekatua zegoen dantza lotua, inguru denetan bezala. Soinua errepide nagusian jotzen zuten, errepidea publikoa zenez han ezin zen isundu, eta Abadiñoko aguazilak eta Urkiolako apaizak begira egoten ziren, errepidetik ateraz gero isuntzeko». Buruari hamaika buelta ematen zizkioten debekua saihesteko; horrelakoak asmatzen bikaina behar zuen Arbe trikitilariak: «Kanpoan soinurik jo ezin zuenez etxe bateko balkoitik jo zuen, etxean debekatzerik ez baitzegoen».
Apaizen debeku haiek «oroitzapen gozoak» utzi zikioten Amurizari haurra zela: «Garizuma garaian debekatua zegoen musika jotzea, eta gure osabak ezin zuen egon 40 egunetan soinua jo barik. Amamaren etxean debekatua zuenez gurera etortzen zen gauez soinua jotzera, gela batean ate eta leihoak itxirik, ilunpean. Debekuari esker nik soinua entzuten nuen gauero», kontatu zuen soinuaren inguruan hamaika anekdota dituen bertsolariak, «Paristik ez eta soinu baten barruan erromeria batetik ijitoei osturik» ekarri zuten bertsolariak.
Leku guztietan, ordea, ez zen debekatua soinua jotzea eta dantza loturik egitea. Txomin Garmendiak jakinarazi zuen bere herrian Berrobin, «Leitzan, Tolosan eta Ibarran ez bezala» duela 60 urterako egin zitekeela dantza baltsean, «nahiz eta gero Don Rikardok sermoi latzak egiten zituen, armiarmak eta denak airean bidaltzeko modukoak, tartean latinezko hitz batzuk esanaz».
Apaiz denek, ordea, ez zuten hain okerrak izan behar, gogoan du Garmendiak Aita Agirretxe apaizak esandakoa: «Errezilgo bikario txikia bilera hauen kontra egon zen, baina bilera hauetatik ezkontza ugari atera ziren».Garaiak majo aldatu dira Amurizak eta Garmendiak deskribatu zituzten haietatik. Soinua jo eta dantza lotuan egitea debekatua izatetik, plazak hutsik egotera. «Galarazitako horixe egiteak ematen du gustu handiena», biribildu zuen Garmendiak Botere dantza-ren inguruko jarduna.
Dokumentuaren akzioak