Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantza konpainia gisa ere egiten dugu lan"

Dokumentuaren akzioak

"Dantza konpainia gisa ere egiten dugu lan"

Duela hamalau urte sortu zuen Eider Rodriguez donostiarrak Bamboo Dance dantza eskola, Amara Berriko Eibar plazan. Hasieran, bera bakarrik aritzen zen irakasle lanetan, baina, gaur egun, hamalau irakaslez osatutako talde indartsu bat dute. Iaz World of Dance nazioarteko dantza txapelketara joateko aukera izan zuen bertako dantzari talde batek.
Egilea
Sara Ibarguren
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Amara Berri-Loiolako Erribera
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/01/13
Lotura
Irutxuloko Hitza
Bamboo dance
Eider Rodriguez, erdian, Bamboo dantza konpainiaren ‘Idiotas’ ikuskizuneko beste bi dantzarirekin. (Argazkia: Bamboo Dance)

Nolatan sortu zenuten Bamboo Dance dantza eskola?

Bamboo Dance dantza eskola 2009an sortu nuen. Betidanik dantzaria izan naiz, eta nahiko argi nuen nire eskola eraikiko nuela noizbait. Bartzelonan eta Madrilen jaso nuen formakuntza, eta 24 urterekin Donostiara itzuli nintzenean eskola sortu nuen.

Zer dantza mota ikas daitezke bertan?

Gehienbat, urbanoa: hip-hop, afro, house, eta beste hainbat estilo lantzen ditugu urbanoaren barruan. Baina baita ere, eta gero eta gehiago, dantza garaikidea, ballet klasikoa, zumba, pilates eta latinoa.

Zein adinetako ikasleak izaten dituzue dantza eskolan?

5 urtetik aurrerakoek eman dezakete izena. Hasiberrien taldeak dauzkagu, eta bertan, 5 urterekin hasten dira koordinazioa lantzen, jokoak egiten, eta edozein diziplinetarako egokia izan daitekeen formakuntza ematen diegu. Gero, 10 urtetik aurrera, beraiek aukeratzen dute zein diziplinatan zentratu nahi duten, baina hasiberri guztiek gauza berak lantzen dituzte: koordinazioa, musikalitatea, espresioa eta beste hainbat gauza lantzen hasten dira.

Diziplina bakoitzean espezializatutako profesionalak dituzue?

Bai, bakoitzak bere estiloan formakuntza dauka. Balletekoak kontserbatorioetan egon dira, eta balleteko gradua daukate; eta urbanokoon kasuan, ez dago kontserbatoriorik balletean bezala, eta formakuntza pribatuak izaten dira. Guk horiek egiten ditugu.

Zerk bultza zintuen dantza ikastera?

Txikitan gimnastika erritmikoa egiten nuen, baina hori goiz bukatzen da. Bartzelonan lehiatzen aritu nintzen, eta Euskal Selekzioan eta Kataluniako Selekzioan egon nintzen, baina 18 urterekin nire gimnastika erritmikoko karrera bukatu egin zen. Ondoren, antzeko irteera bat bilatzen hasi nintzen, eta horrela aurkitu nuen dantza modernoa edo urbanoa.

Zer da dantza mota horrek duen gauzarik bereziena zuretzat?

Askatasuna. Balletak oinarri ona ematen dizu, eta nire ustez oso garrantzitsua da. Ballet asko egin izan dut, oinarri bat izateko hoberena delako. Baina, gerora, dantza garaikideak ematen dizun askatasuna gustatu zait. Mugimendu aldetik eta musikaren aldetik aukera gehiago eskaintzen ditu, eta inprobisaziorako aukera gehiago ematen ditu. Analisi sakonago bat egin dezakezu, eta gero zuk aukeratu dezakezu nola dantzatu.

Gaur egun, nolakoa da dantza modernoarekiko zaletasuna Donostian?

Gero eta zaletasun handiagoa dago Donostian, egia esan.

Sortu zenetik hona nolako bilakaera izan du Bamboo Dancek?

2009an ni bakarrik aritzen nintzen klaseak ematen, eta egunero bost edo sei eskola ematen nituen. Urteak pasa ahala, gero eta irakasle gehiago sartu dira, eta poztasun handia ematen dit duela hamalau urte nirekin eskolan hasi ziren ikasle asko orain bertako irakasle izateak. Gaur egun, hamalau irakasle gaude Bamboon, eta gehienak bertan hasi ginen dantzan. Hori da gehien pozten nauen gauzetako bat.

Zentzu horretan, Bambook izan du jendeak dantza utzi ez dezan konbentzitzeko gaitasuna, ezta?

Bai, batzuek irakasle izatea lortu dute, eta beste batzuk dantza konpainian daude, oraindik ikasten ari direlako. Izan ere, gure eskola daukagu eta bertan irakasle izan daitezke, baina baita dantzari profesionalak ere. Kontratazioak ere egiten ditugu, dantza konpainia gisa ere egiten dugulako lan.

