Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza liluragarria

Dokumentuaren akzioak

Dantza liluragarria

'Casse-Noisette' ikuskizunaren bertsio eraberritua aurkeztuko du gaur eta bihar Biarritz Balletak

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2004/08/12

Madrilen arrakasta izan zuen ikuskizunak joan den abenduan han estreinatu zenean, eta orain Miarritzeko publikoaren iritzia jakinen dute.Ekoizpen honek Hoffmannek 1816. urtean argitaratu haur ipuin bat du inspirazio iturri. Alejandro Dumas aitak bereganatu eta Petipak balet bilakarazi zuen 1895ean. Istorioa Eguberriz iragaten da. Osabak Marie neskatilari intxaurrak hausteko tresna eskaintzen dio. Gaua jitearekin neskatila tresna bitxi horren inguruan hasiko da amesten. Printze salbatzaile eta arratoi gaiztoek osatu mundu liluragarri batera eramaten du bere irudimenak. Obrak haurtzaroan sartzea gomitatzen du, umorea eta fantasia lagun. Txaikovskiren musika oinarri, Thierry Malandain koreografoa «plazer handiz» aritu da obra hau taularatzen 12 dantzarirentzat. Alabaina, Errusiako baleten garaia franko gustukoa du koregrafoak. Dantza bera neoklasiko estilokoa da. Hau da, puntillarik gabe, baina base klasiko batekin. Eguberrietako ipuin bat agorrilean aurkeztea arraro izan daiteke arte ikuspegi batetik. Baina agorrilak badu abenduak ez duen abantaila bat, turistak. Haiek gogoan dute programatua dantza emanaldi hau, justuki. Haurrentzat zein helduentzat une goxo bat pasatzeko aukera gisa aurkezten dituzte bi gaualdi hauek. Obra hau jadanik landua zuen Miarritzeko konpainiak; 1997an, hain zuzen. Geroztik koreografia bere hartan atxiki badute, jantziak, apainketak eta argiak «modernizatu» egin dituzte, «freskatu», Sabine Lanburu konpainiako komunikazio arduradunaren hitzetan.



Lan berria Maitaldia zabaltzeko



Iraila jin anartean kalitatezko dantza emanaldi bat eskaini nahi du honekin Miarritzeko baletak. Alabaina, irailean Maitaldia dantza jaialdia iraganen da Miarritzen. Han, baletak bere sorkuntza berria eskaniko du: Le Sang des Etoiles (Izarren odola). Jaialdia zabaltzeko atxikia dute, justuki. Bestalde, jaialdiak berak ez du gai berezirik izanen. Nahiz eta dantzaldi herrikoietako dantzari halako begi keinu bat egin. Hamalaugarren ekitaldia izanen da aurtengoa, eta irailaren 4tik 18ra finkatua dute.

Dokumentuaren akzioak