Dokumentuaren akzioak
Dantza Lazkaoko sanprudentzioetako egun handian
Goizean goiz irtengo dira Oin Arin taldeko kideak kaleetan barrena hankak astinduz
Gorputza minberatzeko adina egun badaramatzate jaietan Lazkaon. Iragan apirilaren 22an hasi ziren Gipuzkoako herri honetan jaiak, eta, orduz gero, pare bat egunean airea hartzeko atseden hartu badute ere, zer ikusi eta zer entzun galanki izan dute lazkaotarrek.
Gaur jaietako egun handia, San Prudentzio eguna izaki, ez da gutxiagorako izango han eta hemen ikusgai dagoena. Bestelakorik izango bada ere, dantzariak izango dira gaurko egunean, batez ere, ikuskizuna emateaz arduratuko direnak. Oin Arin taldeak goizean goiz hasita San Prudentzio ermitara egiten duten prozesioari lagunduko dio oinak astinduz. Arratsaldean, berriz, emanaldia egingo du herriko plazan.
Dantza egin eta herrietako jaiak disfrutatu; gehiegitxo dirudi. Ez du horrelakorik esan, ordea, Manoli Beldarrain Oin Arin dantza taldeko arduradunak, eta «ilusioarekin eginez gero trabarik ez» dela nabarmendu du. Dantzarik egingo ez badu ere, Beldarrain buru-belarri arituko da gaur talde guztiek behar den moduan oinak mugi ditzaten. Taldeko zaharrenak, 18-19 urte bitartekoak, izango dira gaurkoan dantzari gisa arituko ez diren bakarrak, horiek joan den apirilaren 23an egin baitzuten beren saioa Donibane Loizuneko taldearekin batera. Ez dute, beraz, parranda eta dantza uztartzeko zailtasun handirik izan. Gaur, Beldarraini laguntzea izango da beren lana.
Agurra, arku-dantza, zinta-dantza... Horiek eta gehiago ikusteko aukera izango dute Lazkaon barrena dantza taldeari jarraitzeko aukera dutenek, bai eta soka-dantza ere. Iaz hasi ziren dantza hori egiten herrian. «Proposatu egin genuen jaietan egiteko, eta gustatu egin zitzaion jendeari, nonbait; aurten berriz ere egiteko asmoa dugu-eta», adierazi du Beldarrainek.
Jaietan dantzan egiteak esfortzua esan nahi duela ahaztu gabe, jendearekin harremanetan jartzeko modu bat dela ere nabarmendu du Beldarrainek. «Prozesioa egin ondoren gosari txiki bat egiten dugu eta elkarrekin egoten gara, ez da dantza egitea bakarrik», adierazi du. Arratsaldeko emanaldiaren ostean, «meriendatxo» bat egiten dute, indarrak berritzeko eta giroa berotzeko. Beldarrainek berarentzat ere gaurkoa egun berezia dela adierazi du, «lana da, baina, egia esan, martxa hartuta diogu. Haurrek badakite zer egin behar dugun, eta guk ere bai».
Egunari eta dantza taldeari ondo neurria hartuta dio, beraz, Beldarrainek. Hala ere, eskatzen hasita, herriko mutikoei egiten die deia, dantza taldean mutil gehiagoren premia baitago, Beldarrainek adierazi duenez. «Dantza asko egiteko mutilak falta zaizkigu, bai taldean aritzeko, bai sueltoan dantza egiteko», kontatu du.
Dantza ikuskizunak gogoko dituenak, ordea, ez dezala pentsa gaurkoarekin amaituko duenik. Izan ere, igandean XXV. dantza libreko txapelketa izango baita plazan. Bertan, dantza sueltoan ikasten ari diren herritarrek, txapelketan parte hartu ez, baina ikasturte honetan ikasitakoa taularatuko dute.
Gainerakoan, era guztiarekin nahikorik egin ez duenak, gauero izango du herriko plazara irten eta egunean-eguneko musika taldearekin dantza egiteko parada. Gaur Drindots taldearen doinuak izango dira entzungai Lazkao aldean.
Egitaraua
9.00 h.: Txistularien goizeresia.
10.30 h.: Prozesioa San Prudentzio ermitara txistulari eta dantzariekin.
11.00 h.: Meza Nagusia. Ondoren Oin Aringo dantzariak mutil dantza dantzatuko dute Udal korporazioaren aurrean.
12.30 h.: Koldo Iparragirre trikitixa eskolako ikasleen emanaldia
13.00 h.: Udal agintarien soka-dantza.
17.00 h.: Oin Arin dantza taldea
18.30h.: Urrezko aizkora plazan. Aizkoran Larretxea-Olasagasti. Harri jasotzen Joseba Ostolaza arituko da. Ondoren aurtengo herriko kirolari destakatuei omenezko ekitaldia
19.30 h.: Tximeleta txaranga herriko kaleetan
10.30 h.: Drindots musika taldearen kontzertua
Dokumentuaren akzioak