Donostiarrak ez ezik, inguruko herrietako jendea ere joaten da Bamboora?

Bai, jende pila bat. Errenteriatik, Zarauztik, Tolosatik, Beasaindik eta inguruko beste leku batzuetatik ere etortzen zaizkigu ikasleak.

Azkenaldian ospea lortu du eskolak, udan World of Dance nazioarteko txapelketan izan zinetelako. Nolakoa izan zen prozesua?

Guk sailkapena 2019an lortu genuen, eta pentsatzen genuen 2020an Los Angelesera joango ginela nazioarteko txapelketa jokatzeko. Pandemiaren ondorioz, ordea, bi urte egon gara itxoiten. Beraz, imajinatu: denbora asko pasa dugu horrekin buruan, eta koreografiari buelta pila bat eman genizkion. Dantzari asko kanpora joan ziren bizitzera, eta dantzari berri batzuk sartu ziren proiektuan. Prozesu desberdinak bizi izan ditu koreografiak berak, baina polita izan da ideia eta musika mantentzea. Azkenean, Los Angelesera eraman genuen koeografia ikusten dudanean pentsatzen dut perfektuegia zela. Ni oso zorrotza naiz, baina egia da lortu genuela denok agertokitik pozik ateratzea, eta hori oso zaila izaten da. Beti izaten da akatsen bat, baina ez zen horrelakorik gertatu. Agertokitik atera ginenean denok negarrez hasi ginen, pozaren pozez, ezin hobeto egin genuelako.

Zenbat dantzari eta zein adinetakoak izan zineten Los Angelesen?

Hamazazpi dantzari ginen, gazteenak 16 urte zituen orduan, eta ni nintzen zaharrena; 38 urte ditut.

Zein abesti aukeratu zenuten World of Dancerako?

Bi abesti dira: Thornatoren Chapinero eta Brankoren Na madruga.

Dantzaren bidez mezuren bat zabaldu nahi izan zenuten?

Martin Luther Kingen esaldi baten inguruan sortu genuen koreografia. Esaldia berez ingelesez da, baina euskaraz horrelako zerbait izango litzateke: Nahiz eta mundua bihar bukatuko dela jakin, zuhaitz bat landatuko nuke. Hori da Marting Luther Kingen esaldia, eta guk gehitu genion zuhaitz horren ondoan dantza egingo genukeela.

Ideia sortu zenean oso momentu pertsonal zaila bizitzen ari nintzen. Nire ama hil egin zen, eta aurrera egiteko dantza egiteko beharra sentitzen nuen. Horri bueltak ematen hasi nintzen, eta koreografian bertan dantzari guztiok elkarrekin zuhaitz baten itxura sortzen bukatzen dugu. Bamboorekin ere erlazioa dauka, izan ere, banbu kainaberak lur azpian elkartuta egoten dira sustraien bidez. Beraz, ideia asko daude koreografian. Musikak ere tribaltasuna dauka, eta gure arropak marroiak eta berdeak dira, lurra irudikatuz.

Koreografia zuk asmatu zenuen?

Ideia orokorra nirea da, baina hasieran, 2019an, hiru koreografo ginen. Abestia zatikatu, eta bakoitzak bere zatiaren koreografia asmatu zuen. 2022an bi koreografo geratu ginen, eta bion artean moldaketak egin genituen Los Angelesera joateko.

Azkenean, hamalaugarren postua lortu zenuten. Nola baloratzen duzue hori?

Munduko txapelketara bi talde joan daitezke estatu bakoitzetik, beraz, jende pila batek hartzen du parte. Ez da bakarrik zenbatgarren sailkatzen zaren, puntuazioa ere kontuan izan behar da, eta guk oso puntuazio ona lortu genuen. Epaileek ere beraien audioak bidaltzen dizkigute koreografia ikusten dutenean, eta oso balorazio ona lortu genuen. Oso pozik nago egin dugun lanarekin, baina gehien axola zitzaidana zen agertokitik dantzari bakoitza pozik ateratzea, bi urteko lanaren ostean. Hamalaugarren postua ere oso ondo dago, puntu bakar batengatik ez ginen pasa finaletara.

Etorkizunerako zein erronka dituzue?

Lehen aipatu dudan bezala, dantza konpainia bat sortu genuen, eta bira bat egiteko ideia dugu. Orain konpainian soilik hiru interprete daude, Idiotas izeneko ikuskizunarekin. Aurten, dantzari gehiago sartu nahi ditut konpainian, eta antzokietan ordubeteko ikuskizun bat mugitzea da asmoa. Hiru dantzari izan beharrean, hamalau edo hamabost dantzariz osatutako taldeak ikuskizun polita eskaini dezakeela uste dut. Hori da orain esku artean dudan proiekturik handiena.

Dokumentuaren akzioak