Dokumentuaren akzioak
Dantza-korapiloak
Multimedia, lau hizkuntzatan emana, 150 metro koadro, 400 ilustrazio baino gehiago, film zaharrak eta hainbat artxibo orain arte ia ezezagun, hiru dimentsioko irudiak, propio egindako bideo sorkuntzak… Horiexek, Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Soka erakusketaren ezaugarriak, fitxa teknikoa nahi baduzue. Asteotan, apirilaren 2ra arte, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ikus eta entzungai dago, auskalo nora joango den gero.
Datuok aski lirateke, bestela fidatu nire hitzaz, bere horretan balio handikoa den erakusketa batez ari garela jakiteko. Baina gauza bat da hori eta beste bat, gainera, euskal dantza tradizionalak egun dituen bi pope nagusien gidaritzapean –barkatuko didatelakoan– bertan murgiltzea.
Aukera horrekin gozatu genuen otsailaren 25eko arratsean. Oier Araolaza eta Juan Antonio Urbeltzen eskutik abiatu ginen Soka-n, eta kasu honetan esaldia ez da metaforikoa: benetan elkarren eskuei heltzeko eskatu ziguten bisita gidatua abiatzeko. Hala geundela ikasi genuen gutxienez 500 urtez modu horretan, dantzatu ez ezik, bikote harremanak bideratu zirela Euskal Herriko plazetan, XVIII. mendean elizak bekatu izendatu zuen arte azalen kontaktu lizuna, eta haren ordez zapia ezarri.
“Hori izan zen amaieraren hasiera”, dio Araolazak; “haren funtzioa galduta, gazteek soka-dantza utzi zuten”. Bigarren kolpea izan zen taldean aritzeko ohituratik norbanako baten erakustaldi gimnastikora igarotzea, horixe baita gaur egun aurreskua. Nolanahi, soka-dantzaren tradizioak euskaldunok oso berdintasun zaleak garela adierazten du, Juan Antonio Urbeltzen esanetan. “Horregatik ez daukagu mito heroikorik”.
Behin eskuak askatuta, erakusketaren atal batetik bestera joan ginen, mekanika jakinari segituz: Araolazak galderak egin, Urbeltzek erantzun. Bai modu jorian erantzun ere, tarteka kaotiko samar, erudiziozko ozeanoan bizipenak txertatuz. Ikasitako batzuk: tradizioa eta sorkuntza guztiz bateragarriak dira, ondo eginez gero; asmakizunean ere fideltasuna zor zaio jasotako ondareari; eta Frantziako erregeen gortean omen zeuden euskal dantzarien arrastorik ez da ageri erregistro historikoan, baina badaude zantzuak Milango gortearekin lotuta.
Generoari buruzko panela izan zen sokaren azken korapiloa. “Hemen daude erakusketako irudi zaharrenak”, argitu zuen Oier Araolazak; “bitxia da, daukagun zaharrena emakume batena delako; askotan esan da euskal dantza batez ere gizonek dantzatu dutela, eta hemen ikus ditzakegu emakumeak 1921ean aurreskua dantzatzen, arraunlari talde baten omenez”. Emakumeak eta taldean, elkarri eskua emanez. XX. mendeak galarazitako gauzak.
Donostiako Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan ikusgai dago, apirilaren 2ra arte, Euskal Kultur Erakundeak ekoiztutako Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa ibiltaria, 2015eko irailean Biarritzen estreinatu zena. Otsailaren 25ean bisitaldi gidatua izan zen, Juan Antonio Urbeltz eta Oier Araolazaren eskutik.
Dokumentuaren akzioak