Dokumentuaren akzioak
Dantza izarrak hartuko ditu Gaiarrek
Kanpoan ari diren dantzari nafarren lana erakutsi nahi du Gaiarre Udal Fundazioaren ekimenak
Dantza izarrak ekimenaren helburua iaz abian jarri zutenean kanpoan lanean ari diren Nafarroako dantzariak biltzea izan zen. Xede horri eutsi diote aurten, baina dantzari nafarrak ez dira oholtza gainera igoko diren bakarrak: aurten nazioarteko hainbat konpainiatako kideak ere bilduko ditu jaialdiak agertoki berean.
Iaz bezala, dantza klasikoa, garaikidea eta flamenkoa izanen dira jaialdiko protagonista. Dantzariei dagokienez, ordea, berria izanen da aurtengo taldea, kide bat izan ezik: iaz bezala, Lucia Lakarrak eta haren bikotekide Cyril Pierrek eskainiko dute dantza klasikoaren baitan San Frantziskoko Baletarekin egiten duten lanaren lagin bat. Lakarrak eta Pierrek arrakasta itzela lortu zuten iazko jaialdian, eta aurten ere egitarauan egon behar zutela erabaki dute antolatzaileek.
Klasikoaren esparruan ari den beste bikote bat ere izanen da Iruñeko Gaiarre antzokian: Ruth Mirok eta Carlos Lopezek osatutakoa, alegia. Miro Victor Ullateren baleteko kide da, eta, Lopez, berriz, American Balleteko dantzaria.
Garaikidea eta flamenkoa ere bai
Dantza garaikideari dagokionez, luzeagoa da partaideen zerrenda: 10&10 konpainiako Monica Runde eta Pedro Berdayes, eta Elena Lizari, Marta Sainz eta Beatriz Uhalte nafarrak. Uhalte Suitzan ari da ikasten, Maurice Bejarten eskolan, Nafarroako Gobernuaren bekarekin. Lizari, dantzari ez ezik, koreografo independentea ere bada eta Sainz, berriz, Madrilgo Aracaladanza konpainiako kide. Hamar minutu inguruko piezak eskainiko dituzte dantzariok Gaiarre antzokian.
Flamenkoari ere tarte egin diote Dantza izarrak ikuskizunean. Aurten, Beatriz Martin igoko da Gaiarre antzokiko oholtzara, bere taldeko musikariekin batera.
Marta Sainz eta Elena Lizari, etxetik kanpo bidea egiten esperientziaren ahotsa.
Nafarroatik alde egitea aukera baino gehiago beharra dela azpimarratu dute bi dantzari garaikideok
Dantza ikusteko aukera gutxi dago Nafarroan. Dantza izarrak jaialdia antolatzen hasi arte, Eszena izaten zen urteko hitzordu ia bakarra diziplina horrekin. Azpiegitura falta aipatzen dute gure herrialdeko dantzariek Nafarroa utzi eta Bartzelona, Madril edo Europako beste hiritara jotzen dutenean: eskola falta, programazio egonkorrik ez, eta konpainia gutxi.
Nafarroatik at lanean ari diren dantzarien artean daude Marta Sainz eta Elena Lizari. 25 urte ditu lehenak, 34 bigarrenak. Ibilbide ezberdina, baina ezaugarri komun ugari, aldi berean.
Sainz Madrilgo Aracaladanza konpainiako kide da. Iruñean hasi zituen dantza klasikoko ikasketak, Almudena Lobonekin, eta, ondoren, Londresera joan zen, dantza garaikideko ikasketekin jarraitzera. Handik bueltan Madrilera joatea erabaki zuen, eta han daramatza hiru urte, Aracaladanzarekin haurrentzako dantza garaikideko ikuskizunak egiten.
«Dantzari izatea da barruak eskatzen didana; hau da maite dudana. Agertokira ateratzean sentitzen dudana da lanbide honen alderdi ilun guztiak ahanztarazten didana», erran digu Sainzek. Dantzari gutxik dute dantzari esker bizitzeko aukera, bere ustez, eta gainontzekoek, «bizirik irautearekin konformatu» behar dute.
20 urte luze daramatza Sainzek dantzaren munduan murgildua, eta argi du, klasikoak eman dion diziplina eta lanerako gaitasuna ahaztu gabe, garaikidea dela gogobetetzen duen estiloa. «Klasikoaren hizkuntza aldez aurretik zehaztua da; garaikidean, egunero sortzen da hizkuntza berri bat». Gaiarren dantzatu ondoren, Madrilera itzuliko da. Bere konpainiarekin Visto y no visto estreinatuko du otsailean, haurrentzat.
Garaikidea, esparru zabala
Elena Lizari, dantzari ez ezik, koreografo eta irakasle ere bada. Nafarroako dantzariak ikuskizun berean biltzeko ideia ez zaio txarra iruditzen, baina nafarrek gure herrialdetik zergatik alde egiten duten galdetu beharko litzatekeela azpimarratu du. «Hemen ez dagoelako deus. Ongi dago kanpora ateratzea, baina aukera izan beharko luke, ez nahitaezkoa».
Bartzelona eta Amsterdamen artean egiten du lan, dantza garaikidearen esparruan. «Esparru zabala da, egun egiten den guztia biltzen baitu bere baitan», azpimarratu du. Dantza garaikideak antzerkiko eta beste diziplina batzuetako elementuak bereganatu dituela nabarmendu eta ontzat eman du hori Lizarik, baina ez du uste egun egiten den guztiari dantza garaikidea erran beharko litzaiokeenik.
Iritzi berekoa da Sainz, eta dantza garaikidearen barruan egin diren esperimentuek publikoa aldendu dutela uste du. «Horregatik da hain garrantzitsua haurrekin lan egitea. Haiek dira gure etorkizuna».
Dokumentuaren akzioak