Dokumentuaren akzioak
Dantza jantzi berriak, iraganetik ekarriak
Zuberoan tradizioa hunkitzen delarik, berritzen delarik, kontrako bozak altxatzea gerta liteke. Hala izan da iaz egin zituzten aitzindarien —Zuberoako dantzako bost pertsonaia nagusiak— jantzi berriekin ere. Zuberoako herri elkargoak bultzaturik, Erramun Garcia Zabalegik diseinatu eta dendariek egin zituzten arropak erabiltzen ditu orain Ezpeizeko dantza taldeak.
Diseinatzailearena izan zen hasierako ideia, Garcia Zabalegik ikusten baitzuen bere iduriko jantziekiko «errespetu gutxi» bazutela dantzariek: «Badira urteak ari naizela dantza talde batean, eta guretzat jantzitegia beti oinarrizkoa izan da. Errespetu izugarria ukan diogu beti. Gure taldean behin jantzia zarenean, ezin zara ezta eseri ere, jantziak ez izorratzeko. Han [Zuberoan] ikusten nuen jendea jantziekin beren burua lurrera botatzen, txapelak airean… ». Bestalde, haren ustez jantziek «itxura galdua dute urteen poderioz». Hortik jin zen beraz berritzeko ideia, baina 1920 inguruko argazkietatik abiatuz.
Polemika jantzien inguruan
«Herri elkargoaren helburua da jendeen juntatzea eta elkarrekin lanean ariaraztea», Allande Sokarros kultur batzordeko kidearen erranetan. Baina, oraingoz, horretan utziko dutela dio, «gauzak ez minberatzeko». Jantziak agertzearekin batera zenbait kritika ere entzun baitziren. Bi dantza talde nagusietako (Aitzindariak eta Xiberoko Zohardia) kide batzuek haien iritziak kontuan hartu gabe egin zirela salatu zuten, baina parean hori gezurra dela diote… Eztabaida horretan sartzea antzua litzateke.
Dena den, bada jantziak «ederrak » direla onarturik ere «dantzari batek janztean ez direla hain ontsa» gehitzen duenik ere, hala nola Jean Etxegoien Xiberoko Zohardiako dantza irakaslea. «Gonak ez dira irekitzen dantzatzean, oihal pezuak dira; itsusiak iduri zaizkit dantzariek janzten dituztelarik. Estetikoki bai, ederrak dira; ez da alderantzizkoa erraten ahal».
Dendarien artean tailerrak abiatu ziren jantzi horiek prestatzeko, baina asmo gehiago ere bazen. «Urtero pastoralarentzat, hainbat herritan ehunetik gora jantzi egiten dira. Badira urteak esaten dudala Maulen egoitza batean bildu behar liratekeela jantzi horiek guztiak, jantzien fondo bat sortzeko». Garcia Zabalegiren ideia gauzatzekotan, denbora iragan beharko da, oraingoz ez baita giro. Anartean, Ezpeizen baliatzen dituzte jantzi berrituak.
Dokumentuaren akzioak