Dokumentuaren akzioak
Dantza-kopla zaharrak
Eta, hala ere, erne! Hain dira trikimailuzaleak denda erraldoietako
arduradunak: oker dabiltzan karroak jarriko dizkizue eskura, gogoko ez
dituzun apaletara ere ingura zaitezen; sarri-sarri lekuz aldatuko
dizkizue gauzak, betiko lekuan aurkitu ez eta, haien bila zabiltzala,
behar ez duzunik ere karrora dezazun.
Trikimailuak trikimailu, kontua da badudala lagun bat, argia baino
argiagoa, Durangoko liburu-azokara ere urtero-urtero zerrendarekin
joaten dena. Aurten, esaterako, hiru libururen izenburuak daramatza
zerrendan. Hemen (hau ez baita propaganda-leku), bakarra aipatuko dut:
Jabier Kalzakortaren Dantza-kopla zaharrak.
Izenburuak berak argi dio zer dugun liburuan: dantza-kopla
zaharrak. Batzuk ezagunak, beste batzuk ez; sailka bilduak. Eta
kopla-sail horien artean, bat bereiztekotan, Juan de Arin Dorronsorok
Ataunen bildu zuena bereizi behar. Jabierrek euskal dan-tza-koplen
Kapera Sixtinatzat jotzen du; eta orain argitaratzen da lehenengoz.
Jabierren hitzetan, kopla-bildumarik zaharrena da Ataungo hori,
zoragarriena, handiena.
Gehiago ere badio markinarrak, liburuaren sarrera ezin bikainagoan:
«Euskal dantza-koplak Japoneko haikuen antzekoak dira. Olerki
minimoetan pentsamendu bat edo eztenkada bat edo ideia poetiko bat
borobiltzen da». Mila esker, Jabier, behin behar eta, berriro ere
begiak -egiak- zabaldu dizkigualako.
Dokumentuaren akzioak