Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza, komunikazio tresna gisa

Dokumentuaren akzioak

Dantza, komunikazio tresna gisa

Eklektika eta Dantzaz konpainiak "Mugarriak dantzan" ikusgarria eskainiko dute otsailaren 27an Angeluko Quintaou antzokian. Hiru emanaldiz osatutako ekimenak, Donostia eta Angeluko gazteak taula-gaineratuko ditu. Gazte eta dantzariek hitzen beharrik ez duen artearen bidez, dantzaz, komunikatuko dute.
Egilea
Iurre Bidegain
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2016/02/26
Lotura
Kazeta

"Mugarriak dantzan" ikusgarria, Eklektika eta Dantzaz konpainiaren arteko elkarlanari esker sortu da. Duela hilabete batzuk Gipuzkoako zuzendaria Ipar Euskal Herrira etorri zen, egitasmoa ezagutu eta Angeluko Quintau antzokia bisitatu zuen. Eklektikako komunikazio arduraduna den Ramuntxo Garbisuk, zuzendaria bisita hartatik "liluratua" itzuli zela azaldu du. Hortik goiti egitasmo bateratu bat martxan jartzea erabaki zuten.

"Elkarrekin lantzen ahal genuenaz hausnartu genuen. Ikusi genuen Errenteriako publikoa erakartzen ahal genuela eta gazteekin osatzea erabaki genuen", aipatu du arduradunak. Proiektu bateratua aurkeztu zioten Angeluko Herriko Etxeari eta jarraian aldeko iritzia eman zuen. Halaber, Donostia 2016 egitasmoak bide berdina hartu zuen.

"Mugarriak dantzan" hiru emanaldiz osatua da. Alde batetik, Dantzaz konpainiak "Flash" ikusgarria eskainiko du; Itzik Galili eta Jacek Przybylowicz koreografoek parte hartuko dute. Horrez gain, Judith Argomanizen lana taula gainean ikusten ahalko da: "Gizon Haiek". Bukatzeko, "Leku Berean" ekimena eskainiko dute.

Azken hori, Donostiako eta Angeluko gazteek egindako sorkuntza da. Ramuntxo Garbisuk kontatu duenez, aste honetan Eklektikako sei dantzarik Donostiako Aitor ikastolako hogei bat gazterekin lan egin dute eta gisa berean, beste sei artistek Angeluko Edarra ikastetxeko hamar gazterekin landu dute ikusgarria.

Ezagutza bideratu

Komunikazio arduradunak dantza ikusgarria Benito Lertxundiren kantu batez lagundurik eskainiko dutela iragarri du; baina bi taldeek soinu ezberdinen bidez mugituko dute gorputza. Hau da, donostiarrek Kubako gitarrista baten laguntzarekin dantzatuko dute; angeluarrak berriz, Mohammed Boujal soinujolearekin igoko dira taula gainera. "Erakutsi nahi dugu Euskal Herria inoiz baino politagoa dela gauzak partekatzen dituenean, eta kasu honetan bezala, beste hainbat kultura aterpetzen dituenean", gehitu du.

"Mugarriak dantzan" ikusgarria emanaldi soil bat baino haratago doan proiektua da. "Ezberdintasun linguistikoak ezabatzen dituen artearen" bidez, bi ikastetxeetako gazteen harremanak sustatu dituzte. Halaber, arduradunak esplikatu du otsailaren 22an Angeluko ikasleek Donostian pasa zutela eguna; elkarrekin jan, Tabakalera ezagutu eta beste hainbat ekimen burutzeko aukera izan zutela.

Dantzaz-6
Emanaldia otsailaren 27an eskainiko dute 20.30etan Angeluko Quintau antzokian. ©Eklektika

Dokumentuaren akzioak