Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza jauzien aniztasuna eta batasuna aurrez aurre

Dokumentuaren akzioak

Dantza jauzien aniztasuna eta batasuna aurrez aurre

Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia

Egilea
Itziar Amestoy
Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2010/05/28

Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Beherea, Bearno eta Baztanen dantzatzen den generoa dugu dantza jauziena. Hala ere, eskualde bakoitzean bere ezaugarri, estilo eta dantzaerak ditu eta, ondorioz, izen ezberdinak ere erabili izan dira. Hala ere, mutil-dantzak, mutxikoak, jauziak edo sautsak sistema bera dela ikusi ahal izango da asteburu honetan ospatuko den Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdian. Iruñeko Duguna eta Eibarko Kezka taldeek antolatzen duten ekimen honetan gai baten inguruan dantza estilo ezberdinak batzen dira urtero. «Desberdintasunak baino kultura koreografiko horien guztien arteko antzekotasunak nabarmentzeko ahalegina» egiten dutela azaldu dute. Haien aburuz, folklorea herrien arteko lotura zaharren isla da eta, hortaz, dantzaren bidez Europako eskualdeen artean historian zehar egon diren trukeak ikus daitezke.

Aurreko edizioetan ezpata-dantzak, makil dantzak, arku-dantzak eta karaktere-dantzak jorratu ostean, dantza jauzien urtea izango da aurtengoa. Jaialdiaren aurkezpenean azaldu dutenaren arabera, desagertzeko zorian egon ziren 60ko hamarkada hasieran. Hala ere, ikertzaile eta sustatzaile sorta bati esker sendotzea lortu zuten. Horien artean, Pierre Betti Betelu, Jean Michel Guilcher, Migel Angel Sagaseta, Juan Antonio Urbeltz eta Claude Iruretagoiena aipatu dituzte. Baztan, Bearno eta Ipar Euskal Herria dituzte dantzok berezko gordeleku, baina Euskal Herri osoan hedatu eta errotu dira.

«Euskal dantzen errepertorioan daukagun harribitxi horietako bat da», azaldu du Kezka dantza taldeko kide Oier Araolazak. Haren aburuz, «kanpora eskaintzen den irudia nabarmen hausten duten» dantzak dira, «musikari dagokionez oso aberatsak eta sistema anitzak» dituztenak. Horrez gain, zirkuko dantzak izateagatik eta dituzten egiteko modu eta doinuengatik erakusten duten irudi arkaikoa nabarmendu du Oierrek. Jean Michel Guilcherrek esan zuenez, XIX. mendean hainbat idazlek bat egin zuten jauzien garrantzia nabarmentzen. Bestalde, jaialdiaren antolatzaileek S. Harruguetek 1927. urtean idatzi zuena ere jaso dute. «Dantza guztien artean originalenak, berezienak, zientifikoenak esan genezake, dantza jauziak dira».

Jaialdirako, hortaz, gai paregabea dira, eskualde ezberdinetan aurkitzen baitira. Hori dela eta, Maritxuli konpainiak Lapurdin eta Nafarroa Beherean izan diren eredu ezberdinak erakutsiko dituzte, kasu honetan Aiko taldearen musikak lagunduta. Argia taldeak, bestalde, 60ko hamarkada bukaeran berriz ere Nafarroa Beherean eta Lapurdin ikasitako dantza jauzien tradizioa erakutsiko du. Bearnoko talde bat Ossau bailarako sauts delakoekin arituko da. Luzaideko dantzarien bolantak Nafarroa Garaia eta Behearen arteko mugan dantzatzen diren jauzien erakusgarri izango dira eta, azkenik, Baztango dantzariek mutil-dantzak eskainiko dituzte. «Estilo ezberdin horiek ikusi ahalko ditugu. Horrek sistema bakar batez ari garela ikusteko aukera emango digu», iragarri du Araolazak. Dantzan adituak, bestalde, historikoki parekotasun hau onartuta ez zegoela azaldu du. «Nahiz eta momentu batzuetan pentsatu erabat diferenteak zirela, gaur egun, horren inguruan ikertu dutenek sistema bera direla esan dute, estilo eta aldaerengatik ezberdinduta».

Dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdi hau bi egunetan ospatzen da. Lehenik eta behin, larunbatean Iruñean izango dira. Alde Zaharreko kaleetan zehar kalejira egin ondoren, 18.00etan emango diote hasiera jaialdiari Burgoen plazan. Segidan, gainera, dantzaldi irekia izango da Aiko taldearekin. Hurrengo egunean, Eibarren ospatuko da Ezpalak. Goizez egingo dute jaialdia Untzaga plazan 12.00etatik aurrera. Larunbateko talde guztiak izango dira Eibarren, Luzaideko bolant-dantzariak izan ezik. Aiko taldeak dantzaldi irekia eskainiko du eta, gero, erromeriari hasiera emango diote.

«Errepertorioa ikusita, argi izan genuen ikuskizun zati bat egingo genuela, baina beste zati batek dantza irekitzeko borondatea du», esan du Oierrek. Aiko taldekoekin jarri ziren harremanetan eta dantzaldiak antolatzeaz gain, dantza jauzien inguruan prestatu duen Urraska CD-Liburuaren aurrerapena eskainiko dute.

Ezpalak jaialdiak dantza jauziak landuko dituen urtean Aiko taldea izango da dantzaldietan. Kasualitatez, talde hau «Urraska. Dantza jauziak» CD-liburu-DVDa prestatzen ari zen. «Guretzako oso pozgarria izan da hau», esan du Araolazak. Ekainaren 12an, Durangon Dantzazale Egunaren ospakizunean egingo dute aurkezpena; hala ere, asteburu honetan aurrerapen bat ikusteko aukera egongo da. Aiko Taldeak egin eta Nevada-Renoko (AEB) Eusko Ikaskuntzen Zentroak argitaratuko duen lan pedagogiko-didaktiko bat da. Jauziei eskainitako CD-liburu honek 70eko hamarkadan Miguel Angel Sagasetak Luzaide inguruan bildutako jauzien errepertorio osoaren interpretazio musikala eskaintzen du. Oierren aburuz, musikologiaren aldetik oso ekarpen interesgarria da: «Urte dexenteko ikerketa baten ondorioa da. Musiken interpretazioa eta berreskuratutako piezak daude. Materiala oso eskura jarriko dute, partiturak eta dokumentazio askorekin». Aiko taldeak urtero egiten duen Dantzaldi Ibiltaria Egunaren edizio berezia dauka esku artean: «Jauzien errepertorioan oinarrituko da eta jauziak dantzatzeko era ezberdinak ikusteko aukera izango dugu, baita jauzi `guztiak' dantzatzeko erronka ere bai».

Dokumentuaren akzioak